Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, urteko azken lauhilekorako doako formakuntza-eskaintza aurkeztu du, helburu nagusi batekin: Euskadiko enpresa eta antolakundeen gaitasun berritzaileak hobetzea.

 “Formakuntza Berrikuntzan” programaren katalogo berrian 21 ikastaro izango dira guztira. Lehen seihilekoan eman diren beste 25 formakuntzak osatzera datoz ikastaro berriak. Horrenbestez, urte osoan zehar prestakuntza iraunkorra, osoa eta jarraitua bermatuko da Agentziaren eskutik. Formakuntza ikastaro horiek Euskadiko hiru lurraldeetan banatuko dira, Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziaren konpromisoa berrikuntza lurralde osoko enpresa eta entitateetara hurbiltzea baita, eta haiei guztiei prestakuntza espezializatua eta kalitatezkoa bideratzea.

Urteko bigarren erdi honetako ikastaroak hiru bloketan banaturik daude, eta bakoitza profil jakin bati zuzendurik dago: alde batetik, ETEak; bestetik, beren I+G+b arloa nazioartekotzeko interesa duten entitateak; eta, azkenik, erakunde bazkideentzat berariaz antolatutako ikastaroak. Nolanahi ere, ikastaro guztietan berrikuntzaren ikuspegi praktikoa da ardatza.

Era horretara, enpresa munduan entzute eta eskarmentu handia duen irakasle-talde bati esker, Innobasquek partaideen beharrizan eta errealitatera egokitzen du prestakuntza. Hala, formakuntza horren bidez, jarraibideak eta tresnak ematen dizkie praktikan jartzeko, eta, orobat, sarbidea eskaintzen die berrikuntzaren euskal sistemara eta edozein prozesu eraldatzailetan bidelagun izan ditzaketen eragileen sarera.

Enpresa txiki eta ertainen kasuan, ikastaroak irailaren 18an hasiko dira Bilbon, eta azaroaren 20an amaituko dira. Bilbon ez ezik, Donostian eta Gasteizen ere izango dira ikastaroak. Beren I+G+b arloa nazioartekotzeko interesa duten enpresei zuzendutako blokea irailaren 16 hasi eta azaroaren 18an amaituko da. Ikastaro guztiak Innobasqueren Zamudioko egoitzan izango dira. Bestalde, berariaz erakunde bazkideentzat antolatutako ikastaroak irailaren 17an hasi eta abenduaren 11n bukatuko dira. Horiek ere aurrez aurreko formatuan egingo dira Berrikuntzaren Euskal Agentziaren egoitzan. Bazkideei bideratutako formakuntza horretan, berrikuntzarekin lotutako saio orokorrak eta sektore edo gai jakinei lotutako ekintza espezifikoak eskainiko dira, azken hauek lehenbailehen praktikan jartzeko xedearekin.

Aurreko seihilekoan, 254 euskal entitatek hartu zuten parte prestakuntza-programan. Partaideek, gainera, ikastaroen oso balorazio ona egin zuten ebaluazioetan, 10etik 8,9 puntu, eta batez ere haien izaera praktikoa eta enpresen benetako erronkekin bat etortzea azpimarratu zuten.

Informazio gehiago

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago