Ekainak 25, 2025

Datuak, adimen artifiziala, berrikuntza… denak gabiltza gai horien inguruan hizketan. Baina, galdetzen al diogu gure buruari gizakiok –ez makinek– nola interpretatzen dugun informazio hori? Nola erantzuten dugun alerta baten aurrean? Zerk mugiarazten gaituen ekitera, aurre hartzera, eraldatzera?

Badakigu emozioen ahalmena askoz handiagoa dela txostenena baino. Irudi batek ehun dashboard-ek baino balio handiagoa duela. Isuri kognitiboek, nekeak edo emozioen testuinguruak eragin sakona dutela gure erabakietan eta erabakiak hartzeko moduan. Eta, hala ere, zaintza estrategikorako diseinatzen ditugun sistemak datuetan oinarrituta daude, eta ez pertsonetan. Neurozientziarik gabeko berrikuntza emoziorik gabeko marketina bezala da.

Innguman uste dugu garaia dela hori aldatzeko. Emozio aldetik adimentsua izango den zaintza proposatzen dugu, neurozientziaren printzipioak oinarrian direla. Izan ere, erakunde arinagoak, berritzaileagoak eta gizatiarragoak nahi baditugu, garunera egokituko diren teknologiak behar ditugu… eta ez alderantziz.

Horrek, praktikan, esan nahi du zaintza-sistemek ahalmena izan behar dutela alertak erabiltzailearen karga kognitiboaren arabera lehenesteko, informazioa ikusi eta ulertzeko moduko narrazioen bidez aurkezteko, lantalde bat gainezka dagoela eta zarata gehiago beharrean isiltasuna behar duela detektatzeko, eta lanbide profil bakoitzak inguruneko seinaleak nola jasotzen dituen pertsonalizatzeko. Eta esan nahi du, orobat, ulertu egin behar dela inpaktu guztiak ez direla datuen bolumenaren ondorio, baizik eta datuak gure memoriarekin, arretarekin eta emozioekin konektatzeko moduaren ondorio. Etorkizuneko zaintza estrategikoa adimentsuagoa ez ezik enpatikoagoa ere bada.

 Prest gaude beste era batera behatzeko? Berrikuntzan neurozientzia aplikatzea ez da bitxikeria bat. Behar bat da. Izan ere, ingurunea gero eta azkarrago aldatzen ari bada, gure liderrek gehiago ez ezik hobeto ikusi behar dute gertatzen ari dena. Eta horretarako, trebatu egin behar da arreta, isiltasunezko guneak sortu behar dira eta pertsonen unean uneko egoera mentala errespetatuko duten tresnak diseinatu behar dira.

Zaintza estrategikoak ez luke beste karga bat izan behar. Burbuila argi, humano eta erabilgarri bat izan beharko luke. Eta horretarako, kanporantz begiratu behar dugu, bai, baina baita barrurantz ere. Berritzea, finean, ekintza oso-oso humanoa da. Egin dezagun buruz. Eta bihotzez.

Partekatu albiste hau

Eneko

Arza

CEO
INNGUMA

Hurrengo ekitaldiak