- Guztira 68 ikastetxetako 205 talde ariko dira lehian otsailaren 28an hainbat egoitzatan –Bilbo, Donostia, Arrasate eta Gasteiz– aldi berean izango den torneoan
- Ekimenaren helburua 6 eta 16 urte bitarteko euskal ikasleen artean zientziarako eta teknologiarako bokazioak sustatzea da
- Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentzia, da FLL Euskadi programaren antolatzailea, Deustoko Unibertsitatearekin, Mondragon Unibertsitatearekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean
INNOBASQUE, 2026eko urtarrilaren 27a. FIRST LEGO League Euskadi programak inoizko partaidetza handiena izango du 17. ekitaldian. Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Euskal Herriko Unibertsitatearekin, Deustoko Unibertsitatearekin eta Mondragon Unibertsitatearekin bultzatutako hezkuntza-ekimen horren helburua Euskadiko 6 eta 16 urte arteko euskal ikasleen artean zientziarako eta teknologiarako bokazioak sustatzea da. Torneoa otsailaren 28an egingo da, larunbatez, aipatutako unibertsitateen bost egoitzatan, aldi berean: Bilbon, Donostian, Arrasaten eta Gasteizen.
Nazioarteko FIRST LEGO League hezkuntza-programan txertatutako ekimena da FLL Euskadi. Nazioarteko horretan, 110 herrialdetako 679.000 gaztek hartzen dute parte, horietatik 110.000 inguruk Espainian. Urtero gai bat hartzen da ardatz, eta ikasleek gai horrekin zerikusia duten erronkei erantzun behar diete lantaldetan banatuta. Hala, hainbat hilabetetako lanean, LEGO robotak programatzen dituzte erronka horiei erantzuteko, eta berrikuntza-proiektu bat aurkezten dute. Aurtengo erronkak UNEARTHED du izena (lurpetik aterea), eta arkeologia du oinarri. Euskadin, ikasleek bisita zientifiko-teknologikoen egitarau bat izaten dute programari loturik, aitzindaria Estatu osoan. Hala, bisita horien bidez ekitaldi bakoitzeko erronkarekin loturiko ezaguerak eskuratzen dituzte, ondoren beren berrikuntza-proiektua egiteko eta, horren bidez, benetako arazo bati soluzioa emateko. FLL Euskadi programa ixteko, amaieran torneo jendetsu bat izaten da hainbat egoitzatan aldi berean: aurten, Bilbon, Donostian, Arrasaten eta Gasteizen izango da lehia hori.
Ekitaldi honetan, 68 ikastetxetako 3.410 ikasle ari dira parte hartzen ekimenean. Horietatik %66 Bizkaikoa da, %19 Arabakoa eta %15 Gipuzkoakoa. Torneoa otsailaren 28an izango da, larunbatez, eta guztira 205 talde ariko dira lehian beren berrikuntza-proiektuekin eta robot jolasarekin. Inoizko partaidetza handiena da hori FIRST LEGO League Euskadi programaren aurreko ekitaldiekin alderatuta. Euskadiko torneoa estatu osoko garrantzitsuenetako bat da, hala antzinatasuna nola partaide kopurua aintzat hartuta.
Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak eta Hezkuntza Sailak, hiru Foru Aldundiek eta hainbat erakunde publikok eta pribatuk babesten dute programa. Hamazazpi urte hauetan, FIRST LEGO League Euskadi STEAM Hezkuntzako (zientzia, teknologia, ingeniaritza, arteak eta matematika, ingelesezko siglen arabera) erreferentziazko programa gisa sendotu da Euskadin.
FLL Euskadi programaren 17 denboraldietan guztira 116 ikastetxek, 2.137 taldek, 22.210 ikaslek era 1.500 boluntariok hartu dute parte. Gainera, denbora honetan guztian 174 tailer eta bisita antolatu dira edizio bakoitzeko erronkari loturik.
Programaren bi kategoriak
FLL Euskadi programan, taldeek bi kategoriatan parte hartzen dute, adinaren arabera.
“Explore” deritzon kategorian, 6 eta 9 urte bitarteko ikasleek hartzen dute parte. Adin tarte horretako lantaldeek maketa bat eraikitzen dute LEGO® eredu motordun batekin, eta poster bat diseinatzen dute urte bakoitzeko erronkari emandako soluzio berritzailea aurkezteko. Torneoan, haurrek epaileei erakusten dizkiete beren lanak, eta FLL programaren balioak –besteak beste, talde-lana, inklusioa, aurkikuntza, berrikuntza eta inpaktua– nola txertatu dituzten azaltzen dute.
“Challenge” kategorian 10 eta 16 urte arteko ikasleek hartzen dute parte. Adin tarte horretan, robot bat diseinatzen dute tapiz baten gainean hainbat misio egiteko gai dena, eta berrikuntza-proiektu bat garatzen dute urteko gaiarekin lotura duen arazo erreal bati erantzuteko. Torneoaren egunean, partaideek beren roboten bidez lehiatzen dute, eta epaimahaiaren aurrean aurkezten dituzte beren proiektuak, FLL programaren balioak lanean nola aplikatu dituzten erakutsiz.
Torneoak beste egoitza bat izango du
Torneoan parte hartzen duten taldeak aldi berean bilduko dira Euskadiko hainbat puntutan: Bilbon, Donostian, Arrasaten eta Gasteizen, zehazki.
Aurtengo FLL Euskadi ekitaldian, egoitza anitzeko finala inoiz baino zabalagoa izango da, bost egoitza izango baitira, aurreko ekitaldietan baino bat gehiago. Aurten, Mondragon Unibertsitatearen Bilboko campusa izango da egoitza berria.
Deustoko Unibertsitateak Bilboko campusean antolaturik, FLL Euskadi Bilbo-Deusto egoitzan, 49 talde (30 Challenge eta 19 Explore) eta 20 ikastetxe ariko dira lehian. Mondragon Unibertsitateak Bilbao As Fabrik-en antolatuta, FLL Euskadi Bilbao-Mondragon Unibertsitatearen egoitza berrian, 22 talde ariko dira (12 Challenge eta 10 Explore) eta 6 ikastetxe.
FLL Euskadi Donostia egoitzan –hau ere Deustoko Unibertsitateak antolatuta– 44 talde (27 Challenge eta 17 Explore) eta 15 ikastetxe izango dira partaide. Mondragon Unibertsitateak antolaturik, FLL Euskadi Mondragon egoitzan 49 talde (28 Challenge y 21 Explore) eta 13 ikastetxe ariko dira lehian. Azkenik, FLL Euskadi Gasteiz egoitzan, 43 talde izango dira (24 Challenge eta 19 Explore) eta 17 ikastetxe, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) antolatuta.
Egoitza bakoitzeko talde irabazleek Espainiako finalerako lortuko dute txartela. Apirilaren 11n, larunbatez, Burgosen jokatuko dute final hori, eta hor FIRST LEGO League ekimenak mundu osoan antolatzen dituen nazioarteko torneoetara joateko aukera lor dezakete.




