IBM Quantum System Two operatiboa inauguratu dute gaur Eusko Jaurlaritzak eta IBMk IBM-Euskadi Konputazio Kuantikoko Zentroan, Donostian; Europan lehenengoa da, eta hirugarrena mundu osoan. Sistema hori instalatzea mugarria da bi erakundeen arteko lankidetza estrategikoan. Lankidetza hori 2023an sortu zen, BasQ – Basque Quantum ekimenaren baitan, Euskadi teknologia kuantikoen nazioarteko polo gisa finkatzeko Eusko Jaurlaritzak sustatuta.

Ikerbasqueko eraikin berrian dago sistema, IBM-Euskadi Konputazio Kuantikoko Zentroan, eta gaur goizean inauguratu da, Imanol Pradales lehendakariak parte hartu duen ekitaldi instituzionalean. Harekin batera egon dira Jay Gambetta, IBM Quantumeko presidenteordea, Juan Ignacio Pérez Iglesias, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua, Eider Mendoza, Gipuzkoako ahaldun nagusia, Eneko Goia Donostiako alkatea eta Horacio Morell, IBM Españako presidentea. Inaugurazio-ekitaldian izan dira, baita ere, lehenengo eta bigarren lehendakariordeak, Arabako eta Bizkaiko ahaldun nagusiak, bai eta erakundeetako eta zientzia-alorreko, erakundeetako eta enpresetako ordezkari ugari ere.

IBM Quantum System Two instalazioa Estatu Batuetatik kanpo sistema honen bigarren abiaraztea da. 156 qubiteko IBM Quantum Heron prozesadore batek bultzatzen du, eta konpainiak orain arte garatu duen prozesadore kuantiko onenetakoa da. Etorkizunean eskalatu eta hainbat prozesadore integratzeko diseinatuta dago eta, beraz, mugarri teknologikoa da, erabilera-eskalako algoritmoak exekutatzeko aukera ematen baitu, simulazio klasikoaren gaitasunak gaindituta.

Eusko Jaurlaritzak ikerketaren, berrikuntzaren eta aurrerapenaren alde egindako apustua nabarmendu du Imanol Pradales Lehendakariak. “Gure tamainaz jakitun, eta arriskatuz, onenen artean aritzea erabaki dugu, beste behin ere. Gaur, duela 40 urte baino gehiago hartutako bideari jarraipena emango diogu. Eta arrazoia argi dugu: zientzian benetan sinesten dugulako. Gehiago eta hobeto bizi garelako zientziari esker. Teknologia kuantikoek gure egunerokoan eragingo dute, hala nola osasunean, farmako berrien garapenean, komunikazioetan, energian eta zibersegurtasunean. Euskadin ondo kokatuta gaude: apustu ausart eta iraunkorraren fruitu den ekosistema hedatu dugu”. “Sortu dugun abantaila kuantikoa aprobetxatzeko moduan gaude. Gure herriarentzat estrategikoak diren arloetan jarri behar dugu arreta. Gure gida ‘Basque Quantum’ Estrategia da, gaur urrats erraldoia ematen duena. BasQ estrategiaren bidez, ezagutza sortzeko eta talentua erakartzeko imana izango gara. Beste ezagutza- eta berrikuntza-polo eta -ekosistemekin konektatzeko aukera emango digu, herrialdean lehiakortasuna eta garapena handitzeko. Eta, era berean, Europako erresilientzia- eta berrindustrializazio-estrategiarekin bat egiteko aukera emango digu, kontinente eta herrialde gisa aurre egin behar diegun eraldaketetarako funtsezkoak diren azpiegitura eta teknologietako inbertsioa aprobetxatuta”, azpimarratu du Pradalesek.

BasQ-ko zientzia-taldearekin egindako bi urteko lankidetzak emaitza garrantzitsuak lortu ditu energia handiko materialen eta fisikaren zientziaren arloan. Orain helburua da gure taldeek gero eta ekosistema handiagoa indartzea, Europako lehen IBM Quantum System Two honi esker. IBM Quantum Heron prozesadore kuantiko onenaz hornituta dago”, adierazi du Jay Gambetta IBM Research eta IBM Felken-eko zuzendariak.

IBM-Euskadi Konputazio Kuantikoko Zentroko taldeak sistema erabiltzeko aukera du, IBMren beste baliabide batzuekin batera, Europako hegoaldeko ekosistema kuantikoa eraikitzen laguntzeko, garapen ekonomikoa sustatzeko eta algoritmo erabilgarri berriak garatzeko, hala teknologia kuantikoetarako Eusko Jaurlaritzaren IKUR 2030 Estrategiaren ikuspegia lortzen laguntzeko. Algoritmoak garatzeko ahalegin espezifikoek bete-betean laguntzen dute IKUR 2030 Estrategiaren helburuak lortzen, sektore estrategikoetan aplikazioak garatzea xede, hala nola energian, biomedikuntzan eta adimen artifizialean. Euskadi teknologia kuantikoen arloan aitzindari egiten ere laguntzen du Zentroak, eta indartu egiten du IBMk eta Eusko Jaurlaritzak eremu estrategiko horretan garapen zientifiko eta teknologikoaren buru izateko duten konpromisoa.

Etorkizuneko ezagutzarako eta industriarako azpiegitura

Euskadin IBM Quantum System Two abian jartzea komunitate zientifikoaren aurrerapenaren ikur izateaz gain, aukera berriak eskaintzen ditu teknologia sektore estrategikoetara transferitzeko. Sistema berriaren gaitasunei esker, erronka konplexuei erantzun egin ahal izango zaie arlo hauetan: material berrien diseinua, prozesu industrialen optimizazioa, simulazio biomedikoa edo adimen artifizialeko algoritmoak hobetzeko.

Urrats horrekin, Euskadi funtsezko nodo gisa finkatu da IBMren konputazio kuantikoaren sare globalean, eta gorabidean dagoen teknologia horren garapenean aitzindari izateko nahia indartu du. Ekimen horien bidez, sentsibilizazioa, hezkuntza eta prestakuntza sustatzen dira, ikasteko esperientzia berritzaile eta murgilduen bidez, bai ikasleentzat, bai zientzia- eta teknologia-arloko profesionalentzat.

Informazio Gehiago

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago