Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Innobasquek lankidetza-hitzarmen bat sinatu berri du Euskorporarekin, Eusko Jaurlaritzak sustatutako irabazi-asmorik gabeko elkartearekin, euskararen corpus digitala garatzeko eta ingurune digitaletan euskararen presentzia bermatzeko, batez ere adimen artifizialaren esparruan. Elkarrekin, bi erakundeek, aukera berriak aztertuko dituzte euskarak zeregin aktibo eta garrantzitsua duen proiektu teknologiko, ikerketa eta zerbitzu digitaletan.
Innobasquek eta Euskorporak, hartara, konpromisoa hartzen dute adimen artifizialeko inguruneetan euskararen presentzia digitala indartzera bideratutako proiektuak diseinatzen, sustatzen eta gauzatzen laguntzeko, bai eta lankidetza-proiektuak abian jartzeko baliabide ekonomikoak lortzen laguntzeko ere.
Bi erakundeen arteko lankidetza, gainera, sendotu egingo da Euskorpora Innobasquen sartuta. Horri esker, elkarte honek euskara digitalari buruz duen ezagutza Innobasque dagoeneko osatzen duten eta Euskadin berrikuntza sustatzeko lan egiten duten 900 erakunde baino gehiagotara hurbilduko du, orain baita hizkuntzaren arloan ere.




