INNOBASQUE, 2025eko maiatzaren 13a. ‘Innobasque Joerak’ buletinaren azken zenbakiak Estatu Batuetako Larrialdien Kudeaketarako Agentzia Federalaren (FEMA)‘Strategic Foresight 2050’ txostena du aztergai. Lan horrek iragartzen du etorkizunean hondamendiak sarriago gertatuko direla, eta konplexuagoak eta zailagoak izango direla kudeatzeko. Berrikuntzako joerei buruzko hileroko azterketan, Berrikuntzaren Euskal Agentziak txosten horren ondorio nagusiak azaleratzen ditu, eta beste testuinguru global batzuetara ere estrapola daitezkeela azaltzen du. Ondorio horien artean, teknologiak funtsezko garrantzia duela azpimarratu du FEMAk, bai arriskuak garaiz atzemateko, bai erantzuteko gaitasuna hobetzeko. Era berean, txostenak nabarmentzen du erantzun horrek inklusiboa eta komunitarioa izan behar duela eta guztion onura izan behar duela ardatz. Laburbilduz, berritzea ez da nahikoa; funtsezkoa da berrikuntza arduratsu baterantz aurrerapausoak ematea; eraginkortasun teknologikoarekin batera ekitatea, jasangarritasuna eta kohesio soziala uztartuko dituen berrikuntza arduratsu baterantz.
Horrez gain, apirilaren 28ko itzalaldiaren harira, gaurkotasun handiko beste gai bat jorratzen du buletinak: ahalmen handiko bateriek nola bultza dezaketen trantsizio energetiko garbiagoa eta erresilienteagoa; izan ere, berriztagarrien integrazioa errazten dute eta sare elektrikoak egonkortzen laguntzen dute. Iraultza isil hori munduko sistema elektrikoa eraldatzen ari da. Horren adierazle da datu hau: hiru urte eskasean, Estatu Batuetan, baterien biltegiratze ahalmena boskoiztu egin da.
Hilabete honetako buletineko azken erreportajea Rebellions da, etorkizun handiko Hego Koreako startup-a; izan ere, Nvidia bezalako erraldoien nagusitasuna kolokan jartzen ari da adimen artifizialerako txipen mundu lehiakorrean. Sapeon Korea enpresarekin bat egin ondoren, AA arloko Hego Koreako lehen adarbakarra bihurtu da Rebellions. Datu-zentroetarako eta AA sortzaileko aplikazioetarako energia-kontsumo txikia duten txipak eskaintzea da konpainiaren helburu behinena.
Harremanetarako:
Olalla Alonso / T. 652 728 014 / [email protected]
Ana Larizgoitia / T. 656 788 328 / [email protected]