Azaroak 5, 2021

Ideia berrien garapenen oinarritutako estrategia hura; jarrera ekintzaile hura, gero eta lehiakorragoak izateko tresnetan bermatua; arriskuak hartzeko adore hura edota hutsegiteetatik ikasteko gaitasun hura… gene berritzaile horren adierazpideak baino ez ziren. Izan ere, Irizar Taldearen 132 urteko historian, gene hori izan da gure markaren, gure kulturaren eta gure nortasunaren bereizgarria.

Guretzat berrikuntza inbertitzea da, jakintzan, talentuan, produktu eta zerbitzu berrietan, teknologia iraunkor berrietan eta garapen berrietan inbertitzea. Baina, horrez gain, antolakundearen kulturan eta eguneroko kudeaketa-moduan aurrera egin ahal izateko giltzarria ere bada, berrikuntzaren bidez bizkorrago, malguago eta moldagarriago izango garelako, eta etorkizuneko erronkei aurre hartzeko gaitasun handiagoa izango dugulako. Hori da bidea gure bezeroentzat beti lehen aukera izan gaitezen aurrerantzean ere.

Garai berriek ere berritzera behartu gaituzte; izan ere, krisi sozio-sanitarioak eta ekonomikoak eraginda, ezinbestean epe motzeko erantzunak eman behar izan ditugu, oroz gain pertsonen eta haien familien segurtasuna eta osasuna babesteko, baita epe ertain eta luzera begirako erantzunak ere, negozioaren iraunkortasuna bermatzeko eta balioa sortzen jarraitzeko. Krisiak, ordea, aukera ere eman digu gure plan estrategikoak berregokitzeko eta berriro definitzeko, besteak beste, trantsizio energetikoaren eta mugikortasun iraunkor eta adimendun berriaren eskutik datozkigun erronka handiei arreta berezia jarrita. Eta, testuinguru horretan, berrikuntza giltzarria da berriro ere.

Trantsizio energetikoaren eta iraunkortasunaren erdigunean gauden aldetik, bi ideia hauek oso garbi izan beharko genituzke: pertsonak direla gure estrategiaren ardatza eta muina, eta guk bultzatu nahi dugun berrikuntza gauzatzeko ezinbestekoa dela lokarriak estutzea eta lankidetza-sare bat sortzea, hornitzaileen, tokiko zentro teknologikoen, erakundeen, unibertsitateen eta formakuntza-eskolen artean. Hala, sare horretako eragile guztion artean gai izango gara soluzio aitzindariak emateko, eta, horien bidez, gizartearen eta ekonomiaren garapenean inpaktu positiboa sortzeko.

Testuinguru horretan guztian, garrantzi berezia hartzen du Irizar Taldeak etorkizuneko sektore estrategikoetan berrikuntza eta teknologia propioaren sorkuntza bultzatzeko indarrean duen estrategiak. Taldearen eta estrategia horren helburuak bi dira funtsean: aberastasuna eta enplegua sortzen lagunduko duten soluzio aitzindariak eskaintzea, eta epe luzerako industria-ehuna sortzea. Alde horretatik, Next Generation funts ezagunak aukera ezin hobea dira Europako industria berriro ere teknologiaren abangoardian kokatzeko.

Autobusek eta autokarrek funtsezko betekizuna dute Europako Itun Berdearen iraunkortasun-helburuak betetzeko, bai eta 2050. urteari begira deskarbonizaziorantz eta klima-neutraltasunerantz trantsizio eraginkorra egiteko ere. Hain zuzen, horrekin lotura zuzena du Irizar Taldean hartu dugun erabaki estrategikoetako batek. Funtsezko eragile izan nahi dugu bide horretan: soluzioak eman nahi ditugu, gizartearen zerbitzura jarri nahi ditugu gure gaitasuna eta teknologia, eta aliantzak sortu nahi ditugu; ingurumena zaintzeko, ongizatea bermatzeko, pertsonen osasuna babesteko eta hirigune hobeak sortzeko gure konpromisoa berretsiko duten aliantzak.

Mugikortasun publiko kolektibo eraginkorrago baten alde egiten dugu apustu, isurketa kutsagarrien eta soinu-kutsaduraren mailak murrizteko, garraiobideen arteko loturak ahalbidetzeko eta modu horretara flotak hobeto kudeatzeko, erabiltzaileei emandako informazioa hobetzeko, eta garapen teknologiko berriak sartzeko. Hori guztia, helburu nagusi batekin: bidaiarien segurtasuna eta esperientzia hobetzea.

Azken batean, berrikuntza hori bizi dugu Irizarren, giroan dago, gure DNAn, bezeroekiko, gizartearekiko eta Irizar Taldea osatzen dugun pertsonekiko gure konpromisoan.

Partekatu albiste hau

Harremanetan jarri

Rafael
Sterling
Zuzendari nagusia
Grupo Irizar

Hurrengo ekitaldiak