Urriak 28, 2021

RAEren hiztegiak honela definitzen du «berritu» terminoa: «Zerbait moldatzea edo aldatzea, berrikuntzak sartuz». Eta «berrikuntza», berriz, «berritzearen ekintza edo ondorioa» izateaz gain, «produktu bat sortzea edo aldatzea, eta produktu hori merkatuan sartzea» dela zehazten du. Hau da, badirudi «berrikuntza» oso loturik dagoela enpresa-munduarekin.

Lerro hauetan ikuspegi zabalagotik aztertuko dut «berrikuntza» eta ez produktuei loturik soilik; izan ere, hain ukigarriak ez diren zenbait alderdi «berritzea» ere funtsezkoa da, hala nola herritarren errespetua, parte-hartzea eta zaintza.

Caroline Criado Perez kazetari eta ekintzaileak «gizonezkoentzako neurri bakarreko ikuspegia» aipatzen du bere La mujer invisible liburuan (Financial Times-ek «2019ko negozio-liburu onenaren saria» eman zion lan horri). Ikuspegi horrek, historikoki, informazio eta interes falta erakutsi du emakumezkoei gertatzen zaigunarekiko eta gure kezkekiko, eta, horrek eragin du bai aurrerapen teknologikoak eta bai politika eta hirigintza arloko erabaki handiak (oharkabean, ondo pentsatuta) biztanleen erdia kanpoan utzita hartu izana. Eta gizartearen erdia alde batera utzita, «berrikuntzari» loturiko «aurrerapen» hori askoz onuragarriagoa gertatu da gizonezkoentzat bizitzaren alderdi guztietan; besteak beste, haien osasunaren zaintzan eta lan-aukeretan.

Zertarako «berritzen» da, diru gehiago irabazteko soilik, edo besterik gabe beharrizan sozialak sortzeko (bide batez esanda, zenbaitetan guztiz azalekoak)? Nire iritzian, «berrikuntzak» pertsonen bizimodua hobetzea izan behar du ardatz; berrikuntzak ezin du helburu izan bere horretan.

«Berrikuntza» herritar guztiengana iritsiko bada, emakumezkoek eta gizonezkoek berdintasunean gidatu beharko lukete. Berrikuntza horrek kontuan hartu beharko luke zaintza-lana lehenesteko beharra; hain zuzen, «ikuspegiaren arrakalak» (horrela izendatzen du Caroline Criado Perezek) betidanik alde batera utzi izan duena. «Berrikuntza» on batek detektatu eta ezabatu egin beharko lituzke kontratazioetan erabiltzen diren ustezko algoritmo «aseptiko» horietan sartu diren irizpide baztertzaileak; izan ere, usu lehenago kontratatzen dira gizon zuriak, kualifikazio bereko emakumeak baino. Emakumezkoek eta gizonezkoak gidatutako «berrikuntzak» aintzat hartuko luke, adibidez, emakumezkoen eskuak txikiagoak direla gizonezkoenak baino eta, beraz, gailuak eta bestelako tresna mota guztiak haietara egokitu behar direla. Orobat, genero-ikuspegia aintzat hartuko duen kalitatezko ikerkuntzaren alde egin beharko luke apustu, eta ez gizonezkoak «gizaki estandarraren» eredutzat hartzen dituen ikerkuntzaren alde.

Egiazko «berrikuntzak» kontuan izan beharko lituzke emakumezkoen, adinekoen eta egoera ahulean dauden kolektiboen beharrizanak eta iritziak. Nire egiten dut «berritu» terminoaren definizio hori: « Zerbait moldatzea edo aldatzea, berrikuntzak sartuz». Hala ere, «berritzea» ez da produktu berriak sortzea soilik; «berrikuntza» ez da horretara mugatzen. «Berrikuntzak» dira beste hauek ere: begirada askotarikoak eta ikuspegi desberdinak, horien bidez mundu orekatuagoa, bidezkoagoa, zintzoagoa… lortzeko, baita bazterketaren zama hainbeste sufritu ez duten pertsonentzat ere.

Partekatu albiste hau

Harremanetan jarri

Marta
Macho
Matematikan doktorea
UPV/EHU

Hurrengo ekitaldiak