• Profesionalekin topaketa azkarrak egingo dituzte ikasleek, zientziari eta teknologiari (STEM) loturiko lanbideen aniztasuna ezagutzeko. Industria eta teknologia arloko enpresetan, eta unibertsitate- eta zientzia-erakundeetan izango dira topaketa horiek. 
  • Azaroaren 10etik 27ra 8 jardunaldi izango dira guztira, eta horietan 17 ikastetxek eta STEM lanbideetako 143 profesionalek hartuko dute parte. 
  • Eusko Jaurlaritzaren STEAM Euskadi Estrategiaren testuinguruan egingo dira jardunaldiak. Hezkuntza Saila eta Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza Saila dira ekimenaren bultzatzaileak. Laguntzaileak, berriz, beste hauek: Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentzia, Deustoko Unibertsitatea, EHU, Mondragon Unibertsitatea, Hetel, Ikaslan, AICE-IZEA eta Elhuyar. 

INNOBASQUE, azaroaren 11an. Azaroan zehar, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 4. mailako 766 ikaslek aukera izango dute, STEAM Sare programaren bidez, Euskadiko industria, zientzia eta teknologia sektoreetako profesionalekin hitz egiteko eta zientziaren eta teknologiaren esparru horietan zer lan-aukera dauden jakiteko. Euskal gazteen artean matematika, zientzia eta teknologiarekiko interesa areagotzeko eta arlo horietako irakaskuntza hobetzeko elkarrekin lan egiten duten ikastetxe eta eragile sozioekonomikoek osatzen dute STEAM Sare hori. 

Eusko Jaurlaritzaren STEAM Euskadi Estrategiaren testuinguruan egingo dira orientabide profesionaleko jardunaldi hauek, laugarren urtez jarraian. Hezkuntza Saila eta Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza Saila dira topaketa hauen bultzatzaileak. Laguntzaileak, berriz, beste hauek: Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentzia, Deustoko Unibertsitatea, EHU, Mondragon Unibertsitatea, Hetel, Ikaslan, AICE-IZEA eta Elhuyar.  Hauek dira ekimenaren helburuak: DBHko 4. mailako ikasleei ikasketak eta lanbidea hautatzen laguntzea, STEM lanbideen aniztasuna erakustea profesionalekin eginiko hartu-eman zuzen horien bidez, eta STEM esparruetako bokazioak eta aurreikuspen profesionalak sustatzea, batez ere nesken artean. 

Guztira zortzi jardunaldi izango dira Bizkaia eta Gipuzkoan, eta horietan 17 ikastetxe eta STEM lanbideetako 143 profesional izango dira partaide. STEM ingelesezko siglek zientzia, teknologia, ingeniaritza, arteak eta matematika arloei egiten die erreferentzia.  Topaketak hitzordu azkarren bidez gauzatuko dira, ikasleek aukera izan dezaten lanbide desberdinetako 5 profesionalekin hitz egiteko.  Partaide diren hezkuntza-eragileen egoitzetan izango dira hitzorduak, bai unibertsitateetan eta bai lanbide heziketako zentroetan.  

Hitzordu azkarrak etorkizuneko lanbidearekin 

Topaketa hauen dinamikaren oinarrian spped dating-eko ekitaldiak daude (bikotea ezagutzeko hitzordu azkarrak): hala, ikasleen eta STEM profesionalen arteko topaketak hamabost minutuko bloketan egituratuko dira, eta gazteek aukera izango dute esparru bakoitzeko lanbideetan etorkizunean zer lan aukera egon daitezkeen jakiteko. 

Bloke bakoitzean, bost ikasleko taldeek profesional batekin hitz egingo dute, zer interes eta bultzada profesional eta pertsonal dituzten azaltzeko. Profesionalek, berriz, ikasketetan eta lanbidean egin duten ibilbidearen berri emango diete ikasleei, eta egunez egun beren enpresan zer erronkari aurre egin behar dioten azalduko diete.  Ikasleek, galderak egiteko eta beren etorkizun profesionalari buruzko kezkak agertzeko aukera dute.  Jardunaldian zehar, soslai desberdineko lauzpabost profesional ezagutzeko eta haiekin hitz egiteko aukera du ikasle bakoitzak. Hala, ikasketetan eta lanbidean zer bide hartu aukeratzen lagunduko diete profesional horiek. 

Enpresa eta hezkuntza hurbiltzea 

Bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzeko elkarrekin lan egiten duten ikastetxe eta eragile sozioekonomikoek (enpresa, unibertsitate, teknologia-zentro eta STEM profesionalak dituzten beste erakunde batzuk) osaturiko egitura da STEAM Sare.   Ikasturtean zehar, hainbat jarduera antolatzen ditu sare horrek, eta horren adibide dira lanbide-orientabiderako jardunaldiok. Xedea da ikasleak esparru zientifiko-teknologikoetan lan egiten duten profesionalekin hartu-emanean jartzea.  Era horretara, Euskadin esparru zientifiko-teknologikoetan egunero lan egiten duten enpresa eta teknologia-zentroetan zer lanbide eta jarduera dauden eta horietan zer lan egiten den jakin dezakete ikasleek, besteak beste, enpresa eta organismo horien lantokietara eginiko bisiten bidez. 

2025-2026 ikasturte honetan 17 ikastetxek eta 102 erakunde laguntzailek hartuko dute parte STEAM Sarean.  

Jardunaldien egutegia eta kokapena:  

  • 2025eko azaroak 10, Arrasate. Mondragon Goi Eskola Politeknikoa
  • 2025eko azaroak 11, Muskiz. Somorrostro FZ_Muskiz (Hetel)
  • 2025eko azaroak 13, Bilbo. La Perrera eraikina, Bilboko Udala (AICE/IZEA)
  • 2025eko azaroak 18, Barakaldo. CIFP Barakaldo LHII (Ikaslan)
  • 2025eko azaroak 19, Leioa. EHUren Bizkaiko Campusa
  • 2025eko azaroak 21, Donostia. Deustuko Unibertsitatearen Donostiako Campusa
  • 2025eko azaroak 26, Bilbo. Deustuko Unibertsitatearen Bilboko Campusa
  • 2025eko azaroak 27, Bilbo. Deustuko Unibertsitatearen Bilboko Campusa 

Egitaraua:

9:15   Irekiera eta harrera ekitaldia, erakunde antolatzaileen eskutik 

9:30    Topaketa azkarren hasiera 

11:00  Kaferako etenaldia 

11:30  Bisita erakunde antolatzaileen instalazioetara 

12:30  Jardunaldiaren amaiera 

Partekatu albiste hau