Material aurreratuak eta baterien teknologiak ikertzeko Europako M-ERA.NET sareak euskal partaidetza duten zazpi proposamen sartu ditu aurtengo deialdian parte hartuko duten proiektuen aurre-hautaketan. Guztira, 338 aurre-proposamen aurkeztu dira lehen fase honetara. Horien bidez, 33 herrialdetako 1.804 eskatzaile bildu dira, material aurreratuetan I+G arloko nazioarteko lankidetza-proiektuetan integratzeko interesa dutenak.
Euskal partaidetza duten aurrehautatutako zazpi proposamenek konposite aurreratuen, material funtzionalen eta energia-aplikazioetarako material jasangarrien ikerketa dute ardatz, eta Austria, Txekiar Errepublika, Frantzia, Hungaria, Polonia, Eslovenia, Suedia, Suitza eta Flandes eta Valonia eskualdeetako (Belgika) eta Saxoniako (Alemania) erakundeekin lankidetzan aurkeztu dira.
M-ERA.NET Europako sare bat da, eta deialdi honetan 30 herrialdetako 38 finantzaketa-agentzia biltzen ditu, material aurreratuetan berrikuntza laguntzeko nazioko eta eskualdeko programak koordinatzeko, Europako Itun Berdearen ildotik. Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetikoa eta Iraunkortasuna Saila ordezkatzen du sarean, eta harremanetarako gunea da deialdietan parte hartu nahi duten euskal enpresentzat.