Elgoibarko Makina Erreminta Museoak gaur Debabarrenako enpresei berrikuntzaren bidez lehiakortasuna hobetzen laguntzeko jardunaldia hartu du. Saioa Debegesak eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatu dute, eta, bertan, bertaratuek berrikuntzari laguntzeko Euskadiko berrikuntzaren ekosisteman aurki ditzaketen zerbitzuak ezagutu ahal izan dituzte.
Debegesaren aldetik Berrikuntza, Ekintzailetza eta Enpresa arloko arduradun Cristina Zumetak parte hartu du, eta Innobasqueren aldetik, berriz, Enpresa Berrikuntzako koordinatzaile nagusi Gotzon Bernaolak, bere taldearekin batera. Gainera, Basque Precision Technology District (BPTD) elkarteko kide Andoni García-Abadek parte hartu du; elkarrekin, ETEen esanetara egon dira, berrikuntzarako bidean laguntzeko.
Jardunaldian zehar, Bronymec, Kalman eta Smart PM tokiko enpresetako ordezkariek (automatizazio industrialari, polimeroen mekanizatuari eta industria-galdaragintzari lotutakoak, hurrenez hurren) berrikuntzaren bidez euren prozesu eta produktuak hobetzeko garatu dituzten proiektu zehatzak aurkeztu dituzte.
Bronymeceko zuzendari nagusi Ander Cristobalek erakutsi du nola HP eta Egonikekin batera eginiko berrikuntza-prozesuari esker lortu duten fabrikazio gehigarriko material berria garatzea. Hala, teknologia hori hedatu dezakete sektore elektriko-elektronikoaren sektorera, besteak beste, eta balio teknologiko handiko osagaiak ekoizteko soluzio malgu eta efizienteagoak eskaini ahal dituzte.
Bere aldetik, Kalmaneko zuzendari nagusi Aitor Díazek azaldu du bere enpresan Lean Manufacturing delakoa ezarri dutela; prozesu horretan, ekoizpena optimizatu ez ezik, pertsonen antolaketa eta kudeaketa ere eraldatu da, industria-galdaragintzaren sektorearen gero eta konplexutasun handiagoaren aurrean enpresaren efizientzia eta lehiakortasun globala hobetuz.
Amaitzeko, Smart-PMko Negozio Garapen arloko arduradun Alberto Fuentesek bere esperientzia berritzailea partekatu du, digitalizazio eta automatizazioko soluzioen ingeniaritza eta garapenean, bere MIC sistema azpimarratuz, baita modulu berriek eta teknologia aurreratuek industria-efizientzia optimizatzeko eta soluzioak sektoreetara egokitzeko egiten dituzten etengabeko eguneratzeak ere.