Euskadiko enpresek, startupek, ekintzaileek eta erakundeek ikerketa, garapen eta berrikuntzako (I+G+B) proiektuetarako finantzaketa publikoko aukera nagusiak ezagutu ahal izango dituzte CDTIren eskutik, datorren ostegunean, urtarrilak 29, 10:00etatik 14:00etara, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren egoitzan, Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoan (Zamudio).

Jardunaldira joateko izen-emateak zabalik daude eta helbide honetan egin daitezke


CDTI (Garapen Teknologikorako eta Berrikuntzarako Zentroa) Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren mendeko enpresa-erakunde publikoa da. Bere misioa Espainiako enpresen berrikuntza eta garapen teknologikoa sustatzea da, I+G+Bko proiektuak babestuz eta finantzaketa publikorako sarbidea erraztuz eskualde, nazio eta nazioarte mailan.

Topaketan Juan Luis Romera Santiago CDTIko teknikari eta aholkulariak hartuko du parte, eta indarrean dauden finantzaketa-lerroen ikuspegi praktikoa emango du, baita laguntza horiek jasotzeko baldintzei eta prozedurei buruzko orientazioa ere. Aurkezpenaren ondoren, bertaratutakoek aldebiko banakako bilerak egin ahal izango dituzte CDTIko adituarekin. Saio horiek leku mugatuak dituzte. Izena emateko ordenaren arabera esleituko dira, eta ekitaldian izena emateko formularioan eskatu ahal izango dira.

Gainera, euskal ekosistemako beste enpresa, startup eta ekintzaile batzuk ezagutzeko diseinatutako networking gune bat ere badu programak.
Saioa PIDI Sarean kokatzen da, Garapen Teknologikorako eta Berrikuntzarako Zentroaren (CDTI) informazio puntuen sarean, eta erakundeei proiektu berritzaileak bultzatzeko eskuragarri dauden laguntza publikoetarako sarbidea erraztea du helburu.

Innobasque, PIDI sareko informazio gunea
PIDI Sarea Estatuko lurraldean berrikuntza sustatzen duten erakundeek osatzen dute: zentro teknologikoak, plataforma teknologikoak, elkarteak, merkataritza-ganberak, unibertsitateetako fundazioak, tokiko eta eskualdeko administrazioak, elkargo profesionalak eta enpresa-taldeak. I+G+Brako laguntza publikoei buruzko informazioa eta aholkuak ematea du helburu.

Iazko apiriletik, Berrikuntzaren Euskal Agentzia, Innobasque, sare horren parte da informazio-gune gisa, eta I+G+b proiektuetarako finantzaketa publikoko lerroei buruzko aholkularitza-gaitasuna indartzen du.

Interesa duten enpresek eta erakundeek doako zerbitzu hau eska dezakete Innobasqueren webgunean dagoen inprimakia betez edo [email protected] helbidera idatziz. Talde espezializatu batek kasu bakoitza aztertuko du eta aholkularitza pertsonalizatua eskainiko du

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago