Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak Eslovakiak eta Austriak osatutako Interreg taldeko ordezkari baten bisita jaso du gaur goizean. Talde horrek Agentziak Industria 4.0 garatzeko euskal estrategiaren barruan dituen funtzioak ezagutu nahi ditu. Interreg Europa EBren barruan sortutako lankidetza programa bat da, eskualdeen arteko desberdintasunak murrizteko eta Europa lehiakorragoa, konektatuagoa, jasangarriagoa eta inklusiboagoa eraikiko duten proiektuak garatzeko. Ordezkaritza horren bisitak agerian uzten du euskal berrikuntza sustatzeko politikek gure mugetatik kanpo duten interesa, eta, horien barruan, Agentziak betetzen duen zeregin bideratzailea.
Ordezkaritzako kideen artean daude Vienako Udalaren berrikuntza politiken arduradunak, Comenius eta Bratislavako Teknologia unibertsitateetako irakasleak, EIT Manufacturing East erakundeko kideak (Berrikuntza eta Teknologiako Europako Institutuaren Ekialdeko Eskualdeko berrikuntza komunitatea), Accent goi teknologiako Vienako inkubagailuaren proiektu buruak eta Austriako Industria 4.0 Elkarteko eta Berrikuntzaren Ekonomiarako Eslovakiako Aliantzako (SAPIE) kideak.
Innobasquen, ordezkaritza honetako kideek Agentziak berrikuntzaren euskal ekosistemaren eragile dinamizatzaile gisa egiten duen jarduerarekiko eta haren metodologiekiko interes berezia izan dute, bai funtsezko sektore eta joerak identifikatzeko, bai hasitako ekimenen eraginaren jarraipena eta azterketa egiteko. Azkenik, berrikuntza irekia eta STEAM hezkuntza sustatzeko garatutako programak ere aztertu dituzte.
Gainera, Euskal Herrira egindako bisita horretan, SPRI Taldeko arduradunekin biltzeko aukera ere izan dute, Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak ezarritako berrikuntza-estrategia eta Basque Digital Innovation Hub sarearen zein BIND programaren funtzionamendua ezagutzeko. Azkenik, BAT B Accelerator Tower, TKNIKA, BasQ Quantum Initiative eta Tecnalia enpresen instalazioak bisitatu dituzte.