Euskadik Gobernu Irekiaren erakundearteko plan berri bat du aste honetatik, hirugarrena 2018an Gobernu Irekirako Aliantzaren (OGP, ingelesezko siglak) tokiko gobernuen programan parte hartzeko hautatu zutenetik. Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako foru-aldundiek eta Bilbo, Donostia eta Gasteizko udalek, gizarte zibileko 800 eragile baino gehiagok eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak osatzen dute OGP Euskadi, eta erakunde arteko plan berri hau idazten parte hartu dute.
Euskadi 2025-2028 Planak lau konpromiso berri biltzen ditu, honako printzipio hauek sustatzeko: gardentasunaren, osotasunaren, kontuak ematearen eta herritarren parte-hartzearen printzipioak, hain zuzen ere: herri-ekimenei bultzada handiagoa ematea araudiaren arloan; gazteak jarduera publiko-instituzionalean gehiago inplikatzea; kontuak ematea ahalbidetzeko politika publikoak ebaluatzea; eta haurtzaroan eta nerabezaroan Gobernu Irekiaren kultura eta praktika sortzea.
Laurak batera lan egingo dute, baina bakoitzak gizarte zibileko hainbat erakunde eta eragileren laguntza izango du. Zehazki, Innobasquek, Eusko Jaurlaritzarekin, hiru aldundiekin eta atxiki daitezkeen beste eragile batzuekin batera, hirugarrenean parte hartuko du, eta, beraz, politika publikoak ebaluatzeko eta kontuak eraginkortasunez emateko esparru metodologiko bat definitzen lagunduko du.
Plana 2028. urtea amaitu arte garatuko da, eta, azken ebaluazioa egin aurretik, urtero jarduera-memoria bat aurkeztuko da eta tarteko barne-ebaluazio bat egingo da.
Plan osoa ogp.euskadi.eus helbidean dago eskuragarri.
Gobernu Irekirako Aliantzaren IX. Goi Bilera Globala egingo da Gasteizen
Bestalde, Vitoria-Gasteiz hautatu dute Gobernu Irekirako Aliantzaren IX. Goi Bilera Globala hartzeko. Gaur hasi eta hilaren 10era bitartean egingo da, Europa Jauregian. Goi-bileran, gobernuetako goi mailako 2.000 ordezkari baino gehiago, gizarte zibileko liderrak eta mundu osoko politikak formulatzen dituztenak bilduko dira, gobernu irekiko ekimenetan eta funtsezko gaietan esperientziak, jardunbide hobeak eta aurrerapenak trukatzeko. Programaren puntu garrantzitsuenetako bat Open Gov Awards sariak Open Gov Challenge-aren aurrean aurkeztutako erreforma itxaropentsu eta zirraragarrienei ematea izango da.