Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziako kide den Euskalitek, aurten ere koordinatzen du Euskadiko Kudeaketa Aurreratuaren Europako Astea, aurten 31. edizioa izango dena. Hori dela eta, erakundeak tailer, hitzaldi eta jardunaldi egitarau zabala prestatu du, eta, edizio honetako berritasun gisa, hilaren 8an hasiko da, Bilboko BAT Dorrean, inaugurazio ekitaldi batekin. Javier Martínez Aldanondo nazioarteko aholkulari eta ezagutzaren kudeaketan erreferenteak emandako “Adimen artifizialaren aroan etorkizunari aurrea hartzeko ikaskuntza kultura” hitzaldia izango da hilaren 22ra arte luzatuko diren ekitaldien programari hasiera emango dion jardunaldiaren ardatz nagusia.

Guztira, lehiakortasunaren eta enpresa-erresilientziaren eragile den erakunde-kulturaren inguruko 37 ekitaldi egingo dira hiru lurralde historikoetan, horietako batzuk Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako beste erakunde bazkide batzuek antolatuta.

Besteak beste, hitzorduaren edizio berri honetan euskal enpresek gaur egun dituzten erronka nagusietako bat jorratuko da, hala nola belaunaldi berriak erakartzea edo adimen artifiziala kudeaketaren eta erabakiak hartzearen funtsezko prozesuetan sartzea.

Lanbidek belaunaldien arteko erreleboa sarituko du

Esparru horretan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak antolatutako ekitaldia nabarmendu behar da. Urriaren 13an izango da, Bilboko Euskalduna Jauregian, “Pertsona enpresaren erdigunean: talentua, erreleboa eta aniztasuna” izenburupean. Jardunaldia 12:00etan hasiko da, eta Lanbidek enpresei eskaintzen dizkien programak eta zerbitzuak ezagutzeko eta belaunaldien arteko erreleboa, talentua eta aniztasuna kudeatzeko jardunbide egokiak publikoki aitortzeko aukera emango du.

Innobasquek Lanbiderekin lankidetzan dihardu Lan Mentoring programa garatzen, euskal erakundeetan belaunaldien arteko erreleboa errazteko. Lankidetza horren parte gisa, Innobasquek kasuen hautaketan parte hartu du, baita aintzatespen horretarako aurkeztutako hautagaitzak ebaluatzeaz arduratuko den epaimahaian ere.

Programa osoa esteka honetan kontsulta dezakezu.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago