• Proposamenak aurkezteko epea irekita egongo da irailaren 22ra arte. Hautatutako esperientziak Global Innovation Day 2025 ekitaldiko programa ofizialean jasoko dira, Euskadin zientziak berrikuntzan duen eragina erakusteko adibide aipagarri gisa
  • Deialdia zuzenduta dago ezagutza zientifiko-teknologikoaren eta inpaktu erreala duen aplikazio praktikoaren arteko lotura argia eta egiaztagarria duten proiektuetan parte hartutako erakundeetara, publikoak zein pribatuak, tamaina edo sektorea edozein dela ere
  • Global Innovation Day ekitaldiaren hamalaugarren edizioa azaroaren 5ean izango da, Donostian. Aurten ere, ekitaldiak berrikuntzaren euskal ekosistemako enpresa, erakunde eta eragile nabarmenak bilduko ditu, eta edizio honen ardatza ezagutzaren transferentziak eraldaketaren eta lehiakortasunaren eragile gisa duen balioa izango da

INNOBASQUE, 2025eko uztailaren 30a. Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak, aurten ere, Euskadin garatutako berrikuntza-kasu praktikoak aurkezteko deialdia egin du, Euskadi berrikuntza handiko eskualde gisa duen balioa zabaldu eta indartzeko erreferentziazko topaketa den Global Innovation Day ekitaldian parte har dezaten.

Foru horrek urtero euskal ekosistemako enpresa eta eragile gakoak biltzen ditu, eta hamalaugarren edizioa azaroaren 5ean izango da, Donostian. Aurten, “Zientziatik berrikuntzara” lelopean, ekitaldiaren ardatza zientziak, ezagutza berria sortzen duen aldetik, inpaktu nabarmena duten berrikuntzen eragile gisa duen balioa izango da.

Horretarako, hamalaugarren edizio honetako kasu praktikoen deialdiaren xedea da modu argi eta egiaztagarrian ezagutza zientifiko-teknologikoaren eta aplikazio praktikoaren arteko lotura agerian uzten duten esperientzia errealak identifikatzea; balioa sortu duten produktu, zerbitzu, prozesu edo antolamendu-ereduak izan daitezke.

Hautatutako proposamenak 2025eko Global Innovation Day ekitaldiko protagonistak izango dira, eta jardunaldiko programa ofizialean txertatuko dira Euskadin zientziaren eta berrikuntzaren loturaren eredu diren kasu inspiratzaile gisa.

Sektore guztiei zuzendua

Deialdia zuzenduta dago zientzia eta berrikuntzaren arteko lotura argia eta egiaztagarria den ekimenetan parte hartu duten erakunde guztietara, publikoak zein pribatuak izan, tamaina edo sektorea edozein dela ere.

Helburua da aurkikuntza, ikerketa-ildo, garapen esperimental edo inguruneko premia jakin batek balioa sortu duen eta egiazta daitekeen inpaktu sozial, ekonomikoa, ingurumenekoa edo instituzionala sortu duen produktu, prozesu edo antolamendu-eredu bat ekarri duten esperientziak islatzea.

Deialdiak barne hartzen ditu aurretiazko ikerketa batetik abiatzen diren nahiz ingurunean detektatutako premia baten ondorioz ikerketa aplikatuko prozesuak edo ezagutzaren baterako sorkuntza eragin duten kasuak.

Proposamenek ingurune errealetan baliozkotuak izateko moduko heldutasun‑maila eduki behar dute. Gehiago baloratuko dira Euskadin garatu direnak edo, lurraldetik kanpo sustatu direnen kasuan, euskal ekosistemara transferitu eta bertan eredu gisa edo inspirazio gisa erabili ahal direnak.

Hautagaitzak aurkezteko epea irekita egongo da irailaren 22ra arte. Proposamenen ebaluazioa urriaren 17an amaituko da, eta urriaren 20ra arte jakinarazpenak bidaliko zaizkie hautatutako kasuei.

Erakunde interesdunek hautagaitza bakarra edo gehiago aurkeztu ahalko dituzte. Horretarako, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren webgunean eskura dagoen inprimakia deskargatu eta behar bezala beteta bidali beharko dute [email protected] helbide elektronikora.

Harremanetarako

Ana Larizgoitia

656 788 328 / [email protected]

Partekatu albiste hau