Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, urteko lehen seihilekorako doako formakuntza-eskaintza aurkeztu du, 15 ikastarorekin, helburu nagusi hau oinarri hartuta: Euskadiko enpresa eta antolakundeen gaitasun berritzaileak hobetzea.
Formakuntza ikastaro horiek Euskadiko hiru lurraldeetan banatuko dira, Berrikuntzaren Euskal Agentziaren konpromisoa berrikuntza lurralde osoko enpresa eta entitateetara hurbiltzea baita, eta haiei guztiei prestakuntza espezializatua eta kalitatezkoa bideratzea.
Aurtengo lehen seihilekoko ikastaroak hiru bloketan banaturik daude, eta bakoitza profil jakin bati zuzendurik dago: alde batetik, ETEak; bestetik, beren I+G+b arloa nazioartekotzeko interesa duten entitateak; eta, azkenik, erakunde bazkideentzat berariaz antolatutako ikastaroak. Nolanahi ere, ikastaro guztietan berrikuntzaren ikuspegi praktikoa da ardatza.
Era horretara, enpresa munduan entzute eta eskarmentu handia duen irakasle-talde bati esker, Innobasquek partaideen beharrizan eta errealitatera egokitzen du prestakuntza. Hala, formakuntza horren bidez, jarraibideak eta tresnak ematen dizkie praktikan jartzeko, eta, orobat, sarbidea eskaintzen die berrikuntzaren euskal sistemara eta edozein prozesu eraldatzailetan bidelagun izan ditzaketen eragileen sarera.
Enpresa txiki eta ertainen kasuan, ikastaroak otsailaren 26an hasiko dira Donostian, eta apirilaren 23an amaituko dira. Donostian ez ezik, Bilbon eta Gasteizen ere izango dira ikastaroak. Beren I+G+b arloa nazioartekotzeko interesa duten enpresei zuzendutako blokea martxoaren 10 hasi eta maiatzaren 26an amaituko da. Ikastaro guztiak Innobasqueren Zamudioko egoitzan izango dira. Bestalde, berariaz erakunde bazkideentzat antolatutako ikastaroak otsailaren 10ean hasi eta ekainaren 17n bukatuko dira. Horiek ere aurrez aurreko formatuan egingo dira Berrikuntzaren Euskal Agentziaren egoitzan. Bazkideei bideratutako formakuntza horretan, berrikuntzarekin lotutako saio orokorrak eta sektore edo gai jakinei lotutako ekintza espezifikoak eskainiko dira, azken hauek lehenbailehen praktikan jartzeko xedearekin.
Aurreko urtean, 445 euskal entitatek hartu zuten parte prestakuntza-programan. Partaideek, gainera, ikastaroen oso balorazio ona egin zuten ebaluazioetan, 10etik 8,9 puntu, eta batez ere haien izaera praktikoa eta enpresen benetako erronkekin bat etortzea azpimarratu zuten.




