Dagoeneko eskuragarri dago STEAM Sareren katalogoaren laugarren edizioa. Katalogo hori Euskadiko ikastetxeen zerbitzura dagoen hezkuntza-tresna da, eta 2025-2026 ikasturterako 60 proposamen eskaintzen ditu bokazio zientifiko eta teknologikoak sustatzeko Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleen artean.

Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate, Berrikuntza eta Hezkuntza sailek sustatzen dute, eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak koordinatzen du. Katalogoa STEAM Euskadi estrategiaren parte da, eta 41 euskal erakunderen lankidetzari esker osatzen da. Erakunde horietako 11k lehengo aldiz hartzen dute parte STEAM Sareren katalogoan.

Proposamenak hiru multzotan banatzen dira:

  • Iraupen motzeko 38 STEAM jarduera.Bat datoz hezkuntza-curriculumarekin, eta ikastetxeek planteatutako premietatik abiatuta diseinatu dira. Horiek arlo zientifiko-teknologikoko profesionalen lankidetzarekin garatzen dira.
  • Iraupen ertain eta luzeko 9 hezkuntza-programa. Honako hauek sustatzen dituzte: ikerguneak, enpresak, unibertsitateak, LHko zentroak eta beste euskal erakunde batzuk.
  • STEM orientabideko 13 jarduera.Horien helburua da erakustea, sektoreko profesionalekin harreman zuzenaren bidez, diziplina zientifiko eta teknologikoek eskaintzen dituzten profil profesionalak eta aukerak anitzak direla.

Katalogoko jardueren bidez, ikasleek honako hauek egin ahalko dituzte, besteak beste: hurbiletik ezagutu teknologia zenbait sektore gako eraldatzen ari dela (hala nola nekazaritza eta energia-sektorea); hidrogenoak soluzio jasangarri gisa duen potentziala aztertu; printzipio aeronautikoekin esperimentatu; programazio-erronketan parte hartu, erronka globalei aurre egiteko; edo, prototipo zientifikoak diseinatu (adibidez, partikulen azeleragailu batean oinarritutako neutroien iturri bat).

Gainera, berrikuntza nabarmen gisa, jarduera guztiek barne hartzen dute STEM irteera-profilaren deskribatzaileekin duten lotura. Horri esker, ikastetxeek gako-gaitasunak identifika ditzakete, hala nola arazoen ebazpena, esperimentazioa, jasangarritasuna edo ezagutzaren hedapena

Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeek katalogoko ekimenetan parte hartu nahi badute, izena emateko eskaera-orria bete ahal izango dute maiatzaren 26ra arte. Datorren ikasturterako jardueren katalogo osoa eta izena emateko inprimakia webgune honetan daude eskuragarri: https://steam.eus/steam-sare-katalogoa/

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago