Incotecek, I+G+b arloko finantza-kudeaketan espezializatuta dagoen aholkularitza-enpresak, bat egin du Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentzia osatzen duten 910 bazkide baino gehiagorekin. “Guretzat garrantzitsua da gauzak gertatzen diren tokian egotea.Dagoeneko Innobasque ezagutzen genuen, urteak daramatzagulako beste erakunde bazkide batzuekin lanean, baina uste dugu orain berrikuntza-ekosistemarekin bat egiteko unea iritsi zaigula.Gainera, guretzat Euskadin ditugun sustraiak finkatzeko modua izan da, 25 urte daramatzagulako jarduten”azaldu du Iparraldeko Banaketako Negozioen Garapeneko arduradun Anxo Vidalek.

 “Gure helburua da gure bezeroen berrikuntza-proiektuei bultzada ematen laguntzea, arlo horretan inbertsioen ahalik eta itzulkin handiena lor dezaten saiatzea. Hasiera batean, laguntza publikoak eta zerga-kenkariak soilik kudeatuz egiten genuen, baina zerbitzu berriak gehituz joan gara, bezeroen premietara egokituz (hala nola, energia-aurrezkien ziurtagiriak) edo tresna berriak agertu ahala, esate baterako, I+G+b arloko zerga-kenkariak beste konpainia bati saltzeko aukera (“tax lease”)”, adierazi du Vidalek.

 “Laguntzaren bat jaso dezakeela badakien edozein enpresak jo dezake guregana, baina, gure ustez, balio handiena eskaintzen dugu negozio-plana egiten dutenetik gure laguntza dutenean. Hain zuzen ere, une horretan baitakigu nora iritsi nahi duen bezeroak, zein den bere plan estrategikoa, zein inbertsio egin nahi dituen… Aipatu dudan moduan, gure eginkizuna da berrikuntzak (batzuetan aholkularitza-enpresek iradokitakoak) ezartzeko finantzaketa erraztea, eta hori errazagoa da xehetasun horiek ezagutzen ditugunean, behar-beharrezko lankidea garenean. Hortik abiatuta, zaintza ezartzen dugu, ateratzen diren eta interesekoak izan daitezkeen laguntzak garaiz detektatzeko. Bestela esanda, bezeroa ondo ulertzeak aurrea hartzeko aukera ematen digu”, azpimarratu du.

Zerbitzu-katalogoaz gain, haien bezero-zorroa ere egokituz joan da aldaketa ekonomikoez beteriko 25 urte hauetan. “Talde sortzaileak automozioaren sektorea zuen jatorri; hortaz, hasieran hori zen gure ardatza. Gero, fokua industria osora ireki genuen, beranduago zerbitzu teknologikoak ematen dituzten enpresak gehitu genituen; orain “startup” askorekin egiten dugu lan, eta heltze-prozesu osoan zehar laguntzen diegu, negozio-plana egitetik finantzaketa-txandak ireki arte”, azaldu du Vidalek.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago

Agencia Vasca de la Innovación, Innobasque
Pribatutasunaren laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaile-esperientziarik onena eskaini ahal izateko. Cookieei buruzko informazioa zure nabigatzailean gordetzen da, eta gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzeko edo gure ekipoari webguneko zein atal aurkitzen dituzun interesgarrienak eta erabilgarrienak ulertzen laguntzeko funtzioak betetzen ditu.