Apirilak 10, 2024
Duela egun batzuk, Geoffrey Hinton informatikari britainiarrak eskola magistral bat eman zuen Toronton. Turing Saria (informatikako Nobel saria) jasotakoa da Hinton jauna, eta galdera hauxe egin zuen: adimen artifizialak adimen biologikoa ordeztuko al du?. Saio horretatik, hainbat gai nabarmendu daitezke. Azpimarratzekoa da zer-nolako zuhurtzia eta kontua agertzen duen informatikari ezagunak Adimen Artifizialak gure bizitzan izan dezakeen inpaktuaren dimentsioa ulertzeko. Geoffrey Hintonek, Adimen Artifizialaren aitabitxietako batek, duela urtebete inguru utzi zuen Google; haren iritziz, giza jardunarekiko bereizezina da teknologia hori, eta Google ez zen behar besteko etikarekin lantzen ari.
Hala ere, haren eskolaren tesi nagusia hauxe izan zen: adimen digitala terminoak hobeto azaltzen du gaur egun duguna adimen artifiziala kontzeptuak baino. Digitalak, haren esanetan, energia gehiago kontsumitzen du (askotan aipatzen da energiaren gaia, baina gutxi sakontzen da hari buruz), Hain zuzen, azken aldiko ikerketen arabera, bidaltzen dugun prompt (argibide) bakoitzak litro erdi ur kontsumitzen du, prozesatu beharreko datu bolumen handiak sortzen duen beroa disipatzeko. Gaur egun konputaziorako dagoen gaitasunari esker, makinek denbora gutxi behar dute, baina horrek ez du esan nahi ez direnik milioika datu prozesatzen. Bestalde, makina astun eta kontsumitzaile horiek, hobeto lan egiten dute taldean, guk baino hobeto partekatzen dutelako informazioa. Gizakiok, eboluzioarekin lotura duten kontuengatik, zenbaitetan egoagatik edo umiltasun faltagatik, ez dugu pizgarririk informazioa partekatzeko. Makina horiek, gainera, oso azkar partekatzen dute informazioa. Bi adimen bereizezin horiei buruz beste konparazio hau ere egin zuen Hintonek: hardwarearen (giza gorputza) eta softwarearen artean dagoen analogia. Hiltzen garenean, giza gorputza eta garuna joan egiten dira. Adimen digitalean, hardwarea “hil” daiteke, baina jakintzak (softwarea) iraun egiten du. Azkenik, informatikari adituak gogorarazi zigun egunero ari garela makinen haluzinazioak kritikatzen, baina gizakiok ere izan baditugula. Oroitzapenak eraikitzen ditugu, eta memoriak jukutria gaiztoak egiten dizkigu. Munduari buruzko gure ikuskera berresten laguntzen digun informazio baliogabea edo okerra oroitzen dugu, eta, alde horretatik, gu ere haluzinazioen transmititzaileak gara.
Azken batean, adimen digitalak, informatikako esparru gisa, gizakion antzera ikasteko, arrazoitzeko eta hautemateko gai diren sistemak sortzea du helburu. Adimen hori bi familiatan bana dezakegu: diskriminatzailea eta sortzailea. Adimen artifizial diskriminatzailearen ardatzak sailkatzea eta iragartzea dira. Dagoeneko metodo klasikoa esan diezaiokegu horri. Dedukzio-prozesu bat da: datu-gorputz luzeetatik ondorio batera iristen gara. Adimen artifizial sortzailearen ardatza, berriz, eduki berria sortzea da (testuak, irudiak, musika eta bideoak) eskabide jakin batean oinarrituta. Induktiboa da. Pentsamendu isolatu batetik abiatuta edukia sortzeko gaitasun hori gizakion berezko gaitasuna izan da historikoki. Arrazoiketa deduktiboaren bidez ebatzi beharreko problemak ez dira horrenbeste. Gizakiok ebazten ditugun gehienak induktiboak dira. Adibidez, jo ditzagun zeregin hauek: plan estrategiko bat diseinatzea, merkatu-aukera berriak aurkitzea, fabrikazio industrialeko planta baten diseinua hobetzea edo azken bazterrera iritsiko den banaketa logistikorako prozesu optimoa bilatzea. Erronka induktiboak dira guztiak, eta AA Sortzailea lagungarri izan dezakegu horietan. Hala, helburu orokorreko teknologia berri hori eremu horiek gainditzen ari da, eta gaitasuna erakusten ari da inoiz ikertu ez ditugun proteina berriak sortzeko, ikasle-profil baten onena ateratzen lagundu dezaketen metodo didaktikoak pertsonalizatzeko eta ingurumenaren kontserbazioan soluzio berritzaileak garatzeko.
Lehen ikerketen arabera, AAk denbora asko aurrezten lagun diezaguke, %30 eta 50 artean. Produktibitate eta sorkuntza aldetik eraldaketa nabarmena da. Hala, aukera izango dugu, azkenik, giza balio handiagoa duten zereginetan arreta jartzeko: alegia, soluzio ezagunik ez duten ingurune abstraktuetan edo zalantzazkoetan pentsatzeko.