Nazioarteko merkataritza-sistema eraldaketa handiko unean dago. Hamarkadak eman ditu hazten eta liberalizatzen, baina gaur zatiketa, ziurgabetasun eta lehiakortasun geoteknoekonomiko handiagoko logikoa nabarmentzen da, mundu mailako jokoaren arauak birdefinitu ditzakeena. Beste modu batera esanda, “desglobalizazioari” edo “globalizazioaren berregituraketari” buruz ari gara, eta zuzeneko ondorioak ditu merkataritzan zein ekonomia aurreratuen berrikuntza- eta lehiakortasun-ereduan.

Bi analisi berriri esker —horietako bat Real Instituto Elcano erakundearena, munduko merkataritzaren eta Europar Batasunaren zereginari buruzkoa, eta, bestea, Information Technology and Innovation Foundation (ITIF)-ena Estatu Batuetako berrikuntzaren arloko merkataritza-gerraren ondorioei buruzkoa— agertoki berri hori eta eragiten dioten tentsioak hobe uler ditzakegu.

Gaur egun merkataritza-ordena berri baterako bidean gaude, eta segurtasun ekonomikoko, autonomia estrategikoko eta lehiakortasun teknologikoko irizpideak aurrea hartzen ari zaizkio mundu mailako efizientziaren logikari. Errusiak Ukraina inbaditu izanak, COVID-19aren pandemia eta Estatu Batuen eta Txinaren artean areagotzen ari den tentsioak agerian utzi dute mundu mailako hornitze-kateen zaurgarritasuna, eta merkataritza- eta industria-politika protekzionistagoak sustatu dituzte.

Merkataritza-oztopoek, hala nola muga-zergek, berrikuntza ahuldu dezakete, mundu mailako merkatuetako industria gakoak isolatzen dituztelako; beste potentzia batzuek, berriz, Txinaren kasuan gertatu bezala, hedapen teknologiko eta merkataritza-hedapenerako estrategia integratuen bidez aurrera egiten dute.

Eraldaketa horrek ez du esan nahi mundu mailako merkataritza kolapsatuko denik, baina fluxuak eta lehentasunak birdefinituko dira. Joera horren zantzu ikusgarrienetako batzuk dira, besteak beste, balio-kateen eskualdekatzea, sektore estrategikoak birkokatzea eta “herrialde kideen” arteko akordioak lehenestea (friendshoring). Testuinguru horren esparruan, Europar Batasuna ahalegintzen ari da arauak oinarri dituen merkataritza jasangarri eta irekia defendatzen dituen eragile izateko, erresilientzia- eta autonomia-gaitasun handiagoa sustatuz.

Muga-zergetan ardaztutako merkataritza-estrategia batek, hala nola Trump administrazioak sustaturikoak, ondorioak ditu. Estatu Batuetako manufaktura biziberritzeko helburua bidezkoa den arren —bereziki teknologia aurreratuko sektoreetan—, merkataritza-oztopoetan oinarritutako ikuspegiak berrikuntzaren berezko oinarriak kaltetu ditzake. ITIFek merkataritza-gerrak AEBko berrikuntzarako gaitasuna kaltetzen duten lau bide identifikatu ditu: (1) ekoizpen-kostuak areagotzeaz gain, esportazioen lehiakortasuna murrizten du; (2) lehiakideei mundu mailako merkatu-kuota irabazteko ateak irekitzen dizkie, bereziki Txinari; (3) sektore gakoei (besteak beste, teknologikoa) eragiten dieten merkataritza-ondorioak eragiten ditu; eta (4) industria-gaitasun berritan inbertsioa geldiarazten duen ziurgabetasun-ingurunea sortzen du.

Erdieroaleen kasua aipatutakoa irudikatzeko adibide egokia izan daiteke. Erdieroaleak ekoizteko ezinbesteko osagarriei muga-zergen % 25eko igoera ezartzeak inportatutako ekipo kritikoak 100 milioi dolar baino gehiagotan garestitu ditzake. Horrek, halaber, amaierako produktuen prezioak garestitu eta balio-kate osoaren lehiakortasuna mugatzen du, konputaziotik hasi eta automozioraino. Industria nazionala indartu beharrean, estrategia horrek isolatu egin dezake —Galapago uharte teknologikoa sortuta—, eta nazioarteko merkatuetan duen posizioa ahuldu dezake.

Bitartean, Txinak munduko teknologia aurreratuko industrietan kuota handitzea lortu du % 5etik % 25era bi hamarkadatan. Txinak bere eragina sendotzea lortu du merkataritza-akordio handietan parte hartu duelako, hala nola Eskualdeko Elkarte Ekonomiko Integralean (RCEP), eta Asiako herrialdeekin lankidetzan aritzeko estrategiari esker; Estatu Batuen kasuan, berriz, joera isolazionistagoaren alde egin dute.

Horrek agerian jartzen du Estatu Batuen arestiko merkataritza-politikaren alderdi nagusietako bat: barne-merkatuarekin nahikoa dela industria berritzaileei eusteko. I+G arloko eta kapitaleko kostu handiak dituzten sektoreen kasuan, merkatu globaletarako sarbidea ezinbestekoa da eskala-ekonomiak lortzeko eta produktuen eta teknologien belaunaldi berriak finantzatzeko.

Lehiakortasun basatiz eta arau ezegonkorrez osaturiko testuinguru horretan, EBk —eta, hortaz, hedaduraz, lurraldeetako berrikuntza-ekosistemek— beren zeregina berraztertu behar dute. Real Instituto Elcano erakundeak adierazi duenez, EBk mundu mailako “arau-epaile” bihurtzeko aukera dauka, jasangarritasunaren, laneko eskubideen, digitalizazioaren eta kontsumitzailearen babesaren arloan asmo handiko estandarrak sustatuz. Hala ere, horretarako bere autonomia estrategikoa indartu beharko du sektore gakoetan —lehengaietatik hasi eta erdieroaleetaraino—, industria- eta teknologia-gaitasuna areagotu beharko du eta balioak eta printzipio komunak partekatzen dituzten kideekin lankidetza irmoak ezarri beharko ditu.

Laburbilduz, merkataritza-ordena berri baterako bidean arriskuak daude. Industriak babesteko merkatuak ixteko joerak lehiakortasuna galtzera eta berritzeko gaitasuna murriztera eraman gaitzake. Aukerak ere badaude, ordea: industria-politikak birplanteatzeko, I+G+b arloko ekosistemak indartzeko eta globalizazio bidezkoago, berdeago eta erresilienteagoaren liderra izateko.

Testuinguru horretan, ezinbestekoak dira ezagutza, nazioarteko lankidetza eta aurreratze estrategikoa. Merkataritzaren eta berrikuntzaren esparruan gaur egun hartzen ditugun erabakiak Europak eta horren eskualdeek etorkizuneko ekonomian hartuko duten tokia baldintzatuko dute.

Zatikatuago dagoen eta estrategikoagoa den merkataritza-ordena berri baterako trantsizioari begira, industria-politikak birpentsatu eta I+G+b arloko ekosistemak indartu behar dira, zalantzazko mundu mailako ingurunean lehiakortasunari eusteko.

Partekatu albiste hau