Matematika Aplikatuko Euskal Zentroko (BCAM) zuzendari zientifikoak, Konputazioaren Zientziako eta Adimen Artifizialeko katedradunak Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Informatika Fakultatean eta Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziako Zuzendaritza Batzordeko kide José Antonio Lozanok jaso du iazko Ikerketako Euskadi Saria, adimen artifizialaren eta datuen zientziaren arloan egindako ekarpen garrantzitsuengatik.

Imanol Pradales lehendakariak eman zion saria, asteartean, hilak 8, Lehendakaritzan egindako ekitaldi batean. Bertan izan zen, halaber, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesias.

Pradalesek Lozanoren lana eskertu nahi izan zuen, “jendeari begietara begiratuz” egiten den politikaren adibide delako eta gizarteari onura nabarmenak ekartzen dizkiolako. “Bere algoritmoei esker – zerrendatu du Lehendakariak –, pertsona bat edo bikote bat gertuago dago gaur egun familia bat sortzeko, ama edo aita izateko nahia eta ilusioa betetzetik; bere algoritmoei esker, Eusko Jaurlaritzak funtsezko erabakiak hartu ahal izan zituen pandemia betean, giza bizitzak salbatuz; eta, bere algoritmoei esker, Europako Batzordeak antxoaren arrantza berriro ireki zuen Bizkaiko Golkoan, gure arrantzaleei bizimodua ateratzeko aukera emanez, gure kostaldetik ehunka miliara arrantzatu behar izan gabe. Lozano jauna, hau bai dela zientzia egitea jendearen begietara begira. Eta guk eskerrak baino ezin dizkizugu eman horregatik ”.

Ekitaldian, Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak adimen artifizialak Euskadiren garapen zientifiko eta teknologikoan duen garrantzi estrategikoa nabarmendu zuen. “Kontua ez da adimen artifizialaren olatuak arrastaka eramaten uztea, hura sortzen eta bultzatzen laguntzea baizik. Eusko Jaurlaritza bat dator ikuspegi horrekin. Horixe da berrikuntzaren itsasargia formulatzeko proposamenak inspiratzen dituena, eta horrek markatuko du gure ibilbidea arlo horretan datozen urteetan ”, azpimarratu zuen. Testuinguru horretan, José Antonio Lozanoren eta bere taldearen lana nabarmendu zuen: “Funtsezkoa da Euskadin arlo horretan lehen mailako gaitasunak garatzea, eta horregatik da hain garrantzitsua José Antonioren eta haren lankideen lana, gaur egun, nolabait, hark ordezkatuta”.

“Hezkuntza publikoaren emaitza naiz”

José Antonio Lozanok, 2019tik Matematika Aplikatuko Euskal Zentroko (BCAM) zuzendari zientifikoak, bere hitzaldiaren zati nabarmen bat hezkuntza publikoak bere bizitza eta ibilbide profesionalean izan duen papera aitortzera bideratu zuen. Astrabuduan jaioa eta familia apal batetik etorria — “nire gurasoek ez zuten lehen hezkuntza gainditu eta ez zuten inoiz Palentzia eta Bilbo arteko bidea baino haratago bidaiatu” —, irakaskuntza sistema publikoari esker karrera zientifiko bat eraiki ahal izan zuela adierazi zuen. “Eremu publikoaren emaitza naiz: eskolan, institutuan eta unibertsitate publikoan ikasi nuen, eta bekak lortu nituen nire prestakuntza osatzeko”, adierazi zuen.

Lozanok balioan jarri zuen hezkuntzarako berdintasunezko sarbide hori, gizartea eraldatzeko eragile gisa, eta berariaz eskertu zion Eusko Jaurlaritzari zientziaren eta ezagutzaren alde egindako apustua, bere ibilbidean funtsezkotzat jotzen duen politika. “Gaur hemen banago, Eusko Jaurlaritzak zientziarekin duen konpromiso irmo eta jarraituari esker da”, adierazi zuen. Ikerketaren balio estrategikoa gizarteari helarazten jarraitzearen garrantzia ere azpimarratu zuen: “Zientzian inbertitzea, zalantzarik gabe, ezinbesteko inbertsioa da Euskadiren etorkizuna bermatzeko”.

Hitzaldian, aitorpen hitzak ere izan zituen bere karrera markatu duten erakundeentzat, hala nola EHUko Informatika Fakultatearentzat eta BCAM berarentzat, bere “bigarren etxe” gisa definitu baitzuen, non adimen artifizialean ikerketa lanarekin jarraitu ahal izan duen. Azkenik, eskerrak eman nahi izan zizkion bere ingurune hurbilenari, bereziki familiari, urteetan zehar emandako laguntzagatik: “Eskerrik asko ahaleginagatik, eta, beraz, sakrifizioagatik. Bihotzez espero dut merezi izana ”.

Partekatu albiste hau