TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak, Euskal Herriko Unibertsitatea UPV/EHUk eta Basque Center for Climate Change Bc3k ekainaren 2an aurkeztuko dute Euskadiko plangintza energetikorako laborategi aitzindaria. Haren helburua izango da balio kate osorako trantsizio energetikoko estrategiak erraztuko dituzten metodologia eta tresnak garatzea eta Euskadin deskarbonizazioko erronkak bultzatzea. Aurkezpena Bizkaia Aretoan egingo da ekainaren 2tik 4ra bitarte Bilbon egingo den Ekonomia Energetikorako Espainiako Elkartearen (AEEE) XX. Kongresuaren baitan. 

Laborategiaren izena Joint Research Laboratory on Energy Planning (JRL ePLAN) da eta TECNALIAren, UPV/EHUren eta BC3ren arteko akordioari esker sortu da plangintza energetikoaren arloan ikerketa aplikatuko nazioarteko erreferentziazko taldea sortzeko eta esperientziak eta ezagutzak partekatzeko. Ildo horretan, JRL e-PLANak etorkizuneko profesionalak, ikertzaileak eta ekintzaileak prestatzen lagunduko du, gai horretan espezializatutako talentua sortzea eta erakartzea sustatuz.

Plangintza energetikoa deitzen zaio etorkizuneko behar energetikoak eta horiei eman beharreko arreta egokia ziurtatzeko bideratu beharreko jarduerak aurrez ikusteari. Hala ere, energiaren arloak berezitasunak ditu, jarduera horri eusten dioten azpiegituren egokitasunak baldintzatzen baitu zerbitzu energetikoak ematea. Horregatik, errealitate aldakorren aurrean, aurreikuspenen etengabeko bilakaera egitea eta errealitate horri aurrea hartzea ezinbestekoak dira administrazioei, enpresei eta gizarteari erabakiak hartzen lagunduko dieten energia plangintzako tresnak garatzeko.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago