Berrikuntzaren Euskal Agentziako Zuzendaritza Batzordeak urteko bigarren batzarra egin du gaur, abenduak 10, Zamudioko bere egoitzan, eta bertan onespena eman dio Agentziaren 2025eko ekitaldiaren kudeaketari, beste gai batzuen artean.
Imanol Rego buru zela, Innobasqueko gobernu-organoak aho batez onartu ditu eguneko gai-zerrendako puntuak, besteak beste, honako hauek: 2025eko itxierako aurreikuspena eta 2026ko aurrekontuaren aurrerapena; 2025eko jarduera-txostena; 2026-2029 plan estrategikoaren aurrerapena; Zuzendaritzako Batzordeko eta Batzorde Eragileko kideei buruz hartutako erabakiak eta 2025ean betetze-sistemari buruzko informazioa (Compliance). Saioaren ondoren, Innobasque Zuzendaritza Batzordean sartu dira Rosa María Carabel Di Paola, Eroski Taldeko CEOa, Iñigo Loizaga Urbistondo, CIE Automotiveko Ingeniaritza, Kalitate eta Ingurumen zuzendaria, eta Xele Olaizola Azurmendi, Kutxabankeko Berrikuntza arduraduna.
Era berean, 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren (2030ZTBP) birformulazioari buruzko informazio-saioa ere egin da. Juan Ignacio Pérez Iglesiasek, Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza sailburuak eta Innobasqueko Zuzendaritza Batzordeko presidenteordeak, Adolfo Morais sailburuordea lagun zuela, plan gaurkotuaren funtsezko ildoak aurkeztu ditu. Planaren eguneratze horrek hauxe du helburu nagusi: 2021. urteaz geroztik sortu diren aldaketa zientifiko, teknologiko eta sozial sakonei erantzutea.
Planaren eguneraketak, halaber, bide-orri berritu bat zehaztu du, Euskadiko zientzia, berrikuntza eta lehiakortasuna sendotzeko 2030era arte. 2030 ZTBPan zehazten dira, beraz, I+G+b arloko, berrikuntzako, ikerketa aplikatuko eta transferentzia teknologikoko lehentasunak 2030. urtera arte. 2030 ZTBP, Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana da 2021-2030 aldirako: estrategia-esparru horretan jasotzen dira zientzia, teknologia, berrikuntza eta industria-garapenaren arloetako Euskadiko politikak, lehentasunak eta helburuak, ekonomiaren, gizartearen eta produkzioaren esparruetan herrialdearen aurrerabidea bultzatzeko.
Innobasqueren Zuzendaritza Batzordeari buruz
Berrikuntzaren esparru estrategikoetako maila goreneko 60 kidek osatzen dute, gaur egun, Berrikuntzaren Euskal Agentziako Zuzendaritza Batzordea, nahitaez modu honetan banatuta: %25 Euskadiko erakunde publikoetako ordezkariak eta langileen eta enpresaburuen ordezkariak; %25 enpresa eta elkarteetako ordezkariak; %25 zientzia, teknologia eta irabazi asmorik gabeko elkarteetako eragileak; eta, azkenik, %25 bizitza sozial, ekonomiko eta kulturaleko ordezkariak.
Agentziaren gobernu-organo gorena da Zuzendaritza Batzordea. Gaur egun, Innobasqueko bazkide diren 900 entitate inguruk osatzen dute Euskadiko lankidetza publiko-pribatuko sarea, eta horko ordezkariak dira arestian aipatutako maila goreneko 60 kide horiek.
Hauek dira Zuzendaritza Batzorde horren funtzio nagusiak: Agentziaren estrategia zehaztea eta gainbegiratzea, aurrekontuak onartzea, urteko kudeaketa zaintzea eta Innobasqueren balioak ordezkatzea. Batzordeak bermatzen du, orobat, Agentziaren erabakiak bat datozela berrikuntza arloko Euskadiko lehentasun estrategikoekin.




