Innobasqueren gonbiteari erantzunez, ohikoa denez, orri zuri batean abiatzen da artikulu hau ezinbestean, baina ezinezkoa da egunotan hausnarketarik egitea jasaten ari garen pandemiak gure bizitzetan izan duen inpaktua aintzat hartu gabe.

Itxialdi garaian eta ondoren hainbat irakaspen jaso ditut, eta horietan lehena, hauxe: egia baldin bada garuna hainbat kutxatan banatzen dela, gerta daiteke kutxa horietako bat irekita geratzea eta gainerako gai grisa inbaditzea, hausnarketa eta pentsamendu oro kutsatuz.

Ez dugu kutxa itxi behar, baina ezin dugu utzi kutxa horren isuriak gure arreta osoa beregana dezan ere. Egia da itxialdiak ekonomiaren gain utzitako ondorioak luzerako izango direla, eta, horrez gain, gogoan betirako iltzatu behar ditugula zenbait irakaspen, baina bizitzak jarraitu egiten du, eta gure erronkak, duela 3 hilabete genituenak, hor daude oraindik ere. Guri erronka joz.

Pandemiari buruzko kapitulua egoki ixteko, idatziz jaso ditut ikasitako irakaspen pare bat:

  • Uste genuena baino zaurgarriagoak eta hauskorragoak gara. Gizabanako gisa, gure zaurgarritasuna nabarmenagoa zen. Gutxiago edo gehiago, guztiok jabetzen gara gure bizitzak goitik behera aldatu daitezkeela une batetik bestera, ezustean sortutako gorabeherengatik. Baina orain ikasi dugu zaurgarriak garela espezie gisa ere, eta aurrerapenak aintzat hartu behar duela arrisku hori eta lan egin behar duela gutxitzeko.
  • Denok ontzi berean gaude. Bagenekien, baina ez dugu gogoan hartzen jokatzeko moduan. Gehiago da batzen gaituena bereizten gaituena baino. Gure patua interdependentea da, eta planetaren izkina batean egiten denak eragin larria izan dezake mundu zabaleko bazter guztietan.

Baina orain gure erronkei berriro heltzeko garaia da, eta Innobasque osatzen dugunok badakigu zein den horiei aurre egiteko eta horiek gainditzeko modurik onena: gure jardunetan berrikuntza aplikatzea. Berrikuntzak, lehiakortasunerako eta aurrerapenerako tresna gisa, hor jarraitzen du.

Gizarte moduan daukagun erronka nagusiak planetaren berotze globala eta arazo horrek giza espeziearen biziraupenaren gain duen inpaktua dira, eta horiei aurre egiteko, ondo baino hobeto datoz aipatu ditudan irakaspenak. Inork ez du ezbaian jartzen klima-aldaketa ez badugu geldiarazten, planetak kalte itzulezinak jasango dituela.

Klima-aldaketa leheneratzeko erronkak lotura zuzena du bi irakaspenekin: zaurgarriak gara espezie gisa, eta arazoa gainditzekotan, denok batera jokatu behar dugu. COVID19a bada “fast-track” pandemia, klima-aldaketa pandemia isila da. Eta txertoa energia-trantsizioa da.

Hori da erronka nagusia, eta garaitzeko, berrikuntza funtsezko tresna da.

Isurketarik gabeko energia sortuko duen berrikuntza teknologikoa, arrazoizko kostuan. Energiaren garraio eta banaketa adimentsua erraztuko duena.

Berrikuntza soziala, herritarren kontsumo-ohiturak aldatu eta energiaren erabilera arduratsuagoa eta kontsumoan eraginkortasun handiagoa bideratzeko.

Euskadin aukera paregabea dugu klima-aldaketaren aurka borrokatuko duten gizarteen buruan egoteko. Behar diren osagai guztiak ditugu. Industria indartsua energiaren sektorean. Enpresa traktoreen klusterra eta hornidura-katea. Berrikuntza-sistema aurreratua, eta hor sartzen dira energiaren sektorean gaitasun nabarmenak dituzten I+G+b zentroak. Industriak duen garrantziaz jakitun den Administrazio Publikoa, eta berrikuntzaren espiritu hori oso barneratua duena. Eta gizartearen prestakuntza-maila eta konpromiso soziala ere nabarmenak dira: herritarrak prest daude erronka horretan duten rola onartzeko, beren ohiturak aldatzeko eta, hala, kontsumo arduratsuago hori bideratzeko.

Ekin diezaiogun lanari.

Partekatu albiste hau

Harremanetan jarri

Asís
Canales
Iberdrolako erosketa-zuzendaria
Iberdrola

Hurrengo ekitaldiak