- Deustuko Unibertsitatean egindako jardunaldia etikak erakundeetan erabaki estrategikoak hartzeko duen eginkizunari buruzko hausnarketarako topagunea izan zen
- Topaketa, halaber, Eneko Astigarragak, Rodrigo Dal Borgok eta Ibon Zugastik, prospektiban adituak eta innobasque aditu sarearen kideak, egindako “Planificación de Escenarios en la Empresa: una mirada ética” argitalpena aurkezteko esparrua izan zen. Argitalpen horrek enpresa testuinguru konplexuetako agertokien plangintzarako hurbilketa etiko eta praktikoa proposatzen du
INNOBASQUE, 2025eko maiatzaren 9a. Deustuko Unibertsitateak eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak jardunaldi bat egin dute, eta, bertan, agertokien plangintzak enpresen kultura etikoa aldaketa bizkorreko testuinguruetan birpentsatzen nola lagun dezakeen aztertu dute.
Ekitaldiaren hasiera Ane Ferrán Zubillaga Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko dekanoak eta Leire Bilbao Innobasqueko zuzendari nagusiak eman dute.
Dekanoak ziurgabetasuna “zentzuz eta erantzukizunez” nabigatzea ahalbidetuko duten tresnen beharra nabarmendu du. Ingurune hegazkor eta anbiguo gisa deskribatu duen ingurune batean, Ferranek azpimarratu du beharrezkoa dela “etorkizun posibleei buruz kolektiboki pentsatzea eta gaur egun eraiki nahi dugun etorkizunarekin lerrokatuta dauden erabakiak hartzea”, kontzeptuen azterketara mugatu beharrean ekintza eraldatzaile bihurtuko den etika konprometitua defendatuz.
Bestalde, Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusi Leire Bilbaok prospektibaren balio estrategikoan jarri du arreta, Innobasquek urteak baitaramatza esparru horretan lanean, “erabat zalantzazkoa, anbiguoa eta sistemikoki konektatua” dagoen mundu baten aurrean. Bere hitzaldian azpimarratu duenez, “etorkizun onargarriak irudikatzea ez da soilik aurrea hartzeko ariketa bat, baizik eta gure antolaketa sinesmenak alderatzeko eta kultura etiko erresilienteagoa birdiseinatzeko modu bat ere bada. Etorkizuna ez da aurreikusten, diseinatu egiten da; etika agertokien plangintzan txertatzea funtsezkoa da erronkei modu justu eta jasangarrian aurre egiteko”, aldarrikatu du zuzendari nagusiak.
Ondoren, Deustuko Unibertsitateko Etika Aplikatuko Zentroko zuzendari Javier Martínez Contrerasek inaugurazio hitzaldi bat eskaini du. Bertan, Deustuko Unibertsitateko Enpresa Etikako CEA liburutegiaren bosgarren liburukia aurkeztu du, topaketa honen esparruan aurkeztua: “Planificación de Escenarios en la Empresa: una mirada ética”, prospektiba estrategikoko adituek eta Innobasque arloko Adituen sareko kide Eneko Astigarragak, Rodrigo Dal Borgok eta Ibon Zugastik sinatua.
Ildo horretan, Javier Martinezek etikaren aplikazioa sartu du enpresaren testuinguruan, eta “elementu apaingarria izatetik urrun, erakunde bakoitzaren nortasuna ebatzi behar du. Etika arau-esparru bat baino askoz gehiago da, etorkizun desiragarri eta iraunkorrak eraikitzeko tresna zehatz bat da”, defendatu du. Ohartarazi duenez, haren eraikuntza “ez da egun bateko lorea, arrazonamendutik abiatu behar den ibilbidea da, uste sendo batean amaituko duten atxikimenduak sortzetik eta izate modu batean lurreratzetik”.
Agertokiak, tresna estrategikoa
Ondoren, argitalpenaren hiru egileek mahai-inguru batean parte hartu dute, Peru Sasia Etika Emoresarialeko CEA liburutegiko zuzendari eta Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko dekanordeak moderatuta, “Planificación de Escenarios en la Empresa: una mirada ética” aurkezteko. Deustuko Unibertsitateak argitaratutako lanak ikuspegi etiko eta sistemikotik agertokien plangintzarako hurbilketa praktiko eta hausnartua proposatzen du, erakundeei testuinguru konplexu eta aldakorretan jarduteko tresnak eskaintzeko.
Obran azaltzen denez, agertokien plangintzaren helburua ez da etorkizuna aurreikustea, baizik eta testuinguru onargarri desberdinak irudikatzea – desiragarriak zein desafiatzaileak – eta erakundeei erabaki sendoagoak hartzen laguntzea.
Ildo horretan, Rodrigo Dal Borgok zehaztu du tresna horrek helburu argia eta erabilgarritasun praktiko eta ukigarria izan behar duela. “Agertokiak planifikatzeko orduan, kontuan hartu behar da norentzat eta zein helbururekin eraikitzen diren enpresaren barruan. Enpresaren estrategia orokorra, berrikuntzako estrategia espezifikoa edo liburuan jorratzen dugun bezala definitzeko izan daiteke, erakunde baten kultura etikoa diseinatzeko”, azaldu du. Iragarpen estatistikoetan ez bezala, egileak adierazi duenez, “agertokiek ziurgabetasun estrukturalarekin edo ziurgabetasun handiko faktoreekin lan egiteko aukera ematen digute. Hau da, jokoaren arauek berdinak izaten jarraituko duten ere ez dakigunean. Adibide garbia adimen artifizialaren garapenean aurkitzen dugu, egunetik egunera paradigmak aldatzen baititu”.
Bestalde, Eneko Astigarragak defendatu du metodologia hori baliozkoa dela enpresa txiki eta ertainentzat, gizarte-ekonomiako ekimenentzat eta familia-enpresentzat ere; azken batean, “gure inguruko enpresa-erakundeen % 85-90 osatzen duten tamaina txikiagoko erakundeentzat”. “Tradizioz, etorkizuna planteatzen duten tresnek profil ia aristokratikoa izan dute: gutxi batzuek bakarrik pentsatzen zuten etorkizunak nolakoa izan behar zuen, baina maila ‘mikro’ batean ere landu daiteke, pertsonengan eta, oro har, gizartean eragiteko gaitasuna dutelako. Egia da zailtasunak dituztela horretarako, hala nola epe laburrak eta baliabideen mugak harrapatuta egotea. Hala ere, garrantzitsua da unibertsitateak eta Innobasque edo klusterrek hezkuntza hori planteatzea eta etorkizunekoetan erraztea”.
Ibon Zugastik Deustuko Unibertsitateko Enpresa Etikako CEA Liburutegiaren bosgarren argitalpenaren aurkezpena amaitu du, etikaren definizioari eta irismenari buruzko gogoetarekin. “Millennium Proiektua think tank globalaren parte gisa, hasieratik etika gizateriak aurre egin behar dion erronka handienetako bat bezala txertatu zuen bakarretakoa, 1996tik ikuspegi global hori lantzen ari gara. Gaur egun, horretan lanean jarraitzen dugu”. Egilearen ustez, erronka bikoitza da: alde batetik, etika prospektiba prozesu parte-hartzaileetan funtsezko bektorea delako ideia zabaltzea, eta, bestetik, etikaren beraren prospektiba jorratzea: etorkizunean etikari forma emango dioten printzipio eta balioetara hurbiltzeko ariketa.
Informazio gehiago
Olalla Alonso
652 728 014 / [email protected]
Ana Larizgoitia
656 788 328 / [email protected]