- Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak ETE-entzako antolatzen dituen jardunaldiak industrialdeetan eta ETE-en kontzentrazio handia dagoen eremuetan egiten dira, berrikuntzaren bidez lehiakortasuna sustatzeko informazio praktikoa jaso dezaten
Vitoria-Gasteiz, 2025eko irailaren 25a.Ataria, Salburuako hezeguneen interpretazio zentroa, Gamarrako industrialdean dago eta gaur ETE-entzako jardunaldien edizio berria hartu du. Topaketa hurbil eta praktiko horretan beren negozioan berrikuntza sustatzeko interesa duten Vitoria-Gasteizko enpresa txiki eta ertainetako 22 ordezkari egon dira.
Vitoria-Gasteizko Udalarekin batera antolatu den topaketa horretan, enpresa parte-hartzaileek aukera izan dute zuzenean ezagutzeko berrikuntza sustatzeko eskura dituzten zerbitzuak eta laguntza, Vitoria-Gasteizko Udaleko Enpresa teknikari Unai Redondoren eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako ETE-etan Berritzeko zuzendari Luis Maneroren eskutik. Halaber, bere garapenaren ardatzean berrikuntza integratu duten tokiko hiru ETEren ibilbidearekin inspiratu ahal izan dira.
Kroketak.es, Automach Ingeniería eta Adimen Investigación enpresetako arduradunek partekatu dute nola beren enpresak berrikuntzaren aldeko apustua egiten hasi ziren, zein izan diren izan dituzten erronkak eta zein izan diren emaitzak; halaber, adierazi dute egin daitekeela eta onura handiak lor daitezkeela: produktuak eta prozesuak hobetzea, erakundea indartzea, eta ekosistemako beste agente batzuekin lankidetzan aritzea, besteak beste.
Kroketak.eus enpresako gerente eta salmentako kudeatzaile Patxi Ruizen arabera (Cooking Ohiturak), elikadura-sektoreko bere enpresaren abiapuntua berrikuntza izan zen. Errezeta tradizionalak industrializatzeko erronkak, kontserbagarriak eta gehigarriak erabili gabe, berekin ekarri zuen, besteak beste, Hazi eta Basque Food Cluster agenteekin lankidetzan aritzea, eta produktuaren garapenean nahiz barne-kudeaketan etengabeko hobekuntzak sustatzea.
Oscar Gordok, Automach Ingeniería enpresako (ingeniaritzaren eta automatizazio industrialaren arloko konpainia) eragiketen zuzendariak, adierazi du bere lehenengo esperientzia berritzailea barne-egitura berrantolatu zutenean izan zela, enpresaren hazkuntzara moldatzeko. Hortik abiatuta, enpresak produktu eta prozesuetan berrikuntza-proiektuak sustatu ditu, hala nola ikusmen artifizialarekin paletetan antolatzeko sistema malgua garatzea. Gordok azpimarratu du garrantzi handia duela prozesuan taldea sartzea, eta ETEak animatu ditu beldurra gainditzera eta aukera berriak deskubritzeko ekosistemaren baliabideak baliatzera.
Bestalde, Adimen Investigación enpresako (merkatuen ikerketan eta azterlan soziologikoetan espezializatuta dagoen aholkularitza-enpresa) zuzendari nagusi Patxi Alijak azaldu du bere kasuan berrikuntza bezeroen premia zehatzei erantzuteko sustatu zutela. Hazitek programan parte hartzea, besteak beste, inflexio-puntua izan zen, eta erantzun-ikuspegi batetik ikuspegi sistematiko eta lankidetzazko ikuspegi batera iragatea ahalbidetu zien. Alijak bertaratutako ETEak gonbidatu ditu laguntzarekin “zentzudun” berrikuntza baten alde egitera, beste agente eta enpresa batzuekin lankidetzan.
Saioaren amaieran networking-erako espazioa egon da; horretan, bertaratutako ETE-ek ideiak partekatu eta harremanak sortu ahal izan dituzte.
ETE-entzako jardunaldiek Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak berrikuntza Euskadiko ETE-etara hurbiltzeko duen helburua indartzen dute, ekimenak abiaraztea mugatzen duten oztopoak gainditzen lagunduz eta, hala, enpresen lehiakortasuna eta jasangarritasuna sustatuz.
Harremanetarako
Olalla Alonso
T. 652 728 014 / [email protected]