Innobasque – Berrikuntzaren Euskal Agentziako erakunde bazkideen sarearen ekitaldiez, jardunaldiez, sariez eta laguntza-deialdiez hornitzen da gure berrikuntza-agenda, eta horrek berrikuntzaren gertaera gogoangarri nagusiak ezagutarazten ditu. 

Esteka honetan, berrikuntzarako eta I+G arlorako Europako, Espainiako eta Euskadiko laguntzak biltzen dituen txosten bat dago. 

 

Urtarrilaren 18an

EKONOMIALARIAREN AGORA, INDUSTRIA, MERKATARITZA ETA TURISMO MINISTRO REYES MAROTOREKIN

2021eko urtarrilaren 18an –astelehena– , 09:30etik 10:30era, Industria, Merkataritza eta Turismo ministro Reyes Marotorekin solasaldia izango da, lineako formatuan eta zuzenean.

Antolatzailea: El Economista

 

Urtarrilaren 18an, 19an eta 20an

INNPOWER HELSINKI-BIZKAIA

INNPower inspirazio bidai bat da, ikaskuntzak eta aukerak dakarzkizuna. Edizio bakoitzean, hiri eta leitmotiv bat aukeratzen dugu, bertoko emakume erreferenteek praktikatik beren ikuspegia eman diezaguten. Taldeko tailer dinamiken bidez osatzen dugu, zurekin metodologia eta lana eginda eraman ditzazun. Aurtengo edizioan gaur egun funtsezkoa den gai bat jorratuko dugu: estrategia ziurgabetasunean. Garrantzitsua eta estrategikoa den horretan pentsatzeko denbora blindatzea nahitaezkoa da, batez ere, zure eginkizunen zerrendetan estrategiaren gaia behealdean badago. Horregatik prestatu dugu programa hau, zure negozioa jasangarriago egin dezazun, zurekin baliabideak eta tresnak eraman ditzazun. Beharbada pentsatuko duzu ziurgabetasuna hain dela handia, ezen planifikatzeko tarterik ez dagoen. Edo estrategia buruan nola edo hala argi duzula. Baina denbora geldiarazteak eta estrategia mamitzeari ekiteak ikuspegi berria eta indar handiagoa emango dizkizute.

EmakumeEkin-en programa, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailaren eskutik.

 

Urtarrilaren 21ean

ONLINE TALK: PRESTA ZAITEZ ZURE NEGOZIOA DIGITALIZATZEKO

Go4IT Solutions-en kasua ezagutuko da. Start-up horren helburua da utzitako sistemak modernizatzeko irtenbideak eskaintzea, digitalizazioaren aurreko urrats gisa. Tecnaliako Partaidetzapeko Enpresen Kudeaketako arduradun Igor Aristizabalek dinamizatuko du saioa, eta, bertan, digitalizazioak zure negozioa hobe dezakeela erakutsiko da. Adibide gisa, Tecnaliak garatutako tresna teknologiko bat hartuko da: deep tech venture building prozesuaren bidez eta Tecnalia Ventures-en gidaritzapean, zentroak teknologia merkatura transferitzeko hiru oinarriak elkarrekin lotu ditu; hain zuzen ere, gaitasun teknologikoak (minds), negozio-profila duten pertsonak (management) eta inbertitzaileak (money). Horrela sortu da Go4IT Solutions.

Antolatzailea. Tecnalia Ventures

 

OEPMren MAHAI-INGURU BIRTUALA: ERABILERA-FROGA ZEINU BEREIZGARRIAK ERREGISTRATZEAN

Duela gutxi, 2018ko Marken Legea berritu da, eta aldaketak egin ditu 2015/2436 Zuzentaraua (EB) egokitzeko. Horri esker, Espainiako sistema eta gainerako sistema nazionalak harmonizatu egin dira, eta Europar Batasuneko markari buruzko araudiarekin bat egin dute. Erreforma horrek ekarri dituen berrikuntza nagusietako bat izan da erabilera-froga gehitu dela Espainiako erregistro-prozeduran. Erabateko iraultza eragin du eskatzaileentzat eta aurkarientzat, eskatzaileak erregistro-eskaera defendatzeko aukera duelako eta aurkariak aurreko marka benetan erabiltzen zuela frogatu behar duelako. Defendatzeko bide hori berria eta garrantzitsua denez, zeinu bereizgarrien eskatzaileek eta titularrek informazio ugari eskatu diote Patenteen eta Marken Espainiako Bulegoari (OEPM). Hortaz, badirudi mahai-inguru hau tresna egokia izango dela OEPMn izapidetzen diren prozeduren harira erabilera-frogaren inguruan sortzen diren galderei erantzuteko. 2021eko urtarrilaren 21ean, osteguna, izango da saioa, 12:00etan, streaming kanal honen bidez, eta gutxi gorabehera ordu eta erdi iraungo du. Ez da aurretik izena eman behar.

Antolatzailea: Patenteen eta Marken Espainiako Bulegoa (OEPM)

Urtarrilaren 25ean

 SEKTORERAKO RESKILLING PROGRAMAK.IKASTAROA: ROBOTIC PROCESS AUTOMATION (RPA)

19 eta 29 urte bitarteko gazteentzako ikastaroa. RPA (Robotic Process Automation) prozesuak automatizatzeko sistema bat da. Bizkor hazten ari den teknologia bat da, eta, hari esker, enpresek giza erabiltzaileen ekintzak imitatzen dituzten software-sistema adimendunak edo software-robotak aplika ditzakete. Era askotako industrietan ezar daiteke, baldin eta pertsonek bolumen handiko zeregin errepikakorrak egiten badituzte; horrela, zeregin horietatik liberatu, eta balio handiagoko zereginak egin ditzakete. Prestakuntza-programa honetan ez da aurretik ezer jakin behar. Enplegura bideratuta dago, eta, haren bidez, ikasleak prozesuak automatizatzeko talde batean sartzeko behar dituen gaitasun tekniko eta profesional guztiak garatuko ditu. Batez ere automobilgintzaren sektoreko enpresetan eta beharretan jarriko da arreta. 

Antolatzaileak: EOI Escuela de Organización Industrial, Fundación Generation eta Gestamp

 

Urtarrilaren 29an

HITZALDIA: 2021erako ETORKIZUN EKONOMIKOA ETA FINANTZARIOA

Irakaslea: Emilio Ontiveros, Analistas Financieros Internacionales enpresaren presidentea. Streaming bidez ikusi eta entzun ahal izango da hitzaldia.

Antolatzaileak: Deusto Business School eta Elkargi 

 

Otsailaren 1ean

AUTOMOBILGINTZAREN SEKTORERAKO RESKILLING PROGRAMAK.IKASTAROA: EKOIZPEN-PROZESU ADIMENDUNETAN ADITUA

19 eta 29 urte bitarteko gazteentzako ikastaroa. Gaur egun, gero eta lehiakortasun eta produktibitate handiagoa eskatzen zaie ekoizpen-sistema industrialei, eta enpresetako automatizazio industrialeko sistemak eta kudeaketa-sistema digitalak bilakaera teknologiko bizkorra izaten ari dira. Itxuraz bi alderdiak areagotu egingo direnez, beharrezkoa da teknikariek bi alderdi horien ikuspegi orokorra izatea. Ikastaro honi esker, fabrikazio adimenduneko sistemetan aditu gisa jardun ahal izango du ikasleak zeregin ugari automatizatuta dauzkaten automobilgintzaren sektoreko enpresetan, baldin eta haien jarduerek lan- eta kudeaketa-sistema digital guztiak integratzeko joera badute. 

Antolatzaileak: EOI Escuela de Organización Industrial, Fundación Generation eta Gestamp

 

 

Otsailaren 15era arte

BIOLOGIA MATEMATIKOAN EKUAZIO DIFERENTZIAL PARTZIALEN BIDEZKO MODELIZAZIOARI BURUZKO DOKTOREGO ONDOKO BEKA BATERAKO DEIALDIA

Deialdi honek pil-pilean dauden gaietan elkarrekin ikertzen aritzea sustatu nahi du (besteak beste, ikaskuntza automatikoko metodoak eta PDE izenekoak), eta, horrela, dauden ikerketa-arloak indartu eta sinergiak sortu, nagusiki biologia matematikoaren arloan. Edozein nazionalitatetako doktorego ondoko ikertzaileei zuzenduta dago programa. Urtebete iraungo dute kontratuek BCAMen (Basque Center for Applied Mathematics), eta beste urtebetez luzatu ahal izango dira Oxfordeko Unibertsitateko Matematika Institutuan.

Deitzaileak: BCAM eta Oxfordeko Unibertsitatea

 

Otsailaren 22an eta 23an

I+G SUSPERRALDIAN: ZER ESKAIN DEZAKE HORIZONTE EUROPAK?

I+Gk eta berrikuntzak era askotara zehaztu dute munduak COVID-19ari ematen dion erantzuna. Kontua da, orain, susperraldian eta haratago dauden eraldaketa ekologiko eta digitaletan zeregin garrantzitsua ere izango ote duten. Europar Batasuna Horizonte Europa abiarazteko prestatzen ari den bitartean, haren hurrengo I+G+b esparru-programak, Science|Business-ek, industria, politika, zientzia eta gizarteko liderrak bilduko ditu, Horizontek datorren hamarkadan modu errealistan eskain dezakeenaz eztabaidatzeko, baita pandemiatik “hobeto berreraiki” nahi den munduan I+G+b-k izango duen balio estrategikoaz ere.

Antolatzailea: The Science|Business Annual Network Conference

 

 

 

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago