INNOBASQUE, 2025eko ustailaren 18a. Inoizko arrisku konbinazio bati aurre egin beharrean da Europa, eta, erronka handia da hori kontinente zaharraren erantzuteko eta aurre hartzeko ahalmenarentzat. Arrisku horiek, gainera, berrelikatu egiten dira, eta ondorioak katean-katean eratortzen dira, gure bizitzaren alderdi guztietan –kohesio sozialaren alderdi kritikoenetan, hornidura-kateetan edota osasun-sistemetan, besteak beste– eragina duten ondorioak, hain zuzen. ‘Innobasque Joerak’ buletinaren hilabete honetako zenbakiak ‘Analysis of Risks Europe is Facing’ azken txostenaren ondorioak aztertzen ditu. Lan horretan, Europako Batzordeko Joint Research Centre erakundeak proposatzen du, beste zenbait ekarpenen artean, arrisku horien kudeaketan prospektiba-metodoak txertatzea.
Zenbaki honetako beste bi erreportajeetan arrisku horietako bat da aztergai: burujabetza teknologikoaren pixkanakako galera. Lehen lanak erakusten du zer ondorio izan ditzakeen Europar Batasunetik kanpoko erraldoiekiko mendekotasunak; izan ere, horietako batzuek gaitasuna agertu dute Europako erakunde nagusietako batzuen funtzionamenduan ere eragiteko. Horrela erakutsi du, adibidez, Microsoft konpainiak, Karim Khan Nazioarteko Zigor Gorteko fiskalburuaren posta elektronikoa blokeatu baitu, Trumpen administrazioak ezarritako zigorrak betez. Beste erreportajean, Txinak fusio-energiaren teknologia eta hornidura-kateak garatzeko eta arlo horretan lidergoa eskuratzeko egin dituen aurrerapausoak aztertzen dira. Fusio-energiaren faktorea herrialde bakarraren esku geratuz gero, oreka geopolitiko globala eralda dezakeela ondorioztatzen da lan horretan.
Harremanetarako:
Olalla Alonso / T. 652 728 014 / [email protected]
Ana Larizgoitia / T. 656 788 328 / [email protected]