Eusko Jaurlaritzak EAEko nekazaritzako elikagaien katean arriskuak prebenitzeko Elikagaien Segurtasunari buruzko Ikerketaren emaitzak aurkeztu ditu. 2011n hasi zenetik, 621 ikerketa-behar identifikatu dira, eta 87 proiektu finantzatu dira, 8,7 milioi euroko zenbatekoarekin.

‘Baserritik Mahaira’ ikerketa planaren emaitzak Elikagaien Segurtasunaren arloko Ikerketaren Emaitzak Transferitzeko XI. Jardunaldian argitaratu dira. Jardunaldia Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak eta Osasun Sailak antolatu dute, ELIKA Fundazioarekin eta AZTIrekin batera, eta EHUko, ikerketa-zentroetako, administrazioko eta sektoreko 60 lagun baino gehiago bertaratu dira.

Jardunaldian zehar euskal Nekazaritzako Elikagaien Balio Kateari eragin ahal dioten arriskuak murriztu eta prebenitzeko garatutako proiektu zientifikoetan 2023. urtean zehar lortutako emaitzak aurkeztu dira, eta ikerketaren eta berrikuntzaren bidez sortutako ezagutza gizarteratu eta hedatu dira.

Honako hauek izan dira gaur aurkeztutako proiektuetan jorratutako gaiak: bakterioekiko erresistentziak, amina biogenoak gaztan, mikroplastikoak arrain eta itsaskietan, eta kutsatzaile kimikoak.

Aurkeztutako 2023ko emaitzek Ikerketa Planaren erdia markatzen dute, eta horren gauzatze-epea 2022tik 2026ra bitartekoa da.

Planaren lehenengo 3 urteetan 61 ikerketa-premia identifikatu dira, eta Elikagaien Segurtasunaren arloko 33 proiektu finantzatu ditugu, guztira 1,1 milioi euroko zenbatekoarekin. Proiektuen % 91k elikagaien arriskuak kontrolatu eta murrizteko erabakiak hartzean administrazioari laguntzeko balio izan dute. Proiektuen % 64tan nekazaritzako elikagaien sektoreko eragileek lagundu dute eta 30 enpresak hartu dute parte.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago