Hezkuntza, dimentsioa eta ekintzailetza. Uste dut hiru faktore horiei bultzada ematea dela Euskadin berrikuntza hobetzeko giltzarri nagusietako bata; izan ere, denok dakigunez, berrikuntza ezinbestekoa da herrialde lehiakorra izaten jarraitu nahi badugu, eta, horrenbestez, gure ongizate sozialaren ereduari eutsi nahi badiogu.

Ezin dugu ahaztu enpresa dela aurrerapen kolektiboaren eragile nagusia, sortzen dituen jarduerari eta enpleguari esker. Enpresa atzean geratzen bada, enpresaren jardun horretan oinarritutako eredu soziala ere atzean geratzen da. Eta ezin dugu halakorik gertatzen utzi. Beraz, ‘etengabeko lasterketa’ moduko batean gaude, eta berrikuntza faktore erabakigarria da karrera horretan. Eta iritsi da azeleratzeko unea.

Duela aste gutxi IVIE erakundeak (EINen eta Eurostaten 2018ko datuekin) eginiko txosten baten arabera, Euskadi da estatu osoan I+G+b arloan BPGd-arekiko inbertsio handiena egiten duen lurraldea: %2, Espainiako batez bestekoa (%1,2) baino askoz handiagoa, baina Europako batez bestekora (%2,2) iritsi gabe eta liderretatik oso urrun. Bestalde, azterlan horren beraren arabera, Euskadiko enpresa pribatuek arlo horretan eginiko inbertsioa, datu erlatibotan, Alemaniakoaren eta Italiakoaren parekoa da, besteak beste.

Zifrak modu batera edo bestera baloratu daitezke, baina argi erakusten dute aurrerapauso gehiago eman beharrean gaudela. Hainbat faktore ditugu alde: administrazio sentibera, Innobasque bezalako erakundeak eta erronkaz jabeturik dagoen enpresa-egitura, besteak beste; izan ere, haien nazioartekotze-maila altuari esker, enpresak ohartuta daude I+G+b arlo horren garrantziaz. Alabaina, beste zenbait alderditan hobetzeko aukera argiak ditugu. Eta hor sartzen dira hasieran aipatu ditudan hiru faktore horiek.

Hezkuntzan, gai izan behar dugu gure gazteak STEAM gaitasunetarantz orientatzeko; izan ere, zientzia eta teknologia, bestelako balioak ahaztu gabe, berrikuntzaren bidelagun bereizezinak dira. Lanbide Heziketak eta Unibertsitateak bete-beteko ahalegina egin behar dute sortzen duten jakintza euskal enpresaren mesedetan hobeto aprobetxatzeko: hor hasten da berrikuntza. Hezkuntzaren garrantziaz jakitun, Confebaskek urte asko daramatza lankidetza hori modu sendoan lantzen, eta horren azken adibideetako bat da ‘unibertsitate duala’, aitzindaria Estatuan.

Irakaskuntzaren eta enpresaren arteko hurbiltasun eta jakintzaren transmisio hori da berrikuntzarako haztegia, epe ertain eta luzera enpresaren beraren biziraupena bermatzeko.
Dimentsioan ere irabazi behar dugu. Zenbat eta handiagoa izan enpresa, orduan eta ikerketa eta berrikuntza gehiago eta gaur egungoaren tankerako krisien aurrean erresistentzia handiagoa. Egia da, azken urteetan, euskal enpresen batez besteko dimentsioa handitzen joan dela eta EBko ratiora hurbildu dela, baina, hala ere, oso urrun gaude oraindik Alemania eta Erresuma Batuko gure bi lehiakide nagusien aldean; herrialde haietako enpresetan, enplegatuen batez besteko kopurua EAEkoen bikoitza da. Eta pentsatzekoa da gaur egungo krisiak ez duela lagunduko konparazio hori hobetzen.

Eta, azkenik, zer esan ekintzailetzari buruz. Bizi garen gizartean, enpresak betetzen duen zeregina ez da, kasu askotan, behar beste baloratzen. Arriskuaren, esfortzuaren eta egindako lanaren araberako ordainsariaren kontzeptuak ordeztu egiten dira sarri atxikimendu pertsonal txikiagoko beste batzuengatik, eta horrek eragiten du Euskadin, gizarteak ez gogo edo ekimen berezirik agertzea ekintzaile izateko. Joera hori iraultzeko modua aurkitu behar dugu. Azken batean, hiru erronka handi eta diskurtso berriak. Hori ere berrikuntza da.

Partekatu albiste hau

Harremanetan jarri

Eduardo
Zubiaurre
Presidentea
Confebask

Hurrengo ekitaldiak