Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, harrera egin dio gaur Poloniako Wielkopolska eskualdeko erakunde eta enpresa ordezkaritza bati, berrikuntzaren euskal ekosistema, haren gobernantza eredua eta transferentzia teknologikorako mekanismoak bertatik bertara ezagutzeko asmoz.

Poloniako misioa esparru publiko, akademiko eta enpresarialeko ordezkariek osatzen dute, eta eskualdeko berrikuntzako eragileak biltzen ditu, hala nola Adam Mickiewicz Unibertsitatea, Poznaneko Zientzia Medikoen Unibertsitatea, YouNick parke zientifiko eta teknologikoa, MiCo Scientific bezalako startupak, eta Inportatzaileen, Esportatzaileen eta Lankidetzaren Poloniako Merkataritza Ganbera. Bere helburua berrikuntzan, ikerketan eta teknologiaren transferentzian praktika onak ikastea da, baita esparru publiko-pribatuko euskal eragileekin harremanak estutzea ere.

Bisita FEDER “WIS-E 4 NET ZERO” europar proiektuaren barruan kokatzen da, Wielkopolskako Mariskalaren Bulegoko Ekonomia departamentua buru dela. Ekimenak aurreikusitako jardueren artean, berrikuntza ekosistema garatuak dituzten Europar Batasuneko eskualdeetara azterketa bisitak antolatzea dago. Horregatik, Poloniako ordezkaritza Euskadin dago egunotan, ekosistema horretako eragileekin topaketak egiteko. Innobasquez gain, Poloniako misioak Basque Trade & Investment, SPRI, Bind 4.0, Basque Digital Innovation Hub (BDIH), GAIA, Euskal Parke Zientifiko eta Teknologikoa, BIC Bizkaia eta Tecnalia erakundeekin dituen topaketen agenda osatzen du.

Wielkopolska eskualdeak, Ponao hiriburu duena 3,5 milioi biztanle eta oinarri ekonomiko dibertsifikatua ditu, automobilgintza, nekazaritzako industria, IKTak edo logistika bezalako sektoreetan nabarmenduz. Bere eskualdeko berrikuntza sistema “berritzaile moderatu +” gisa sailkatu da RIS 2023an (Regional Innovation Scoreboard), eta espezializazio adimenduneko estrategiak funtsezko arloak lehenesten ditu, hala nola bioekonomia, material aurreratuak, nekazaritza jasangarria eta soluzio digitalak.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago