Zientzia-fikziotik ateratakoa balitz bezala, Elon Muskek, Neuralink izeneko neuroteknologia-enpresaren sortzaile aberatsak duela gutxi aditzera eman du gizaki batean lehen aldiz garuneko inplantea jarri dutela. Aurrerapen horrek arreta handia eta nolabaiteko eszeptizismoa jaso ditu, eta garun-konputagailu motako interfazeen garapenean mugarri garrantzitsua da.

Txundigarria da, hala ere, aurrerapen hori ez dela guztiz arrotza neuroteknologiaren esparruari adi ibili direnentzat. Izan ere, 2022ko urtarrilean, Innobasquen garatzen dugun joeren dibulgaziorako jardueran, planteatu genuen posible zela etorkizunean garuneko inplanteak errealitate bihurtzea, “Gaitasun mentalaren manipulazioa” izeneko artikuluan.

Orduan, gizakion garuneko gaitasunak aldatu eta hobetzeko prozesu zoro hori gauzatzea posible zela ohartarazten zen, baita horrek ekarriko lituzkeen ondorio etiko, sozial eta legezkoak ere. Eztabaidatu zen gizakion adimena eta artifiziala elkartzeak muturreko desberdinkeriak ekar ditzakeen edo ez, gizabanakoen mailan zein maila geopolitikoan.

Badirudi gaurko errealitatea bat datorrela lehenago egindako hausnarketa horiekin. Muskek adierazi du Neuralinken lehenengo produktuari esker, Telepatia izenekoari, pertsonek beren gailu elektronikoak kontrolatu ahalko dituztela haien adimenaren indarrarekin. Hasiera batean, aurrerapena mugitzeko desgaitasuna duten pertsonei dago zuzenduta, inguratzen dituen munduan jarduteko modu azkar eta efizienteagoa eskaintzeko asmoz.

Hala ere, 2022ko artikuluan adierazi bezala, neuroteknologiako aurrerapenek alde batera utzi ezin diren hainbat eta hainbat itaun etiko eta legal dakartzate. Nola babestuko lirateke gizabanakoen eskubideak eta pribatutasuna, gure pentsamenduetara gailu teknologikoen bidez sartzeko aukera ematen duen mundu batean? Nork izango du teknologia horretarako sarbidea, eta nork erabakiko du zeinek atera diezaiokeen etekina eta zeinek ez?

Neuroteknologiako aurrerapenek alde batera utzi ezin diren hainbat eta hainbat itaun etiko eta legal dakartzate.

Gainera, Neuralinkek isuna jaso du material arriskutsuak garraiatzean segurtasun-arauak urratzeagatik, eta berri horrek beste kezka bat gehitu dio kontuari. Nahiz eta ulergarria den enpresak irrikan egotea ikerketan eta garapenean azkar aurrera egiteko, gure buruari planteatu beharko genioke ea onargarria den horretarako segurtasun publikoa kolokan jartzea.

Bestalde, garrantzitsua da aitortzea neurotekonologiako aurrerapenek hainbat aukera zirraragarri ere eskaintzen dituztela. Pertsona itsuek ikusmena berreskuratzeko aukera izatea edo desgaitasun larriak dituztenek mugikortasuna errekuperatzea itzela da. Gainera, aurkikuntza zientifikoak bizkortu eta osasuneko arreta pertsonalizatua hobetzeak gizartea goitik behera eraldatu lezake.

Azkenik, Neuralinken azken garapenak gogorarazten digu aurrerapen teknologiko azkarreko une batean bizi garela, non duela gutxi zientzia-fikzioa zena errealitate bihurtzen ari den. Hala ere, gogoan izan behar dugu ere aurrerapen horiekin batera kontuz eta berariaz tratatu behar diren ardura eta erronka paregabeak datozela.

Etorkizunari begira, ezinbestekoa da neuroteknologiak gure bizitzetan duen eraginari buruz eztabaidatzen eta hausnartzen jarraitzea. Elkarrizketa ireki eta kolaboratibo baten bidez bakarrik bermatu ahalko dugu berrikuntza horiek gizakion ongizatea hobetzeko erabiltzen direla, eta ez ahultzeko. Azken finean, neuroteknologiaren etorkizuna gaur hartzen ditugun erabakien menpe dago.

Etorkizunari begira, ezinbestekoa da neuroteknologiak gure bizitzetan duen eraginari buruz eztabaidatzen eta hausnartzen jarraitzea.

Partekatu albiste hau