Argazkia: Imanol Rego eta Leire Bilbao, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidente eta zuzendari nagusia, zuzendaritza batzordeko kideekin, erakundeetako ordezkariekin eta Innobasqueko 2025eko Batzar Nagusian parte hartu duten hizlariekin batera

  • Gaur egin da urteroko topaketa Getxoko Itsas Geltokian (Olatua), eta bertan bildu dira Innobasqueko entitate bazkideak –administrazioak, enpresak eta hezkuntza, gizarte, zientzia eta teknologia arloetako eragileak-, baita Agentziaren Zuzendaritzako 60 kideak ere, Euskadin berrikuntza bultzatzen duen aliantza publiko-pribatuaren goi ordezkariak guztiak
  • Innobasqueren erabaki-organo gorena da Batzar Nagusia, eta aurreneko aldiz, erabakigune horretako presidente izan da Imanol Rego, Irizarreko zuzendari nagusia, martxoan Agentziako presidente izendatua izan ondoren
  • Berrikuntzaren euskal ekosistemaren urteroko hitzorduan aurkeztu dira Agentziako bi entitate bazkidek eginiko azken aurrerapen estrategikoak: Donostia International Physics Center (DIPC) zentroak konputazio kuantikoan eginikoak eta ITP Aero eta Sener konpainiek propultsio espazialean eginikoak
  • Era berean, Paula Carsí lehen aldiz izan da hizlari Euskadin; Ford Europako Berrikuntzako zuzendari gaztea eta automobilgintzaren sektorean jasangarritasunaren eta berrikuntzaren erreferentea da Carsí
  • Imanol Pradales lehendakariak, Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziako ohorezko presidenteak, itxi du ekitaldia
  • Bideoa ikusi
  • Argazkiak

INNOBASQUE, 2025eko ekainaren 4a. Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, bere XVIII. Batzar Nagusia egin du gaur goizean Getxoko Itsas Geltokian (Olatua). Erreferentziazko hitzordu horretan biltzen dira urtero berrikuntzaren euskal ekosistemako eragileak Euskadiko I+G+b jarduerari pultsua hartzeko. 

Innobasqueren entitate bazkideetako ordezkariak bertaratu dira ekitaldira, ekosistema bera osatzen duten 908 bazkide, administrazioak, enpresak, hezkuntza, teknologia eta gizarte arloetako eragileak, guztiak ere helburu berarekin: Euskadin berrikuntza bultzatzea esparru guztietatik. Bertan izan dira Innobasqueren Zuzendaritzako kideak ere; berrikuntzaren sektore estrategikoekin loturiko goi mailako 60 profesionalez osaturik dago Zuzendaritza hori. 

Imanol Rego, Irizar Taldeko zuzendari nagusia, izan da lehen aldiz Batzar Nagusiko presidentea, martxoan Innobasqueko presidente izendatua izan ondoren.  

Erakundeko zuzendari nagusiak, Leire Bilbaok, ireki du batzarra, eta agentziak aurreko urtean eginiko jardueren balantzea egin du, eta 2024 ekitaldiko kontuak eta kudeaketa-txostena eta 2025eko aurrekontua aurkeztu ditu, bertan ziren erakunde bazkideek onartzeko. Gai zerrendako puntu guztiak aho betez onartu dira. 

Batzarrean aurkeztutako 2024ko jardueraren emaitzek argi erakusten dute Agentziaren helburu estrategikoak nabarmen bete direla, eta horrek, aldi berean, Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren (ZTBP) hainbat jarraipen- eta eboluzio-adierazle hobetzen lagundu du. Eusko Jaurlaritzak Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren bidez bultzatutako plan horrek bi helburu nagusi ditu: berrikuntzaren euskal sistemak dituen ahulguneak zuzentzea eta 2030era begira Euskadi Europako eskualde aurreratuenen artean kokatzea berrikuntzaren arloan. Innobasquek guztiz bat egiten du helburu horiekin. 

Berrikuntzako helburuen alde eginiko ekarpena 

Innobasquek sendotu egin du ETE-etan berrikuntza bultzatzeko konpromisoa, hori baita Eusko Jaurlaritzaren planeko helburu nagusietako bat. 2024an, guztira 982 enpresa txikik eta ertainek hartu dute parte berrikuntza bultzatzeko gure jardueretan. Ekimen horien artean nabarmentzekoak izan dira Formakuntza Berrikuntzan programa, Berrikuntzaren Mapa eta Kasu Praktikoen Bankua. 

Ildo berean, Innobasquek, SPRI Taldeak eta Eusko Jaurlaritzak elkarrekin bultzatzen duten HAZINNOVA programari esker, 364 enpresak 499 berrikuntza-proiektu gauzatu dituzte azken urtean. HAZINNOVAk 2019an eman zituen lehen urratsak esperientzia pilotu gisa, eta gerozko bost ekitaldietan 1.045 enpresari eman die laguntza eta 2.103 proiektu berritzaile garatzen lagundu du. 

Aurreko ekitaldian nabarmentzekoa izan da Lanbiderekin batera bultzatutako Lan Mentoring programaren sendotzea ere, ETE-etan belaunaldi aldaketa bideratzeko. Lehen fase pilotuan 60 enpresak hartu zuten parte programa horretan, eta hastapeneko urrats arrakastatsu horien ondoren, zerbitzu egonkorra bihurtu da Euskadiko ETE guztientzat. 

Bide berean, Euskadiko I+G+b arloa nazioartera zabaltzeko eta bide horretan aukera gehiago izateko lanean jarraitu du Berrikuntzaren Euskal Agentziak. 2024an, guztira 204 entitatek hartu dute parte atzerrian beren presentzia sendotzeko xedea zuten jardueretan. Enpresei Europako programetan parte hartzen laguntzeko, Enterprise Europe Network sarearen euskal nodoko kide da Innobasque, SPRI, BEAZ, hiru merkataritza ganberak eta Basque Trade and Investment erakundeekin batera. 

Azkenik, begirada ekosistema berritzailearen etorkizunean jarririk, Agentziak gero eta lan handiagoa egin du gazteen artean zientziarako eta teknologiarako bokazioak sustatzeko, bereziki nesken artean. 2024an, 315 ikastetxetako 27.500 gaztek hartu dute parte STEAM jardueretan, lurraldeko 100 entitate baino gehiagorekin bideratu dugun lankidetzari esker.  

Aliantza publiko-pribatua, euskal berrikuntza sistemaren funtsezko zutabea  

Nabarmen geratu da euskal berrikuntza sistema osatzen duten eragileen arteko lankidetza publiko-pribatua funtsezkoa dela berrikuntzaren ekosistemak aurrera egin dezan. Testuinguru horretan, Agentziak sendotu egin du giltzarri diren eragileekin batera egindako lana, eta hitzarmen estrategikoak sinatu ditu Eusko Jaurlaritzarekin, hiru foru aldundiekin, BEAZ eta Garapen erakundeekin, Arabako Koadrilekin eta Gasteizko Udalarekin, berrikuntza lurralde osora hedatzeko eta tokian tokiko ETE-ei zuzenean laguntzeko. 

Aliantza horien paraleloan, Euskadin berrikuntzaren errendimendua ebaluatu du Innobasquek, eta hainbat analisi eta txosten egin ditu, zientzia, teknologia eta berrikuntza arloko politika publikoak diseinatzen laguntzeko. Azterlan eta txosten horien artean, nabarmentzekoak izan dira honako hauek: Euskadiko eta hiru lurralde historikoetako I+G+b arloaren egoeraren analisia, Euskadiko berrikuntza-gaitasunaren eta horrek ekonomian bueltan dakarrenaren diagnostikoa, 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren tarteko monitorizazio eta ebaluazio txostenak eta Euskadin I+G arloan 2024rako egingo den inbertsioaren estimazio-txostena.  

Gainera, bat egin dugu Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren egiturako CDTI zentroaren PIDI sarearekin. Horri esker, I+G+b arloaren finantzaketa publikoari buruzko aholkularitza zuzena emateko eragileen zorroa handitu dugu. 

EHUko Doktoretza Sarearekin ere hitzarmen bat sinatu dugu, doktoregaien artean berrikuntza sustatzeko. 

Entitate bazkideek ikerkuntzarako eta berrikuntzarako giharra agertu dute 

Alderdi formalen ondoren, ikerkuntzak eta berrikuntzak Euskadin duen garrantzia jarri du balioan Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, entitate bazkideek martxan jarritako punta-puntako bi proiekturen bidez. 

“Entitate bazkideen ahotsa” gunean, Ricardo Díez, Donostia International Physics Center (DIPC) zentroko zuzendaria, teknologia kuantikoen ikerkuntzan izan diren azken aurrerapenei buruz aritu da, baita teknologia horrek sektore estrategikoetan –energia, medikuntza, material adimentsuak edo komunikazioak– dituen aplikazioei buruz ere. 2025 Kuantikaren Urtea izanik, testuinguru horretan eman du hitzaldia Diezek, eta, besteak beste, Euskadik etorkizunerako esparru estrategiko horretan zer urrats eman duen, eta konputazio kuantikoak zer aukera ekarriko dituen azaldu du. “Zientzia kuantikoak bitxia edo misteriotsua dirudi, eta haren kontzeptuak kontraintuitiboak dira. Fisika kuantikoa erronka kontzeptual ia filosofikoa da, baina, hala ere, zehaztasun handiko diziplina da ”, adierazi du Diezek. 

“Lehen iraultza kuantikoak energiaren, medikuntzaren, biokimikaren eta optoelektronikaren eremuak garatu zituen; orain, bigarren iraultzaren oinarria da propietate intrintsiko-kuantikoen kontrolak aukera teknologiko berriak irekitzen dituela konputazioan, komunikazioan, sentsorikan eta metrologian”, zehaztu du adituak. 

Berrikuntzaren esparru horretan aurkeztu da MERLIn proiektua ere (Motor Eragilea eta Berrerabilgarria Nazioarteko Jaurtitzaileentzat), sektore aeroespazialeko proiektu aurreratuenetako bat. ITP Aero eta Sener dira ekimen horren bultzatzaileak, Espainiako Pangea Aerospace eta Aenium Engineering startup-ekin batera. Aliantza teknologiko horren xedea da hamar aldiz berrerabil daitekeen propultsio espazialeko sistema bat garatzea, era horretara kostuak murrizteko, orbitako hondakinak ahalik eta gehien gutxitzeko eta Espainian industria lehiakorragoa sendotzeko. MERLIn proiektuak Plan Teknologiko Espazialaren deialdian bigarren diru-laguntza handiena jaso du: 11,6 milioi euroko aurrekontua, guztira. 

“Proiektu honek aukera ematen du Euskadin sektore aeroespaziala indartzeko eta gure enpresak eremu horretan kokatzeko datorren hamarkadara begira”, nabarmendu du Daniel Hernández ITP Aeroko Aerodinamika ataleko arduradunak. Garatutako motorrak soluzio “disruptibo” eta “jasangarri” bat ematen du, hobekuntza teknikoetan oinarritua, jaurtiketen errendimendua eta eraginkortasuna % 10 eta % 15 artean hobetzea ahalbidetzen dutenak ”. 

Horrez gain, Paula Carsí Ford Europa konpainiako Berrikuntza zuzendariaren hitzaldia ere izan da Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziaren Batzar Nagusian. Carsí lehen aldiz aritu da Euskadin, eraldaketa industrialari eta ekosistemei buruzko bere ikuspegi inspiratzailea azaltzen. 30 urte besterik ez ditu ingeniari aeroespazial gazte honek, baina automobilgintzaren Europako sektorearen berrikuntza gidatzen du, ikuspegi bateratzaile eta jasangarri batetik. “Berrikuntza, industriaren eraldaketa kultural eta teknologikorako motorra” hitzaldian, Carsík une honi egin dio erreferentzia, denbora laburrean aldaketa sakonak izan baitira. Kontzeptutik bertatik, “mugikortasunaz ari gara orain”, balio katera, prozesuetara eta, nola ez, produktuetara: “gurpildun txapak fabrikatzetik gailu digitaletara igaro gara”. Hori guztia aurreikusi ezin den testuinguru geopolitiko batean, “erabakiak hartzeko oztopoa” baita. Ildo horretan, zuzendariak esan du berrikuntza dela “ziurgabetasun horretan nabigatzeko bidea”. 

Imanol Pradales lehendakaria Legebiltzarreko saioan zen gaur, baina haren mezuak itxi du urteroko hitzorduaren XVIII. ekitaldia.  Bere esku-hartzean, Euskadiko eredu sozial eta ekonomikoaren oinarrizko zutabetzat jo du berrikuntza. “Enrico Letta eta Mario Draghik berriki egindako txostenak argi uzten du Europaren autonomia estrategikoa bermatzeko eta Estatu Batuekiko eta Txinarekiko arrakala murrizteko, berrikuntza dela giltzarrietako bat”. 

Liderren taldea oraindik ere distantzia pixka batera” dagoela onartu badu ere, konfiantza agertu du gaurkoa bezalako topaketak lagungarri izango direla “norabide zuzenean” aurrera egiteko. Lehendakariak oroitu du hala Eusko Jaurlaritzak nola Berrikuntzaren Euskal Agentziak helburu bera dutela: berrikuntzaren esparruan Euskadi Europako herrialde liderren artean kokatzea, eta, alde horretatik, “esku onetan” gaudela adierazi du, “esparru honetan Innobasquek erakusten baitigu bidea”.  

Mezua amaitzeko, lankidetza publiko-pribatuaren garrantzia azpimarratu du Imanol Pradalesek. “Innobasquek jakin du erakundeen eta enpresa pribatuen lana uztartzen eta berrikuntzaren zerbitzura jartzen. Besteen aldean bereizten gaituen egiteko modu baten eredu egokia da. Bide horri jarraitu behar diogu eta elkarlanean jarraitu behar dugu, parean ditugun erronkei aurre egiteko”. 

“Berrikuntzaren egiazko balioa eraldatzen duen horretan dago, zein lagungarri den bizitza-maila eta enpleguaren kalitatea hobetzeko, nolako gaitasuna duen gizartearen sareak sendotzeko”  

Imanol Regok, Innobasqueren bere lehen Batzar Nagusia zabaldu du gaur Berrikuntzaren Euskal Agentziaren presidentetza hartu zuenetik, eta asmo handiko mezu bat plazaratu du, etorkizunean eta lankidetzan zentratua. 

Bere esku-hartzean, dei egin die entitate bazkideei Agentziaren helburu estrategikoen lanketan modu aktiboan parte har dezaten. “Helburu estrategiko horiek sendotu egin behar dute Euskadi I+G arloko inbertsioei dagokienean, eta, horrez gainera, pertsonen zerbitzura dagoen berrikuntza jasangarri eta eraldatzailearen eredu bihurtu behar dute gure lurraldea”. Alde horretatik, hauxe nabarmendu du presidenteak: “Berrikuntzan lider izango den eskualde baten bide-orria diseinatu behar dugu, oso gertu baikaude jomuga horretatik”. 

Martxoan presidente izendatua izan ondoren, Regok adierazi du Innobasquerentzat aldaketa esanguratsuko unea dela hau, eta hor kokatu du aipatutako erronka; izan ere, zubi horretan gaude, 2021-2024 Plan Estrategikoa itxi eta hurrengo etapa zehaztuko duen prozesuaren hasieran. Aurreko etaparen balantzea ona izan dela azpimarratu du, baina ohartarazi du ez dugula “bertan goxo egin behar”; aitzitik, nabarmendu du inflexio puntu hau norabide partekatu berri bat zehazteko baliatu behar dugula. “Innobasque funtsezko eragilea da berrikuntzaren ekosisteman, eta norabide bateratu horrek sendotu egin behar gaitu posizio horretan. Ekosistema horri esker, I+G arloko inbertsioa hazi egin da, eta 2.000 M €-tik gorakoa izan da 2024an. Hazkunde horren iraunkortasuna bermatzeko palanka izan behar dugu, eta erresiliente ere izan behar dugu, datozen urteetan sortuko zaizkigun ziurgabetasun eta zalantzen aurrean”. 

Eraikuntza partekatuko prozesu horretan lehen urratsa izan da Innobasquek apirilean eta maiatzean bultzatutako parte-hartzezko prozesua, eta hor sortutako hausnarketetako batzuk aurkeztu ditu Regok. Bost analisi-mahai eratu dira prozesu horretan, eta horien bidez, berrikuntzaren euskal ekosistema osatzen duten ehun bat entitate —enpresa handiak, ETEak, zentro zientifiko-teknologikoak, hezkuntzako eragileak eta entitate sozialak— elkarrekin aritu dira gogoeta egiten beren egoerari, errealitateari, lehentasunei eta erronkei buruz, helburu nagusi batekin: dauden oztopoak eta aukerak identifikatzea, Agentziaren estrategiak horiek ardatz harturik lan egin dezan datozen urteetan. Datozen hilabeteetan, Innobasquek beste hainbat elkarrizketa zabalduko ditu beste interes-talde batzuekin, guztiak ordezkatuko dituen estrategia inklusibo bat eraikitzeko helburuarekin. 

Dagoeneko egin diren lehen saio horietatik ateratako ondorioen artean, Regok azpimarratu du ekiteko unea dela, aukera handiko momentua delako hau, hainbat faktore egokitu direlako aldi berean: indar hartzen ari diren teknologiak, trantsizio ekologikoa eta talentuaren eraldaketa. “Berrikuntza digitala, jasangarritasuna eta etengabeko ikasketa ez dira aukera bat: etorkizuna eraikitzeko ardatzak dira”, adierazi du. 

Horrez gain, oraindik ere gainditu ez diren beste hainbat erronka ekarri ditu gogora: ziurgabetasun geopolitikoa eta araudiena, talentuaren eskasia, ekosistemaren zatiketa eta ingurune askotan kultura berritzailerik ez izatea, besteak beste. “Su geldoan egositako berrikuntza behar dugu, konfiantzaren sarean ehundua eta diseinuaren fasetik abiatua”, zehaztu du, eta horretarako, lankidetza handiagoa eskatu du, lankidetza egituratua, konektatua eta inpaktua izango duena. 

Alde horretatik, ekosistemaren funtzio egituratzaileak sendotu behar direla planteatu du: zaintza estrategikoa; lankidetzarako gune egonkorrak; zientziaren, enpresaren, hezkuntzaren eta gizartearen arteko lotura eraginkorra; eta berrikuntza den moduan ikusaraziko duen narratiba bat. Eraldaketarako palanka bat, horixe da berrikuntza, eta ez diskurtso bat”, bere hitzetan. 

Talentuak erronka estrategiko gisa duen garrantzia ere azpimarratu du. Eta ez gutxi dagoelako bakarrik, inklusiorako eta erakundeen eraldaketarako funtsezko faktorea delako ere bai. Hala aldarrikatu du: “Berrikuntzak, egiaz inklusiboa izango bada, behar ditu gazteak, behar ditu senior profilak, behar ditu migratzaileak eta sistemaren bazterretan daudenak. Eta haiek integratzeko, bereiziko gaituen balio-proposamen bat izan behar dugu”. 

Berrikuntza, indar eraldatzailea 

Berrikuntzak lurraldearen eta pertsonen eraldaketarako duen indarra ere aldarrikatu du Regok bere esku-hartzean. “Ez da nahikoa berrikuntzak produkzioari edo lehiakortasunari dagokionean duen inpaktua neurtzea; berrikuntzaren egiazko balioa eraldatzen duen horretan dago, zein lagungarri den bizitza-maila eta enpleguaren kalitatea hobetzeko, nolako gaitasuna duen gizartearen sareak sendotzeko eta haren erronka konplexuenei erantzuteko”, azpimarratu du. Ildo berean, berrikuntzarako bide berriak zabaltzearen alde egin du, baita arlo sozialean, instituzionalean eta komunitarioan ere, “ikuspegi konektatu batetik, tokiko errealitatean sustraituta eta parte-hartzeari ateak zabalduta”. 

Azkenik, jakinarazi du datozen hilabeteetan euskal ekosistema sendotzeko hainbat tresna eta baliabide jarriko direla indarrean, hala nola zientzia eta teknologia arloko politika berriak eta industria-garapenerako etorkizuneko plana, zeinak palanka izango diren Euskadiren eraldaketa ekonomiko eta sozialerako. “Eta batasun horren barnean —amaitu du—, hemen gaudenok eredu izan behar dugu, jendeak ikus dezan Euskadin berrikuntzaren alde apustu egitea etorkizuneko ongizatearen eta lasaitasunaren alde apustu egitea dela”. 

Innobasqueri buruz 

2007an sortua, Berrikuntzaren Euskal Agentzia, Innobasque, interes publikoko eta irabazi asmorik gabeko elkarte pribatu bat da. Agentzia osatzen duten entitate bazkideekin batera, Euskadiko Eraldaketa prozesua bultzatzea, dinamizatzea eta monitorizatzea da Innobasqueren xedea eta egitekoa, esparru guztietan gizarte berritzaile baterantz bidea egiteko. 

Innobasquek, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Kontseiluko kide den aldetik, gai horiei loturiko euskal politikak ebaluatzen ditu, eta orobat, Euskadiko I+G+b arloaren nazioartekotzea Europan zenbatekoa den eta horrek zer inpaktu duen neurtzen du. 

Horrez gain, berritzen laguntzen die ETE-ei, erakunde bazkideen esperimentazioaren eskutik sortutako ekintzen bidez. 

Agentziaren beste helburuetako bat gazteen artean, eta bereziki nesken artean, zientziarekiko eta teknologiarekiko lotura eta interesa sustatuko duten programak eta ekintzak bultzatzea da. 

Informazio gehiago

Olalla Alonso

652 728 014 / [email protected]

Ana Larizgoitia

656 788 328 / [email protected]

Partekatu albiste hau