INNOBASQUE, 2025eko azaroaren 21. Globalizazioaren prozesua galgatzen eta atzera egiten ari al da? Joera aldaketa horrek zer erronka sor ditzake Europan? ‘Innobasque Joerak’ buletinaren azken zenbakian jorratzen diren hiru erronkek ez diote sektore edo teknologia bakar bati eragiten; aitzitik, gizarte osoa zeharkatzen dute. Lehen erronka, nazioarteko merkataritzan gertatzen ari den eraldaketa handiaren eraginari loturikoa da.
Hainbat hamarkadatan gero eta irekiera eta liberalizazio handiagoa izan ondoren, gaur egun norgehiagoka geoteknoekonomiko bat sortzen ari da. Segurtasunari, autonomiari eta aurrez aurrekoari loturiko irizpideak indarra hartzen ari dira eraginkortasun globaleko logikaren aurrean, eta joko-arauak birdefinitzea ekar dezake horrek. Eta ez harreman komertzialei dagokienean bakarrik. “Desglobalizazioak” (edo globalizazioaren berregituratzeak) ondorio zuzenak ditu ekonomia aurreratuen berrikuntza- eta lehiakortasun-ereduan ere.
Aurretik ezagunak ziren erronkei beste hau gehitu zaie orain, eta guztiak jorratzen dira buletinean. Berrikuntzaren Euskal Agentziaren hileroko agerkari horretan aztertzen dira azken joera teknologikoak, zientifikoak eta sozialak, agentziako bazkide diren entitateetako adituek sinatutako artikuluen bidez. Haietako bat gero eta presenteago dago gure eguneroko bizimoduko hainbat alderditan: klima aldaketa, zeina azkarrago ari den aurrera egiten hura geldiarazteko ekintza adostuak baino. ‘State of Climate Action’ txostenaren arabera, krisi horren aurkako ekintza globalean zehazten diren adierazle giltzarri bakar bat ere ez dago lerrokatuta berotze globala 1,5 °C-ra mugatzeko helburuarekin. Zer beste akordio hitzartu behar da orduan?
Buletinaren azken zenbakian jorratzen den hirugarren erronka handia osasun arlokoa da, eta ospitale-inguruneetako kezka nagusietako bati loturik dago: superbakterioak ere azkarragoak dira gure erantzuna baino. OMEk teknologian jarria du itxaropena, eta soluzio berrietan inbertitzea galdegin du, hala nola azken belaunaldiko antibiotikoetan, diagnostiko azkarretan eta datu eta AAn oinarritutako zaintzan, horien bidez mikrobioen aurkako erresistentzian antzemandako goranzko joerari buelta emateko; izan ere, azken bost urteetan %40 handitu da erresistentzia hori.




