- Euskal berrikuntzaren hitzordu handiak 59 proposamen jaso ditu hamalaugarren ekitaldiko deialdian, eta horietatik %60 inguru Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziako entitate bazkideek bultzatuak izan dira
- Azaroaren 5ean izango da Global Innovation Day jardunaldiaren hamalaugarren ekitaldia, Donostian, eta dagoeneko beteta dago aretoaren edukiera
INNOBASQUE, 2025eko urriaren 22a. Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Global Innovation Day 2025 jardunaldian aurkeztuko diren berrikuntzako bost kasu praktikoak hautatu ditu. Azaroaren 5ean izango da jardunaldiaren hamalaugarren ekitaldia, Donostian, Basque Culinary Centerren GOe gune inauguratu berrian, eta egitarauaren ardatzetako bat izango dira bost kasu praktiko horiek. Berrikuntzaren Euskal Agentziak sustatzen eta antolatzen du topaketa, eta ekitaldi honetan, erakunde hauek izan ditu lankide: Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila, Gipuzkoako Foru Aldundia, Euskaltel Fundazioa, Iberdrola eta EHU, bere Kimika Fakultatearen eta Eztabaida Elkartearen bidez. Dagoeneko beteta dago aretoaren edukiera.
“Zientziatik Berrikuntzara” deialdian jasotako kasu praktikoak dira hautatutako bostak. Guztira, 59 proposamen jaso dira Euskadi osoko enpresa, zientzia, teknologia, hezkuntza eta gizarte arloko entitateetatik. Aurkeztutako ekimen horietatik guztietatik %60 inguru Innobasqueko entitate bazkideenak dira. Datu horrek argi erakusten du Agentziaren sareak eragin zuzena duela ikerkuntzaren emaitzak egiazko inpaktua duten soluzio berritzaile bihurtzeko zeregin horretan. Kasuen heren bat baino gehiago digitalizazioaren eta informazioaren teknologien esparrukoak dira; ondoren datoz osasun eta bioteknologia arloko proiektuak, energia eta jasangarritasunaren esparrukoak eta industria aurreratuen eremukoak.
Askotariko eragileek hartu dute parte deialdian, eta horrek berak agerian uzten du nolako indarra duen Euskadiko lankidetza-ereduak: enpresa pribatuek eta teknologia zentroek bultzatu dituzte proposamen gehienak, eta haiekin batera, unibertsitateek, spin-off-ek, start-up-ek eta entitate publiko edo sozialek ere kasu ugari aurkeztu dituzte.
Kasu praktikoak hautatzeko, hainbat irizpide hartu dira aintzat: lankidetza maila, sortutako eta transferitutako jakintza berriak duen inpaktua, kasuaren heldutasun teknologikoa eta euskal berrikuntza sistemarako duen garrantzia, besteak beste. Hala, aukeratutako kasuak topaketaren egitarau ofizialeko ardatzetako bat izango dira, erakusteko ikerketa aplikatuak eta zientziaren, enpresen eta erakundeen arteko lankidetzak nola sortzen duten balioa Euskadin.
Sektoreen aniztasuna
Hautatutako bost kasu praktikoek argi erakusten dute aniztasun hori: industria aurreratua, osasuna, energia edo ingurumena, guztiek agerian uzten dute zientziatik sortutako berrikuntzak zer onura ekartzen duen garapen jasangarrian eta gizartearen ongizatean.
Horietako bat da Gestamp enpresak (Bizkaia) bultzatutako “Factory 21. Fabrikazio malgurako kontzeptu berria” ekimena. Proiektu horrek teknologia digital eta interaktiboak baliatzen ditu autogintzako ekoizpen-prozesuak eraldatzeko eta eredu jasangarriago, autonomoago eta eraginkorragoak sortzeko. Lankidetzazko robotikaren eta adimen artifizial aplikatuaren bidez, proiektu honek ondo erakusten du euskal industria nola ari den bidea egiten etorkizuneko fabrika kognitiboaren eredurantz.
Energiaren esparruan, “H2SITE” proiektua garatu du Tecnalia Ikerketa eta Garapen Ekologikoko Zentroak (Bizkaia), Eindhoveneko (Herbehereak) Unibertsitate Teknologikoarekin elkarlanean eta ENGIE erakundearen laguntzarekin (Bizkaia). Proiektu horrek erakusten du materialen zientziaren bidez nola garatu daitezkeen mintzezko erreaktore berritzaileak hidrogenoa ekoizteko eta garraiatzeko, eta, beraz, nola egin daitekeen bidea karbono gutxiko ekonomia baterantz.
Bestalde, botika biologikoetan espezializatutako Oncomatryx Biopharma enpresak (Bizkaia) “Berrikuntza hirukoitza minbizi metastasikoa garaitzeko” proiektua aurkeztu du. Zehazki, zehaztapen handiko farmako bat garatu du gaixotasun horren tratamendurako, jakintza biomediko aurreratuenean oinarrituta. Proiektuak biologia molekularra, biomarkatzaile bidezko diagnostikoa eta tumorearen mikrogiroan eragitera bideratutako terapia uztartzen ditu, eta itxaropena sortu du pankreako, biriketako edo koloneko minbizi metastasikoei aurre egiteko.
Berrikuntzaren dimentsio soziala erakusten du Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publikoko Zuzendaritzak sustatutako “BIZI Programak”. Ingurune komunitarioetan suizidioaren prebentziorako jakintza zientifikoa eta teknologikoa uztartzen ditu egitasmo horrek. Ikastaro interaktibo bat da berez, online eta doakoa, profesionalak eta herritarrak prestatzeko, nor egon daitekeen arriskuan detektatzen ikasteko eta haiei laguntzeko. Europako Batzordeak buru osasuneko “Promising Practice” aitortza eman dio ekimenari, duen eragin sozialagatik eta nazioartera eramateko duen ahalmenagatik.
Ingurumenaren esparruan, “Gatzgabetze-plantetan nanoteknologia bidez bikaintasun operatiboa” lortzeko proiektua aurkeztuko da. EHUk gidatu du egitasmo hori, Surphase spin-off-aren bidez (Gipuzkoa). Ura edangarri bihurtzeko planten eraginkortasuna eta jasangarritasuna hobetzeko helburuarekin, nanoteknologia eta sentsorika aurreratua aplikatzen ditu proiektu horrek. Teknologia horri esker, mintzak noiz ari diren zikintzen aurreikus daiteke eta, horrela, energia-kontsumoa gutxitu. Era horretara, modu arduratsuagoan kudeatzen dira baliabide hidrikoak.
“Global Innovation Day jardunaldirako hautatutako kasuek agerian uzten dute zer-nolako lankidetza estua dagoen Euskadiko zientzia, teknologia eta enpresa sistemen artean. Argi erakusten dute, zientziak, jakintza sortzeaz gain, gure ekonomia eraldatzen eta herritarren bizi kalitatea hobetzen duten soluzioak ere sortzen dituela”, adierazi du Leire Bilbaok, Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak.
Solasaldi inspiratzailea eta unibertsitateko ikasleen arteko eztabaida, programaren osagarri
Hautatutako esperientziak azaroaren 5ean aurkeztuko dira GOe gunean. Hor elkartuko dira jakintzaren transferentzia eraldaketarako eta lehiakortasunerako eragile gisa bultzatzeko konpromisoa duten enpresak, ikerketa zentroak, unibertsitateak eta erakundeak.
Global Innovation Day topaketan bestelako ekitaldiak ere izango dira. Adibidez, bi adimen distiratsuren arteko solasaldia izango da beste urtebetez. María José Sanz, Basque Centre for Climate Change (BC3) zentroko zuzendari zientifikoa eta Ikerbasqueko ikertzailea, batetik, eta Humberto Llavador, Pompeu Fabra Unibertsitateko Ekonomiako irakaslea eta Bartzelonako School of Economicseko afiliatua, bestetik, mundu garaikideko erronka handiei buruz ariko dira, erronka horiei aurre egiteko ideia berritzaileak esploratzen.
Erreferentziazko bi ahots horien solasaldia aukera paregabea izango da erronka klimatiko eta sozialei aurre egiteko soluzio berritzaileak esploratzeko, eta, era horretara, zientziaren, ekonomiaren eta politika publikoen arteko lankidetza sustatzeko.
Euskal berrikuntzaren hitzordu nagusiaren aurtengo edizioan izango da berritasun bat ere: unibertsitateko ikasleen arteko eztabaida saio bat, hain zuzen. Innobasquek EHUko Kimika Fakultateko eta Eztabaida Taldearekin elkarlanean antolatutako ekimen honetan, EHUko zortzi ikasle arituko dira, Kimikako eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza fakultateetako eta Ingeniaritza Eskolako zortzi ikasle, hain zuzen, berrikuntzari eta Garapen Jasangarriko Helburuei buruzko debate zirraragarri batean.
Bi taldetan banatuta, ikasleek iritzi kontrajarriak defendatu beharko dituzte moderatzaileak berrikuntzarekin eta Garapen Jasangarriko Helburuekin loturik emandako gai bai buruz.
EHUk urtero antolatzen duen Zientzia Asteko ekitaldien artean egingo da debate hori. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astearen xedea da kultura zientifikoa herritarrei hurbiltzea eta ikerketa eta berrikuntza teknologikoari buruz sentsibilizatzea. XXV. ekitaldi honetan, goiburu hauxe aukeratu du unibertsitateak: “Zientzia plastikorik gabeko planeta baten alde”.
Informazio gehiago
Olalla Alonso
T. 652 728 014 / [email protected]
Ana Larizgoitia
Tel. 656 788 328 / [email protected]