• Ikastaroak hiru bloketan banaturik daude, eta bloke bakoitza profil jakinen beharrizanetara egokiturik dago: ETEak, I+G+b arloa nazioartekotzeko interesa duten enpresak eta entitateak eta Agentziako bazkideak
  • Jakintzaren esparru bakoitzeko adituek eta profesionalek emango dituzte ikastaroak, xede eta asmo praktiko nabarmenarekin: parte hartzen duten enpresa eta antolakundeen gaitasun berritzailea hobetzea
  • “Formakuntza Berrikuntza” programak zubi lanak egiten ditu enpresak berrikuntzaren euskal ekosisteman sar daitezen eta berrikuntza bultzatzeko eskueran dituzten soluzioak lor ditzaten
  • Katalogo osoa eta izena emateko estekak eskura daude Berrikuntzaren Euskal Agentziaren webgunean

INNOBASQUE, 2026eko urtarrilaren 28a. Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, urteko lehen seihilekorako doako formakuntza-eskaintza aurkeztu du, 15 ikastarorekin, helburu nagusi hau oinarri hartuta: Euskadiko enpresa eta antolakundeen gaitasun berritzaileak hobetzea.

Formakuntza ikastaro horiek Euskadiko hiru lurraldeetan banatuko dira, Berrikuntzaren Euskal Agentziaren konpromisoa berrikuntza lurralde osoko enpresa eta entitateetara hurbiltzea baita, eta haiei guztiei prestakuntza espezializatua eta kalitatezkoa bideratzea.

Aurtengo lehen seihilekoko ikastaroak hiru bloketan banaturik daude, eta bakoitza profil jakin bati zuzendurik dago: alde batetik, ETEak; bestetik, beren I+G+b arloa nazioartekotzeko interesa duten entitateak; eta, azkenik, erakunde bazkideentzat berariaz antolatutako ikastaroak. Nolanahi ere, ikastaro guztietan berrikuntzaren ikuspegi praktikoa da ardatza.

Era horretara, enpresa munduan entzute eta eskarmentu handia duen irakasle-talde bati esker, Innobasquek partaideen beharrizan eta errealitatera egokitzen du prestakuntza. Hala, formakuntza horren bidez, jarraibideak eta tresnak ematen dizkie praktikan jartzeko, eta, orobat, sarbidea eskaintzen die berrikuntzaren euskal sistemara eta edozein prozesu eraldatzailetan bidelagun izan ditzaketen eragileen sarera.

Enpresa txiki eta ertainen kasuan, ikastaroak otsailaren 26an hasiko dira Donostian, eta apirilaren 23an amaituko dira. Donostian ez ezik, Bilbon eta Gasteizen ere izango dira ikastaroak. Beren I+G+b arloa nazioartekotzeko interesa duten enpresei zuzendutako blokea martxoaren 10 hasi eta maiatzaren 26an amaituko da. Ikastaro guztiak Innobasqueren Zamudioko egoitzan izango dira. Bestalde, berariaz erakunde bazkideentzat antolatutako ikastaroak otsailaren 10ean hasi eta ekainaren 17n bukatuko dira. Horiek ere aurrez aurreko formatuan egingo dira Berrikuntzaren Euskal Agentziaren egoitzan. Bazkideei bideratutako formakuntza horretan, berrikuntzarekin lotutako saio orokorrak eta sektore edo gai jakinei lotutako ekintza espezifikoak eskainiko dira, azken hauek lehenbailehen praktikan jartzeko xedearekin.

Aurreko urtean, 445 euskal entitatek hartu zuten parte prestakuntza-programan. Partaideek, gainera, ikastaroen oso balorazio ona egin zuten ebaluazioetan, 10etik 8,9 puntu, eta batez ere haien izaera praktikoa eta enpresen benetako erronkekin bat etortzea azpimarratu zuten.

ETE-entzako lehiakortasuna, laguntza pertsonalizatuarekin

Hamar langile edo gehiagoko ETE-entzat diseinatutako bloke honetan, Innobasqueren programak lau esparru estrategiko hauek ditu ardatz, enpresen lehiakortasuna hobetzeko: merkatua, pertsonak, berrikuntzaren kudeaketa eta finantzaketa. Saio guztiak aurrez aurrekoak izango dira eta otsailetik apirilera egingo dira EAEko hiru hiriburuetan. Ikuspegi praktikoko ikastaroak izango dira, ikasitakoa berehala aplikatzeko diseinatuak.

Aurtengo ekitaldian, berrikuntza gisa, moduluko ikastaro guztietan partaideek aukera izango dute arlo bakoitzeko irakasle eta profesionalen aholkularitza pertsonalizatua jasotzeko. Aurreko deialdietan jendeak oso ondo baloratu zuen alderdi hori, eta aurten moduluko ikastaro guztietara zabaldu da. Laguntza horri esker, entitateek berrikuntza-proiektu bat bultzatu ahal izango dute, edo formakuntzan jorratutako edukietan sakondu ahal izango dute.

Lehen seihilekorako diseinatutako formakuntza-proposamenek bi helburu izango dituzte. Batetik, merkatuko posizionamendua sendotzea eta, tresna digitalen eta adimen artifizialaren erabilera praktikoa txertatuz, prozesu komertzialak hobetzea (Bilbo, martxoaren 12a). Bestetik, zeharkako edukiak ere landuko dira, pertsonen kudeaketarekin eta lanaren antolaketarekin lotura dutenak batez ere, eta arreta berezia jarriko zaio laneko absentismoari, hori baita euskal enpresen erronka handienetako bat (Donostia, otsailaren 26a). Aurrez ere jorratu izan da gai hau programan, pertsonen konpromisoaren ikuspegitik, eta oraingoan, zabaltasun handiagoz landuko da, prozesuen hobekuntza ere aztertuko baita. Hala, prozesu horien inpaktua gutxitzeko tresnak eta baliabideak eskainiko dira.

ETE-entzako formakuntza-lerroa osatzeko, berrikuntza kudeatzeko edukiak jorratuko dira beste ikastaroetako batean (Gasteiz, martxoaren 26a), eta berrikuntzaren finantzaketa, beste batean (Donostia, apirilaren 16a). Bietan, ikuspegi estrategikoa eta aplikazio praktikoa konbinatuko dira, enpresek aukera izan dezaten beren jarduerari loturiko antolaketa erronkak nahiz estrategikoak modu osoago batean lantzeko.

Nazioartekotze ikastaroak: Europa berrikuntzarako benetako aukera gisa

“Formakuntza Berrikuntza” programaren bigarren blokea beren I+G+b arloa nazioartekotzeko eta Europako finantzaketa-aukerak ahalik eta gehien aprobetxatzeko helburua duten enpresa eta entitate publiko nahiz pribatuei zuzenduta dago. Deialdietan sartzeko argibideak emateaz harago, ikastaro hauen helburua da ETE-ei nazioarteko proiektuetan sartzen laguntzea eta Europa berrikuntzarako eremu irisgarria dela erakustea.

Saio guztiak aurrez aurrekoak izango dira eta Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziaren Zamudioko egoitzan egingo dira, martxoaren 10ean hasi eta maiatzaren 26an bukatu.

Martxoaren 10eko lehen saioan, Lump Sum finantzaketarekin lan egiteko oinarriak irakatsiko dira: nola egin aurrekontuak, nola prestatu eta kudeatu proposamenak eta nola justifikatu kostuak estimazio egokien bidez. Gero eta gehiago erabiltzen da Lump Sum modalitate hau Europako proiektuak finantzatzeko, eta, beraz, gero eta gehiago dira modalitate horretan derrigorrezkoak diren topic-ak. Horregatik jo da beharrezkotzat ikastaro hau egitea.

Horren ondotik, onlineko saio bat izango da apirilaren 28an, Horizon Europe programarako proiektuetarako business case bat nola landu erakusteko. Ikastaro horretan, besteak beste, argibideak emango dira business case bat egituratzeko, merkaturako bide argiekin, ezinbesteko eskakizuna baita deialdi horietan lehiakorra izateko; orobat, beharrezko tresnak emango dira proiektuak modu osoan planifikatzeko, justifikatzeko eta aurkezteko.

Azkenik, maiatzaren 19an eta 26an, Europako proiektuak kudeatzeko eta alderdi teknikoari nahiz finantzaketari dagokionez modu egokian justifikatzeko ikastaro bat egingo da. Aurreko ekitaldietan ere eman izan da formakuntza hau, eta edukiera betetzeaz gain batzuk itxaron zerrenda geratu izan dira. Beraz, aurten ere errepikatu egingo da, interesa duten entitate guztiei erantzuteko eta nazioarteko proiektuak arrakastaz kudeatzeko beharrezkoak diren ezaguera praktikoak emateko.

Bazkideentzako ikastaroak: berrikuntza estrategikoa eta benetako balioa sortzeko berrikuntza aplikatua

Berrikuntzaren Euskal Agentziaren formakuntza-programan hirugarren blokea entitate bazkideei bideraturik dago berariaz. Proposatutako ikastaroek lotu egiten dituzte berrikuntza eta sektore funtsezkoetan berrikuntza horrek izan dezakeen aplikazio praktikoa, eta sakondu egiten dute berrikuntzaren dimentsio estrategikoan, enpresen barnean inpaktua sortzeko.

Ikastaro guztiak Innobasqueren Zamudioko egoitzan egingo dira, otsailetik ekainera. Formakuntza hauen xedea da entitate bazkideen jardun berritzailea eta ingurune aldakor honetan egokitzeko gaitasuna sendotzea.

Formakuntza hauetan, plaza kopurua mugatuagoa da ikasketa-ingurune ahalik eta onena sortzeko; hori dela eta, 2026ko lehen seihilekoko katalogoan aurreko ekitaldietan bete egin ziren ikastaroak berritu dira, eskari handiari erantzuteko eta ikastaroetako edukiak interes-taldeetako pertsona gehiagori helarazteko.

Adimen artifizial sortzaileari buruzko ikastaroak dira horren adibide. Teknologia horri loturiko tresnen eta aplikazio-kasuen ezaguera praktikoak emango dira ikastaro horietan; izan ere, lan egiteko modua goitik behera eraldatzen ari da teknologia hori. Bi ikastaro programatu dira: bat berariaz hezkuntza-sektorera bideratua, otsailaren 10etik aurrera, eta bestea orokorra, martxoaren 4tik aurrera.

Berrikuntzaren dimentsio estrategikoa sendotzeko ikastaroak ere badira programazioan. Horien helburua da enpresei berrikuntzaren bidez lehiakortasunerako abantaila ukigarriak lortzen laguntzea. Horrelakoak dira, adibidez, berrikuntza estrategikoari eta ibilbide-orrien ereduei buruzko formakuntzak (otsailaren 24an eta 25ean), AA txertatzen duten soluzioak jabetza industrial eta intelektualaren bidez babestea (maiatzaren 6an) eta berrikuntza-proiektu batean inpaktu soziala neurtuko duen sistema bat diseinatzeko tailer praktikoa (maiatzaren 20an eta 21ean). Bloke honetako ikastaroak aldatuz doaz bazkideen eskarien eta Innobasqueren pertzepzioaren arabera; izan ere, gure agentzia berrikuntzaren eta haren joeren eta unean uneko gai garrantzitsuenen behatoki moduko bat da.

Etorkizuneko joerei buruzko ohiko formakuntza ere jasotzen da seihileko honetan bazkideentzat berariaz prestatutako katalogoan. Hauxe da ikastaro horren xedea: epe ertain eta luzera inpaktuak sor ditzaketen aldaketei aurre hartzeko seinaleak, patroiak eta garapenak etengabe berrikustea. Ekitaldi honetan, gainera, megajoerak begirada kritiko batetik nola aztertu irakasteko formakuntza bat ere izango da, apirilaren 22an.

Azkenik, mantendu egiten da I+G arloaren eta berrikuntzaren finantzaketari buruzko ikastaroa. Ekainaren 17an izango da aurten. Ekitaldi honetan, I+G arloaren eta berrikuntzaren mesedetan emandako pizgarri fiskalak izango dira ardatz.

Partekatu albiste hau