- Urteko lehen seihilekoan beste 25 ikastaro egin dira, eta 254 euskal entitate izan dira partaide. Programazioa osatzera dator azken lauhilekorako eskaintza
- Ikastaroak hiru bloketan banaturik daude, eta bloke bakoitza profil jakinen beharrizanetara egokiturik dago: ETEak, I+G+b arloa nazioartekotzeko interesa duten enpresak eta entitateak eta Agentziako bazkideak
- Jakintzaren esparru bakoitzeko adituek eta profesionalek emango dituzte ikastaroak, xede eta asmo praktiko nabarmenarekin: parte hartzen duten enpresa eta antolakundeen gaitasun berritzailea hobetzea
- Katalogo osoa eta izena emateko estekak eskura daude Berrikuntzaren Euskal Agentziaren webgunean
INNOBASQUE, uztailaren 22a.Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, urteko azken lauhilekorako doako formakuntza-eskaintza aurkeztu du, helburu nagusi batekin: Euskadiko enpresa eta antolakundeen gaitasun berritzaileak hobetzea.
“Formakuntza Berrikuntzan” programaren katalogo berrian 21 ikastaro izango dira guztira. Lehen seihilekoan eman diren beste 25 formakuntzak osatzera datoz ikastaro berriak. Horrenbestez, urte osoan zehar prestakuntza iraunkorra, osoa eta jarraitua bermatuko da Agentziaren eskutik. Formakuntza ikastaro horiek Euskadiko hiru lurraldeetan banatuko dira, Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziaren konpromisoa berrikuntza lurralde osoko enpresa eta entitateetara hurbiltzea baita, eta haiei guztiei prestakuntza espezializatua eta kalitatezkoa bideratzea.
Urteko bigarren erdi honetako ikastaroak hiru bloketan banaturik daude, eta bakoitza profil jakin bati zuzendurik dago: alde batetik, ETEak; bestetik, beren I+G+b arloa nazioartekotzeko interesa duten entitateak; eta, azkenik, erakunde bazkideentzat berariaz antolatutako ikastaroak. Nolanahi ere, ikastaro guztietan berrikuntzaren ikuspegi praktikoa da ardatza.
Era horretara, enpresa munduan entzute eta eskarmentu handia duen irakasle-talde bati esker, Innobasquek partaideen beharrizan eta errealitatera egokitzen du prestakuntza. Hala, formakuntza horren bidez, jarraibideak eta tresnak ematen dizkie praktikan jartzeko, eta, orobat, sarbidea eskaintzen die berrikuntzaren euskal sistemara eta edozein prozesu eraldatzailetan bidelagun izan ditzaketen eragileen sarera.
Enpresa txiki eta ertainen kasuan, ikastaroak irailaren 18an hasiko dira Bilbon, eta azaroaren 20an amaituko dira. Bilbon ez ezik, Donostian eta Gasteizen ere izango dira ikastaroak. Beren I+G+b arloa nazioartekotzeko interesa duten enpresei zuzendutako blokea irailaren 16 hasi eta azaroaren 18an amaituko da. Ikastaro guztiak Innobasqueren Zamudioko egoitzan izango dira. Bestalde, berariaz erakunde bazkideentzat antolatutako ikastaroak irailaren 17an hasi eta abenduaren 11n bukatuko dira. Horiek ere aurrez aurreko formatuan egingo dira Berrikuntzaren Euskal Agentziaren egoitzan. Bazkideei bideratutako formakuntza horretan, berrikuntzarekin lotutako saio orokorrak eta sektore edo gai jakinei lotutako ekintza espezifikoak eskainiko dira, azken hauek lehenbailehen praktikan jartzeko xedearekin.
Aurreko seihilekoan, 254 euskal entitatek hartu zuten parte prestakuntza-programan. Partaideek, gainera, ikastaroen oso balorazio ona egin zuten ebaluazioetan, 10etik 8,9 puntu, eta batez ere haien izaera praktikoa eta enpresen benetako erronkekin bat etortzea azpimarratu zuten.
ETE-entzako formakuntza: digitalizazioa, AA eta talentua
Lehen blokean, hamar langile edo gehiagoko ETE-entzat diseinatutakoan, programak intereseko bost esparru hauek ditu ardatz, enpresen lehiakortasuna hobetzeko: merkatua, teknologia, pertsonak, negozio-ereduak eta finantzaketa. Saio guztiak aurrez aurrekoak izango dira, eta irailetik azarora egingo dira hiru euskal hiriburuetan. Guztiak ere oso praktikoak izango dira, berehala martxan jartzeko baitaude pentsatuta.
Alde horretatik, urteko azken lauhilekorako proposamenak eraldaketarako bi palanka nagusi hartzen ditu ardatz. Alde batetik, digitalizazioa eta adimen artifiziala, bi-biak funtsezko tresnak bihurtu baitira komertzializazioa bultzatzeko, merkatu berriak irekitzeko, bezeroekiko errentagarritasuna hobetzeko eta barne kudeaketan eraginkortasuna hobetzeko. Bestetik, pertsona eta lantaldeen garapena bultzatzea, haien konpromisoa, hazkunde profesionala eta enpresaren barnean egin dezaketen balio ekarpena sustatuko duten egitura, antolaketa-eredu eta prozesuen bidez.
Bilbon, ikastaro hauek emango dira: taktika komertzialak adimen artifizialeko tresnen bidez (irailaren 18an), berrikuntzaren finantzaketa ikuspegi estrategikotik (urriaren 16an) eta talentua sustatzen duten antolaketa-egiturak aztertzea eta definitzea (urriaren 30ean).
Donostian, formakuntza hauek izango dira programaren barnean: industria arloko ETE-en negozio-garapena lerro berrien bidez (irailaren 25ean), zerbitzu eta osagai teknikoen salmenta digitala (urriaren 23an), eta AAren erabilera enpresa-prozesuak automatizatzeko (azaroaren 20an).
Gasteizen, berriz, formakuntza hauek izango dira: konpromisoa eta motibazioa sustatuko duten antolaketa-ereduak (urriaren 9an), eta adimen artifizialaren bidez proposamen teknikoak eta eskaintza komertzialak hobetzea (azaroaren 13an).
Nazioartekotze ikastaroak: Europa berrikuntzarako benetako aukera gisa
Bigarren blokea I+G+b arloa nazioartekotzeko interesa duten enpresa eta erakunde publiko nahiz pribatuei zuzendurik dago. Esparru horri dagokionez, Innobasqueren proposamenak Europari begirako ikuspegi berritua txertatzen du, Europako funtsen itzulketa areagotzeko eta berrikuntzaren esparruan Europako finantzaketa-funtsen aukerak ahalik eta gehien aprobetxatzeko.
Enpresei deialdietan sartzeko laguntza teknikoa emateaz harago, ikuspegi horren xedea da Europako programa horietan parte hartzeko aukera demokratizatzea, batez ere ETE-ei begira. Alde horretatik, enpresa txiki eta ertainak nazioarteko proiektuetan sartzea sustatuko da eta Europa berrikuntzarako gune irisgarri gisa sozializatuko da. Formakuntza horretan, funtsezko ezaguerak emateaz gain, euskal berrikuntza sistemarekin bat egiteko tresnak ere eskainiko zaizkie ETE-ei.
Saio guztiak aurrez aurrekoak izango dira eta Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziaren Zamudioko egoitzan izango dira, irailaren 16tik aurrera.
Lehen saioan, ETE-ei eta startup-ei bideratutako kateko finantzaketa-deialdiak izango dira ardatz, oso ikuspegi praktikoa izango duen ikastaroan. Ondoren, ikastaro aurreratu bat izango da lau saiotan banatuta (irailak 30 eta urriak 7, 14 eta 21), Horizon Europe programarako proposamenak nola prestatu azaltzeko. Azkenik, azaroaren 11 eta 18an, Europako proiektuak kudeatzeko eta alderdi teknikoari nahiz finantzaketari dagokionez modu egokian justifikatzeko ikastaro bat egingo da.
Saio horien bidez, Europar Batasunak proiektuak finantzatzeko eta dinamizatzeko zer funtzio betetzen duen ulertu ahal izango dute euskal entitateek, eta nazioarteko lankidetza-proiektuetan parte hartzeko bidea egin ahal izango dute.
Bazkideentzako ikastaroak: berrikuntza estrategikoa, benetako balioa sortzeko aplikatua
Programako hirugarren blokea Innobasqueko erakunde bazkideei zuzenduta dago berariaz. Formakuntza-proposamen aurreratua izango da, berrikuntza sektore giltzarrietan aplikatzea sustatzeko eta berrikuntzaren dimentsio estrategikoan sakontzeko. Era horretara enpresen barnetik inpaktua sortzea da xedea.
Eskaintza horren zutabeetako bat adimen artifizial sortzailea da, sarbideko ate errealista gisa ulerturik eta enpresaren funtzio eta antolaketa-prozesuetara aplikaturik. Esparru horretan, berariazko bi saio diseinatu dira, bata industria sektorera bideraturik (irailaren 18an) eta bestea osasunaren sektorera bideraturik (azaroaren 20an), bietan erabilera zehatzak eta balio erantsia dutenak ardatz harturik.
Berrikuntzaren dimentsio estrategikoa sendotzeko ikastaroak ere badira programazioan. Horien helburua da enpresei berrikuntzaren bidez lehiakortasunerako abantaila ukigarriak lortzen laguntzea. Zehazki, hauek dira formakuntzak: jabetza industriala (urriaren 8an), lankidetza-ekosistemak (urriaren 16an), proiektu berritzaileetan inpaktu sozialaren neurketa (urriaren 29an), eta berrikuntzaren erosketa publikoa (azaroaren 26an). Hasiera-hasieratik emaitzak lortzeko ekimenak diseinatzea da horien guztien xedea.
Azkenik, beste apustuetako bat enpresen barnetik berrikuntza aktibatzea izango da, horretarako aplikazio praktiko errazeko tresnak eta metodologiak erabilita. Ikastaro hauek nabarmentzen dira: prospektiba estrategikoa (urriaren 23an), ekintza-ikerketa enpresen esparruan (azaroaren 12an), eta Tax Lease tresna, I+G arloan inbertitzea finantzaketa aldetik erabaki errentagarria izateko (azaroaren 19an).
Erakunde bazkideentzako formakuntza guztiak Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziaren Zamudioko egoitzan izango dira, irailetik abendura. Erakunde bazkideen kokapen berritzailea sendotzeko eta ingurune aldakor honetan haien egokitzeko gaitasuna indartzeko daude diseinatuta ikastaroak.
Formakuntza-katalogo berria hemen: https://www.innobasque.eus/eu/berritzen-laguntzen-dizugu/berrikuntzako-formakuntza/
Harremanetarako
Olalla Alonso
652 728 014 / [email protected]
Ana Larizgoitia
656 788 328 / [email protected]