Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak bat egin du gaur, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Egunarekin. Horrela, berrikuntzaren eta ezagutza zientifikoa eta teknologikoa hedatzearen arloan euskararen erabilera sustatzeko konpromisoa berretsi du. Ildo horretatik, zenbait pauso eman ditugu berriki berrikuntzaren, zientziaren eta ingurune digitalen arloan euskara erabiltzeko dugun konpromisoa indartzeko.

Aurrerapen horietako bat da Jakindari Euskal Autonomia Erkidegoko Kultura Zientifikoaren aldeko Aliantzara atxiki garela. Ekimen horren helburua da ahaleginak batzea ezagutza zientifikoa euskal gizarteari hurbiltzeko. Horretarako, baterako jarduerak egin, jardunbide egokiak trukatu eta zientziaren presentzia publiko handiagoa aldarrikatzen dugu, desinformazioak markatutako testuinguru batean. Jakindari Ezagutza Gizartean Zabaltzeko Egitasmoaren barruan dago, eta egitasmo hori Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak bultzatzen du. Sail horretako sailburuak, Juan Ignacio Pérez Iglesiasek, azpimarratu du zientzia ondasun publiko irisgarritzat hartu behar dela eta herritarrek eztabaida sozialetan eta prozesu demokratikoetan duten partaidetza kritikoa indartzeko gai izan behar duela.

Proiektu horrekin honako helburu hauek lortu nahi dira: zientzia espazio publikoan hobeto ikusteko moduan jartzea, ezagutza sortzean eta hedatzean gizartearen partaidetza aktiboa sustatzea, dibulgazio inklusiboa bermatzea eta, bereziki, euskararen erabilera sustatzea zientzia-dibulgazioko jarduera guztietan. Gure erakundeak Jakindari aliantzarekin bat egiteari esker, euskaraz ere adierazten den eta lurraldeko bazter guztietara heltzen den berrikuntza baten aldeko apustua sendotzen dugu.

Ildo beretik, Euskorpora elkartearekin lankidetza-hitzarmena sinatu dugu. Elkarte hori Eusko Jaurlaritzak sustatzen du, euskararen corpus digitala garatzeko eta ingurune digitaletan, eta, bereziki, adimen artifizialeko teknologietan presentzia duela ziurtatzeko. Hitzarmen horri esker, aukera berriak aztertuko ditugu euskara erdigunean eta jardun betean izango duten proiektu teknologikoak, ikerketa-proiektuak eta zerbitzu digitalen proiektuak bultzatzeko. Lankidetzak, halaber, elkarrekin lan egitea aurreikusten du arlo emergente horietan lankidetza-proiektuak abian jarri ahal izateko baliabideak mobilizatzeko.

Lankidetza hori indartzeko, Euskorpora Innobasquen kide izatera igaroko da; horri esker, euskara digitalari buruz duen ezagutza espezializatua agentzia osatzen duten eta Euskadiko berrikuntza sustatzeko lan egiten duten 900 erakunde baino gehiagotara helarazi ahal izango da. Ahaleginak batzeak euskararen presentzia elementu kultural gisa finkatzea ahalbidetuko du, bai eta etorkizuneko berrikuntzaren eta teknologien osagai aktibo gisa ezartzea ere.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago