Europako Batzordeak prospektiba estrategikoko urteko txostena aurkeztu du, 2025 Strategic Foresight Report izenekoa. Aurten, ikuspegi aldaketa gakoa proposatzen da: erreaktiboa besterik ez den erresilientzia batetik, aurrea hartzean, eraldaketan eta etorkizuneko ikuspegian oinarritzen den 2.0 erresilientziara igarotzea. Paradigma berri hori planteatu da bizi garen mundu honetan krisialdiak —klimatikoak, geopolitikoak, teknologikoak edo gizartearen esparrukoak— ez direlako ezohikoak, baizik eta normaltasun berria.

2020an eginiko lehen txostenetik, Batzordeak prospektiba estrategikoa erabili du EB gerta litezkeen etorkizunetarako prestatzeko. Edizio honetan, helburua argia da: Batasunaren erresistitzeko, egokitzeko eta aurrera egiteko gaitasuna indartzea, hazten ari den ziurgabetasun globalaren erdian. 2.0 erresilientzia ez da soilik “kolpeari eustea”; helburua da krisialdi bakoitza aprobetxatzea egiturazko eraldaketarako aukera gisa, balio demokratikoekin, jasangarritasunarekin eta herritarren ongizatearekin koherentzian.

Megajoerak eta egiturazko erronkak

EBk arin eraldatzen ari den testuinguru geoestrategiko bati egin behar dio aurre: ordena multilaterala ahultzea, klima-aldaketaren ondorioak, lasterketa teknologiko globala, herritarren zahartzea eta desinformazioaren gorakada. Txostenaren arabera, segurtasuna da Europako politika guztien ildo nagusi berria.

Eta horri guztiari barne erronkak ere gehitzen zaizkio, hala nola autonomia estrategiko irekia eta lehiakortasun ekonomikoa konbinatzeko beharra. Eraldaketa energetiko eta digitala, erresilientziarako gako bada ere, mendekotasun berriak eragiten ari da oraindik kanpo potentziek menperatzen dituzten lehengai kritikoetan eta teknologietan.

Beste alde batetik, Europako kontratu sozialaren hauskortasuna zenbait fenomenotan islatzen ari da, besteak beste, honako hauetan: lurraldeen arteko desberdinkeria areagotzea, osasun mentaleko arazoak gazteen artean edo sare sozialek sustatzen duten eta hazten ari den polarizazio ideologikoa. Horrek guztiak herritarren ongizatea mehatxatzeaz gain, Batasunaren oinarri demokratikoak ere mehatxatzen ditu.

Adimen kolektiboa eta aurrea hartzea dira gako tresnak

Hori dela eta, txostenean azpimarratzen da aurrea hartzea eta adimen kolektiboa erakundetzeko beharra dagoela Europako prozesu politikoaren barruan. Horretarako, erakundeei honako hauek eman behar zaizkie: zaintza estrategikoko tresnak, alerta goiztiarreko sistemak eta etorkizun dibergenteei aurre egiteko politika sendoak diseinatzea ahalbidetuko duten metodologiak.

Kulturaren arloko aldaketa bat ere proposatzen da erabaki-hartzeari dagokionez, epe luzera begira, epe laburreko ziklo politikoez harago. Horretarako, aurreikusi da 2026tik aurrera prospektiba-txostenak prozesu sendoago, zeharkakoago eta parte-hartzaileagoetan oinarritzea, estatu kideak, Europako agentziak, think tankak eta herritarrak barne hartuta.

Horretarako, txostenak ibilbide-orri handinahia jasotzen du 2040an Europar Batasun sendoagoa lortzeko, hiru zutabetan antolatutakoa:

  1. Bakea, segurtasun europar integral baten bidez, gaitasun militarrak, diplomazia, autonomia estrategikoa eta mehatxu hibridoen aurrean gizartearen prestakuntza konbinatzen dituena.
  2. Balio demokratikoen defentsa aktiboa Europa barruan nahiz kanpoan, zuzenbideko estatua, prentsa-askatasuna eta herritarren parte-hartzea indartuta.
  3. Pertsonentzako ongizatea, ekonomia berde eta digitalak, kalitatezko enpleguak, zerbitzu publiko irisgarriek eta ingurune osasungarriak bermatutakoa.

Hiru ardatz horiek zortzi ekintza-arlo gakotan banatzen dira, 2040an Europa erresilientea lortzeari begira:

  1. Ikuspegi estrategiko komuna garatzea EB eta bere kideentzat, sistema multilateralean Europaren lidergoa indartuta.
  2. Barne zein kanpo segurtasuna indartzea, arreta berezia jarrita azpiegitura kritikoetan eta erantzun zibil-militarreko gaitasunetan.
  3. Teknologiaren potentzial eraldatzaileaz baliatzea, enfasia jarrita adimen artifizialean eta teknologia garbietan, baina esparru etiko eta demokratikoak aplikatuta.
  4. Erresilientzia ekonomikoa eta lan-arlokoa indartzea, hauen aldeko apustua eginez: industria estrategikoa, berrindustrializazio berdea eta AAk enpleguan duen eraginera egokitzea.
  5. Ongizate jasangarri eta inklusiboa sustatzea, eredu fiskal berriekin, politika sozial berrituekin eta osasun mentalari arreta eskainita.
  6. Hezkuntza berrimajinatzea, aldaketa azeleratuen mundu honetara egokituta eta ikaskuntza iraunkorra sustatuta.
  7. Demokrazia ondasun komun gisa babestea, desinformazioaren aurkako politika aktiboen, komunikabide independenteak indartzearen eta pentsamendu kritikoa sustatzearen bidez.
  8. Eraldaketa demografikoei aurrea hartzea, belaunaldi arteko eta gizarte-kohesioko justiziako ikuspegiaren bidez.
2040an Europa indartsuagoa eta kohesionatuagoa lortzeko ibilbide-orria zortzi ekintza arlotanegituratzen da.

Prospektiba estrategikoko txostena ez da ariketa akademiko bat, premiazko ekintza koordinaturako dei bat baizik. 2.0 erresilientziarako nahitaezkoak dira elkarri lotutako politikak, erabaki ausartak eta gobernuaren maila eta herritar guztien inplikazioa. Aldakortasunak eta konplexutasunak markatutako ingurune global batean, erresilientzia ez da soilik behar bat, lehiarako abantaila ere bada. Europa une egokian dago birrasmatzeko; eragile garrantzitsua izaten jarraitu ahal du, demokrazia sendo bat, bai eta egungo eta etorkizuneko belaunaldien ongizatearen bermatzailea ere.

Teknologia, segurtasuna, ongizatea, eta demokrazia dira etorkizuneko ikuspegi horren ezinbesteko zutabeak.

Partekatu albiste hau