Gestionet enpresaren buruan egin ditudan 20 urte hauei buruz hausnarketa eginez, esango nuke hasierako helburu hari, Euskaditik berrikuntza arloko lidergoa sendotzen laguntzeko jatorrizko asmo hari, bere horretan eusten diogula gaur egun. Gaur egunera arteko bidea zirraragarria izan da, euskal testuingurutik berrikuntzari gure ekarpena egin ahal izan diogulako. Bide batez esanda, esparru honetan bereziki estimulagarria da Euskadiko egoera. 

Euskadi industria-tradizio handiko lurraldea da, eta erreferentzia da ikuspegi aitzindaria izan duelako jakintzaren ekonomian. Nire ikuspegitik, berrikuntzak kultura gisa duen garrantziaren eredu da lurralde hau. 

Berrikuntza ez da aukera baten alde egitea. Berrikuntza funtsezko bidea da gaur egungo merkatu global aldakorrean leku nabarmen bat eta jasangarritasuna bermatzeko. Biziraupenerako giltzarria da nire irudiko, eta merkatu lehiakor batean aurrera egiteko palanka, aldi berean. Behar bat da.  Alde horretatik, funtsezkoa da ikuspegi globala izango duen berrikuntzaren kultura bat bultzatzea, ikuspegi partekatu batetik abiatuta eta horretaz elikatuko dena, eta oinarrian ekintzailetza eta lotutako beste zenbait balio izango dituena.

Gainera, berrikuntzaren lider izateko, nire iritziz, pentsamolde horrek negozio-ideian eragin behar du, eta, horrez gain, zeharka, barne-prozesu oro optimizatzen lagundu behar du. Edozein sektoretako lider izan nahi duen enpresa ororen kultura korporatiboaren osagai izan behar du.

Bestalde, berrikuntzan lider izateko, beharrezkoa da teknologia eta pertsonak uztartzea, alderdi digitala eta humanoa bat egitea. Premiazkoa da, adibidez, adimen artifizialaren aplikazioan alderdi gizatiarrena bultzatzea, enpresa eta antolakunde berritzaileak eraginkorragoak izan daitezen baina betiere pertsonak aintzat hartuta.

Lankidetzan oinarritutako berrikuntza

Lankidetza da, nire iritziz, funtsezko beste zutabea. Euskadin jakintzen trukea lehenesten duen enpresa-ekosistema bateko kide gara. Ingurune horri esker aukera dugu sormen kolektiboa bultzatzeko eta lankidetzan oinarritutako berrikuntza sustatzeko.

Unibertsitateen eta ikerkuntza-zentroen arteko erlazioa guztiz premiazkoa da. Lankidetza horiek garapen teknologikoa bultzatzen dute eta soluzio berritzaileak diseinatzeko gaitasuna sendotzen dute, soluzio horien bidez gaur egungo erronkei erantzun berriak eta erabilgarriak emateko.

Nire ikuspegitik, berrikuntzan lider izateko beharrezkoa da ikaskuntzaren eta egokitzeko gaitasunaren kultura sustatzea. Lantaldeak arrakastarako eta porroterako, bietarako, prestatu behar dira. 

Nolanahi dela ere, komunikazioa ezinbestekoa da, berrikuntzaren ikuspegia partekatzeko eta, horrez gain, berrikuntza gizartearekin konektatzeko.

Laburbilduz, gaur egungo testuinguru enpresarialaren erronkei aurre egiteko, nahitaezkoa da berrikuntzan oinarritutako kultura bultzatzea. Alde horretatik, Euskadik lidergorako gaitasun nabarmena du. Urte askoan, jakintzaren eta digitalizazioaren ekonomia bultzatzeko bidean, lankidetza izan du funtsezko zutabe, eta, hain zuzen, horretan oinarritu du gaitasun hori. Nire lehen ekintzailetza nabarmenetik bi hamarkada bete diren honetan, hori da, nire irudiko jarraitu beharreko bidea.

Partekatu albiste hau

Harremanetan jarri

Juan de Miguel
Martínez
CEO
Grupo Gestionet

Hurrengo ekitaldiak