Joan den uztailaren 3an, Euskadiko Parke Teknologikoaren Zamudio/Derio Campusean STEAM Sare sarearen topaketa bat egin zen, eta sareko kide diren erakunde batzuetako ordezkariek parte hartu zuten, ikaskuntzak partekatzeko, proiektuaren bilakaerari buruz hausnartzeko eta lankidetzan lan egiteko Zientzian, Teknologian, Ingeniaritzan eta Matematikan hezkuntza sustatzen duten jardueren katalogoa eguneratzen.
Amaia Esquisabel Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saileko Zientzia Politikarako zuzendaria eta Aitor Uriondo Hezkuntza Saileko Ikaskuntza eta Berrikuntza zuzendaria izan ziren ekitaldian. Biek nabarmendu zuten STEAM Sare sarearen zeregina, hezkuntza sistemaren eta Euskadiko sare sozioekonomikoaren arteko konexio bide gisa eta ikasleei esparru estrategikoetan garapen akademiko eta profesionalerako aukera berriak irekitzeko tresna gisa. Era berean, jardunaldian parte hartu zuten sareko kide diren erakundeei beren konpromisoa eta inplikazioa eskertu nahi izan zieten.
Balantzea eta etorkizunari begira
Topaketan, 2024/25 katalogoko datu garrantzitsuenak partekatu ziren, 834 parte hartzeko eskaera erregistratu baitziren, eta 39.000 ikaslek baino gehiagok eman zuten izena guztira 54 jardueratan, eta horietatik 19 berriak ziren. Martxan jartzeko, Euskadi osoko 40 erakundek eta 207 ikastetxek hartu zuten parte. Ikastetxeek 10etik 8,6ko batez besteko notarekin baloratu zuten jarduerekiko gogobetetzea, eta bereziki nabarmendu zuten erabilgarritasun praktikoa, edukien interesa eta irteera profesionalekiko lotura.
Era berean, 2025/2026 ikasturterako STEAM jardueren eskaintzan parte hartzeari buruzko datuak aurkeztu ziren. 60 proposamenek osatzen dute eskaintza, eta horietatik 16 argitaratu gabeak dira. 200 ikastetxek 899 eskaera egin dituzte, eta 45.674 ikaslek parte hartu dute.
Katalogoaren hirugarren eta laugarren edizioen balantzeak jardueren etorkizuna proiektatzeko abiapuntu gisa balio izan zuen. Jarduera horiek ekimen estrategiko gisa finkatzen dira, Euskadiko gazteen artean STEAM bokazioak sustatzeko, hezkuntza komunitatearen eta lurraldeko ekosistema zientifiko-teknologikoaren eta enpresarialaren arteko harremana estutuz.
Programaren zati horri esker, ikasleen eta ingurunearen eskaera emergenteei hobeto erantzuteko ideiak jaso ahal izan ziren, baita STEAM Sareren bereizgarri den ikuspegi praktikoa, inklusiboa eta bokaziozkoa indartzen jarraitzeko ere.
STEAM Sareri buruz
STEAM Sare ikastetxeak eta eragile sozioekonomikoak (enpresak, unibertsitateak, zentro teknologikoak eta beste erakunde batzuk) STEM profesionalekin konektatzen dituen sare bat da, bokazio zientifiko-teknologikoak inspiratzeko.
Jarduerak ikastetxeen beharretatik abiatuta antolatzen dira, landutako ikaskuntza arloetan: biologia, geologia, kultura zientifikoa, marrazketa teknikoa, fisika, kimika, matematika, teknologia eta teknologia industriala.
STEAM Sare sarea Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak eta Hezkuntza Sailak bultzatzen dute, eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak koordinatzen du.