• Azaroaren 10etik 27ra orientazioko 8 jardunaldi egingo dira Euskadin. Guztira, 766 ikasle, 17 ikastetxe eta enpresa industrial eta teknologikoetan eta unibertsitate- eta zientzia-erakundeetan lanean ari diren 143 STEM profesional izango dira partaide topaketa horietan. 
  • Euskadin, STEM profilen eskaera handia dago, urtean 9.500 profesional inguru behar dira, batez ere ingeniaritzan, informatikan eta Lanbide Heziketako adar teknikoetan, baina soilik 4.000 laneratzen dira, eta horrek arrakala nabarmena sortzen du.  
  • Emakumezkoen kasuan, Euskadin zientzia eta teknologia esparruetan dauden enpleguen %26 baino ez dute betetzen emakumeek. Industriaren sektorean ere, enpleguen %30 baino gutxiago betetzen dituzte emakumeek. Manufaktura aurreratuen eta ingeniaritzaren arloetan, eta ikerkuntza eta garapeneko lanpostuetan, bereziki, emakumezkoen ordezkaritza doi-doi iristen da %32koa izatera. 
  • Eusko Jaurlaritzaren STEAM Euskadi Estrategiaren testuinguruan ari dira egiten jardunaldiak. Hezkuntza Saila eta Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza Saila dira ekimenaren bultzatzaileak. Laguntzaileak, berriz, beste hauek: Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentzia, Deustoko Unibertsitatea, EHU, Mondragon Unibertsitatea, Hetel, Ikaslan, AICE-IZEA eta Elhuyar.  

INNOBASQUE, 2025eko azaroaren19aDerrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 110 ikasle inguruk aukera izan dute gaur, EHUren Leioako campusean, Euskadiko industria, zientzia eta teknologia sektoreetan lanean ari diren profesionalekin biltzeko, hitz egiteko, eta haien eskutik zientziaren eta teknologiaren esparru horietan zer lan aukera dauden jakiteko. Guztira, Euskadi osoko 766 ikaslek, 17 ikastetxek eta STEM lanbideetako (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika ingelesezko sigletan) 143 profesionalek hartuko dute parte azaroaren 10etik 27ra izango diren speed dating edo hitzordu azkarren zortzi jardunaldietan.  

Euskadin, STEM profilen eskaera handia dago, urtean 9.500 profesional inguru behar dira, batez ere ingeniaritzan, informatikan eta Lanbide Heziketako adar teknikoetan, baina soilik 4.000 laneratzen dira, eta horrek arrakala nabarmena sortzen du. Hauek dira ekimenaren helburuak: DBHko 4. mailako ikasleei ikasketak eta lanbidea hautatzen laguntzea, STEM lanbideen aniztasuna erakustea profesionalekin eginiko hartu-eman zuzen horien bidez, eta STEM esparruetako bokazioak eta aurreikuspen profesionalak sustatzea, batez ere nesken artean.   Gaur egun, Euskadin zientzia eta teknologia esparruetan dauden enpleguen %26 baino ez dute betetzen emakumeek. Industriaren sektorean ere, enpleguen %30 baino gutxiago betetzen dituzte emakumeek. Manufaktura aurreratuen eta ingeniaritzaren arloetan, eta ikerkuntza eta garapeneko lanpostuetan, bereziki, emakumezkoen ordezkaritza doi-doi iristen da %32koa izatera. 

Lanbide orientazioko jardunaldi hauen laugarren ekitaldia da aurtengoa. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila eta Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza Saila dira ekimenaren bultzatzaileak, Eusko Jaurlaritzaren STEAM Euskadi Estrategiaren testuinguruan. Laguntzaileak, berriz, beste hauek dira: Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentzia, Deustoko Unibertsitatea, EHU, Mondragon Unibertsitatea, Hetel, Ikaslan, AICE-IZEA eta Elhuyar. STEAM Sare da topaketa hauek bideratu dituena. Euskal gazteen artean, matematikarekiko, zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa sustatzeko eta arlo horien ikaskuntza hobetzeko elkarrekin lanean diharduten ikastetxe eta eragile sozioekonomikoek osaturiko egitura da STEAM Sare.  

Jardunaldiok antolatu dituzten hezkuntza eragileen egoitzetan egingo dira topaketak, hala unibertsitateetan nola lanbide heziketako ikastetxeetan. Horietan, ikasle bakoitzak aukera du lanbide desberdinetako 5 profesionalekin 15 minutuz hitz egiteko eta zer interes eta motibazio profesional nahiz pertsonal dituen adierazteko. Profesionalek, berriz, ikasketetan eta lanbidean egin duten ibilbidearen berri emango diete ikasleei, eta egunez egun beren enpresan zer erronkari aurre egin behar dioten azalduko diete, eta ikasketetan eta lanbidean zer bide hartu aukeratzen lagunduko diete.  

Enpresa eta hezkuntza hurbiltzea  

Bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzeko elkarrekin lan egiten duten ikastetxe eta eragile sozioekonomikoek (enpresa, unibertsitate, teknologia-zentro eta STEM profesionalak dituzten beste erakunde batzuk) osaturiko egitura da STEAM Sare.   Ikasturtean zehar, hainbat jarduera antolatzen ditu sare horrek, eta horren adibide dira lanbide-orientabiderako jardunaldiok. Xedea da ikasleak esparru zientifiko-teknologikoetan lan egiten duten profesionalekin hartu-emanean jartzea.  Era horretara, Euskadin esparru zientifiko-teknologikoetan egunero lan egiten duten enpresa eta teknologia-zentroetan zer lanbide eta jarduera dauden eta horietan zer lan egiten den jakin dezakete ikasleek, besteak beste, enpresa eta organismo horien lantokietara eginiko bisiten bidez.  

2025-2026 ikasturte honetan 17 ikastetxek eta 102 erakunde laguntzailek hartuko dute parte STEAM Sarean.   

Jardunaldien egutegia eta kokapena:   

  • 2025eko azaroak 10, Arrasate. Mondragon Goi Eskola Politeknikoa 
  • 2025eko azaroak 11, Muskiz. Somorrostro FZ_Muskiz (Hetel)  
  • 2025eko azaroak 13, Bilbo. La Perrera eraikina, Bilboko Udala (AICE/IZEA)  
  • 2025eko azaroak 18, Barakaldo. CIFP Barakaldo LHII (Ikaslan) 
  • 2025eko azaroak 19, Leioa. EHUren Bizkaiko Campusa  
  • 2025eko azaroak 21, Donostia. Deustoko Unibertsitatearen Donostiako Campusa  
  • 2025eko azaroak 26, Bilbo. Deustoko Unibertsitatearen Bilboko Campusa  
  • 2025eko azaroak 27, Bilbo. Deustoko Unibertsitatearen Bilboko Campusa  

Egitaraua: 

9:15 Irekiera eta harrera ekitaldia, erakunde antolatzaileen eskutik  

9:30  Topaketa azkarren hasiera  

11:00 Kaferako etenaldia  

11:30 Bisita erakunde antolatzaileen instalazioetara  

12:30  Jardunaldiaren amaiera  

Partekatu albiste hau