FIRST LEGO League Euskadi programaren hamazazpigarren edizioaren finala izan da gaurBilbon, Donostian, Arrasaten eta Gasteizen, eta, beste behin, dibertsioa eta jakintza zientifiko-teknologikoa nagusitu dira egoitza guztietan. Deustoko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak eta Euskal Herriko Unibertsitateak, Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin elkarl,anean antolatutako egoitza anitzeko torneoan 68 ikastetxetako 1.700 ikasle bildu dira guztira aipatutako egoitzetan, 205 taldetan banatuta, zientziaren eta teknologiaren hitzordu handi honekin bat eginik.
Aurtengo erronka UNEARTHED izan da (Lurpetik azalera), eta arkeologia izan da ardatz. Hala, erronka horretatik abiatuta, Espainia eta nazioarte mailako erreferentziazko hezkuntza-programa honek 6 eta 16 urte bitarteko gazteen sormena estimulatzea lortu du STEM arloen bidez (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Artea eta Matematika, ingelesezko sigletan).
FIRST LEGO League Euskadi programaren 17. edizio honetan irabazi duten bederatzi taldeek Espainiako finalean hartuko dute parte apirilaren 11n Burgosen. Han, beren berrikuntza-proiektuak aurkeztuko dituzte, eta lantalde irabazleen robotek lehian jardungo dute Houstonen (AEB) egingo den munduko finalerako txartela lortzeko. Apirilaren 29tik maiatzaren 2ra izango da mundu mailako final hori.
Edizio honetako talde irabazleak ikastetxe hauetako ordezkariak izan dira: Begoñazpi Ikastolakoak (Bilbo); Madre de Dios Ikastetxekoak (Bilbo); Axular Lizeoa Kooperatiba Elkartekoak (Donostia); STEM Toki – Edurobotic-ekoak (Portugalete); Bera Kruz Ikastolakoak (Markina-Xemein); Nclic Shakespeare, NClic-ekoa (Vitoria-Gasteiz); talde librea (Vitoria-Gasteiz); eta Tecnoclub Elburgokoak (Elburgo).
Haien berrikuntza-proiektuek honelako soluzioak eman dizkiete aurtengo erronkari: muntaketa errazeko azpiegiturak, hornidura-autonomiarekin eta langileak babesteko prebentzio-sistema integratuekin; barrunbeak ikuskatu, 3D ereduak sortu eta kobazuloaren egonkortasuna zein interes arkeologikoa baloratzeko gai diren robotak; lurrean ezkutatutako objektu arkeologikoak adimen artifizialaren bidez automatikoki detektatu eta bereizten dituen baheketa robotizatu bat, eta indusketetan arkeologoen lana errazteko exoeskeleto bat; indusketetan arkeologiako profesionalen osasun posturala hobetzeko irtenbide berritzaile bat; indusketa arkeologikoetan ingurumen-inpaktua minimizatzeko soluzio bat; eta aurkikuntza arkeologikoak detektatu eta haien kokapen zehatza markatzeko robot autonomo bat.
Antolatzaileek torneo honetan lagundu duten 300 boluntarioen parte-hartzea eskertu dute, haiek gabe ezingo baitzen egin, baita babesleen konpromisoa ere. Aurten Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza Sailak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek, Ingeniera Soy Elkarteak eta egoitza bakoitzeko babesleek babestu eta lagundu dute ekimena. Euskadiko 43 entitatek babesten dute programa, horien artean hainbat enpresak, unibertsitatek, ikerketa-zentrok eta erakundek. Erakunde horien guztien konpromisoa da ikasleen artean karrera zientifiko-teknologikoekiko interesa eta haiei loturiko gaitasunak sustatzea: berrikuntza, esperimentazioa, pentsamendu kritikoa, talde-lana eta sormena, besteak beste.




