Ongietorria egin nahi diogu H2SITEri, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren erakunde bazkide berria baita. Enpresa teknologiko hori purutasun handiko hidrogenoaren in situ ekoizpenean eta banaketan espezializatuta dago. Halaber, mintzezko erreaktore aurreratuak garatzen ditu, energiaren sektoreko erronka handietako bati erantzuteko: hidrogenoa modu efizientean garraiatzea.
H2SITEk, paladio-aleazioko mintzen teknologia aurreratuari esker, erabilera-puntuan bertan purutasun handiko hidrogenoa (>% 99.99) sortzea eta purifikatzea ahalbidetzen du, modu efiziente eta errentagarrian eta ingurumena errespetatuz. Mintz horiei esker, hidrogenoa gasen nahasketa konplexuetatik bereiz daiteke, kontzentrazio txikietan bada ere; hortaz, H2SITE aplikazio banatu eta modularretarako soluzio ezin hobea da.
H2SITEren proposamen berritzailean hidrogenoaren ekoizpena deszentralizatu egiten da, eta horrek garraiatzeko eta biltegiratzeko azpiegitura garestien beharra desagerrarazten du, amoniakoaren (NH₃) cracking-ean edo hidrogeno ugariko gas-nahasketen banaketan oinarritutako sistema trinkoei esker.
H2SITEk sektore estrategikoei ematen die zerbitzua, besteak beste industria kimikoari, garraioari, energiari edo itsasoko sektoreari, eta modu aktiboan laguntzen du hidrogenoaren ekonomia hedatzen eta energia-trantsizioa sustatzen.
Proiektu esanguratsuenen artean, H2SITEk HERMES proiektua koordinatzen du: “Gas-industrialen korrontetan jarritako mintzen bidez hidrogenoaren arazketa efizientean aurrera egiten”. Proiektu hori Europar Batasunak finantzatzen du Horizon Europe programaren bidez.
Proiektuaren helburu nagusia da jauzi kualitatiboa egitea hidrogenoa arazteko efizientziaren esparruan, eta, horretarako, mintz berritzaileen bi teknologia erabiltzen dituzte: paladio-aleazioetan oinarritutako mintzak eta karbono-bahe molekularreko mintzak (CMS).
Bi prototipo garatu eta probatuko dira inguru industrialetan; horietako bakoitza eguneko purutasun handiko 100 kg hidrogeno bereizteko diseinatuta dago, konposizio aldakorreko gas-korronteetatik abiatuta. Bi mintz motak prototipoetako bakoitzean ebaluatuko dira.
Proiektuak nazioartean partzuergo sendoa du; izan ere, 4 herrialdetako 7 bazkidek osatzen dute. Partzuergo horrek ikerketa-zentroak, unibertsitateak eta industria-eragileak biltzen ditu, hidrogenoari lotutako soluzio garbi eta deszentralizatuak bultzatzeko.
H2SITEk proiektua koordinatzen du, eta horrek agerian uzten du etengabeko konpromisoa duela, paladio-aleazioko mintzezko erreaktoreetan oinarrituta, hidrogenoa in situ ekoizteko eta bereizteko teknologia eraginkor eta ekonomikoak garatzeko.
H2SITEk Innobasquerekin bat egingo du, Euskadiko berrikuntza-ekosisteman aktiboki parte hartzeko konpromisoa indartzeko. Halaber, agentziaren zerbitzuen laguntza jasotzea du helburu, nazioartean duen presentzia finkatu eta areagotzeko, eta enpresaren garapena eta lehiakortasuna sustatuko duten prestakuntza-programetan sartu ahal izateko.