Urriak 21, 2020
Uneotan, lidergoan pentsatzen hasiz gero, Otto Scharmer irakaslearen liburua datorkit burura: “Gorabidean den etorkizunetik lider izatea”. Eta gorabidean den lidergoa kontzeptuaz gain, beste hau ere sortzen zait: Lidergo bizkorra.
Zer gertatzen ari da gaur egun munduan? “Iraunkorra den bakarra aldaketa da” “Aldatzen ez den bakarra da dena aldatzen dela”. Lantalde eta erakunde batentzat zaila da mundu aldakor, zalantzazko, konplexu eta anbiguo honetan bizitzea; dena konplikatu egiten da halako azkartasunez mutatzen den ingurune batean aurrera egin nahi bada. Ez da munduaren amaiera, ziurtasunezko munduaren amaiera da.
Batzuetan, berrikuntzak eta aldaketak olatuka gertatzen dira: aldaketa disruptibo batek aldaketa berrien uhin bat sortzen du, uneotan gertatzen ari zaigun moduan. Hala, bizi dugun garaian, inoizko abiadura azkarrenean gertatzen ari dira aldaketak bata bestearen atzetik. Aldaketa horietatik ahalik eta probetxu handiena ateratzeak, horrek laguntzen gaitu beste egun batez lantalde eta erakunde gisa bizirik jarraitzen.
Bizirik irauten duten erakundeek, malgutasunari, egokitzeko gaitasunari eta erantzun azkarrari eutsita lortzen dute bizirautea. Lidergo bizkorraren bidez egin behar diogu aurre ingurune aldakorrari eta konplexutasunari, gerria eta abiadura, biak konbinatuz.
Ingurune aldakorrari egin behar diogu aurre, eta horrek gure burua berrasmatzea eskatzen digu. Zenbat eta drastikoagoak izan gure ingurunean gertatutako aldaketak, orduan eta gutxiago hartu behar ditugu oinarritzat iraganeko patroiak eta orduan eta gehiago ikasi behar dugu gorabidean diren aukerei arreta jartzen eta haiekin bat egiten. Nola erantzun gaur egungo aldaketa olatuei sakon-sakonetik, etorkizunarekin bat egiteko moduan, eta ez iraganeko patroien aurka erreakzionatuz, horrek patroi horiek betikotzea esan nahi baitu? Gorabidean den etorkizun horretatik erantzuteko, bertan behera utzi behar ditugu gure iraganeko iritziak eta sinesmenak, iraganari joaten utzi behar diogu eta azaleratu nahi duen etorkizun horretarantz jo behar dugu.
Lidergo hitzaren erro indoeuroparrak, Leith delakoak, “aurrera egitea”, “atalase bat gurutzatzea”, “hiltzea” esan nahi du. Iraganari uzten joatea hiltzearen antzekoa da. Lidergoaren prozesu sakona: joaten uztea eta berriari eta ezezagunari etortzen uztea, hiltzea eta berpiztea.
Orratzaren begitik iragaitea. Pertsona lider garen aldetik, bidaia bakoitzaren punturik sakonenean, atalase bat dago. Atalase hori zeharkatzeko, orratzaren begia igaro behar da, eta hori hiltzearen eta berpiztearen antzekoa izan daiteke. Bibliaren arabera, “errazagoa da gamelu bat orratzaren begitik iragaitea gizon aberats bat Jainkoaren erresuman sartzea baino”. “Orratzaren begia” esaldi horrek antzinako Jerusalemeko ate bat adierazten du: gizonezko batek nahi bazuen bere gamelua Jerusalemeko ate horretatik pasa zedila, animaliaren gaineko fardo guztiak deskargatu behar zituen. Modu berean, pertsona lider garen aldetik gure bidaian orratzaren begitik pasa nahi badugu, joaten utzi behar diogu guztiari eta oinarri-oinarrizkoa ez den ekipajearen zama kendu behar dugu. Lider gisa, ate hori zeharkatzeak esan nahi du galdera honen erantzuna aurkitzea: Zein da nire Lana une honetan? Lana, L larriz, horixe da gure jomuga edo gure deia. Horretarako gaude hemen Lurrean.