- Tailerrak hamaika udalerri elkartu ditu, EAEko hiru hiriburuak tartean, berrikuntza publikoarekin loturiko esperientziak konpartitzeko eta tokiko administrazioen arteko lankidetza indartzeko
- Innpulso Sareak —Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitateak Ministerioaren egiturako organoa, Espainia osoko laurogeitik gora udalerrik osatua— eta Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Innobasquek antolatutako topaketak aukera eman du hainbat arlotako jardunbide egokiak trukatzeko, hala nola udal kudeaketarekin, berrikuntzaren erosketa publikoarekin eta gazteen talentu zientifikoa sustatzeko ekimenekin loturikoak
INNOBASQUE, 2025eko azaroaren 13a. Hamaika udalerri —erkidegoko hiru hiriburuak tartean— Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziaren egoitzan bildu dira gaur, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean, tokiko berrikuntza publikoarekin loturiko esperientziak eta jardunbide egokiak konpartitzeko tailer batean. Innpulso Sareak —Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitateak Ministerioaren egiturako organoa, Espainia osoko laurogeitik gora udalerrik osatua— eta Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatu dute topaketa. Tailerrak aukera eman du hainbat arlotako jardunbide egokiak trukatzeko, hala nola udal (Barakaldo, Berango, Bilbo, Castro-Urdiales, Donostia, Ermua, Etxebarri, Ortuella, Sestao, Gasteiz, Villadecans) kudeaketarekin, berrikuntzaren erosketa publikoarekin eta gazteen talentu zientifikoa sustatzeko ekimenekin loturikoak.
Tokiko mailan kudeaketa publikoa nola eraldatu den erakusten duten proiektu zehatzak erakutsi dituzte partaideek jardunaldian. Bilbotik, “Gazte STEAM” aurkeztu da, gazteen artean bokazio zeintifiko-teknologikoak bultzatzen dituen estrategia, hiri inguruneetan hezkuntza eta teknologia uztartzen dituena. Ermuan, “Urban Lab” proiektuak esperimentaziorako hiri laborategi bat bihurtu du udalerri osoa. Ekimen horretan, enpresek, ekintzaileek eta herritarrek aukera dute produktu, ideia eta soluzio sozialak nahiz teknologikoak probatzeko ingurune errealetan, arreta berezia jarrita erabiltzailea erdigunean jartzen duten teknologiei. Sestaok, berriz, “Papirus” proiektu europarra eman du ezagutzera. Eraikinen zaharberritzean berrikuntzaren erosketa publikoa aplikatzea da ekimen horren xedea. Azkenik, Gasteizen, “UnicitiES 2030” erakundeak aliantza bat ezarri du unibertsitatearen eta udalaren artean, ikasleek, irakasleek eta udal-teknikariek titulazio amaierako lanetan parte har dezaten ahalbidetuz, hiriaren benetako erronkei aurre egiteko, neutraltasun klimatikoari eta hiri-eraldaketa jasangarriari lotuta.
Innpulso Sareko idazkari nagusi Adela Artelok eta Innobasqueko Bazkideen Unitateko zuzendari Jose Carlos Peñak ireki dute jardunaldia, eta lurralde berritzaileen eraikuntzan udalek duten garrantzia eta irtenbide eraldatzaileak sortzeko tokiko gaitasuna indartuko duten aliantzak ehuntzearen garrantzia azpimarratu dute.
Esperientziak trukatu ondoren, eztabaida bat izan da, eta, bertan, udalerriek erronka eta aukera komunak identifikatu dituzte, eta udalerrien arteko lankidetza indartzeko eta lurraldeetan eraldaketa berritzailea bizkortzeko bide berriak aztertu dituzte.
Tailerraren amaieran, ondorioak bateratu dituzte udalerrietako ordezkariek, eta konpromisoa hartu dute berrikuntza-ekosistema sendo baten eraikuntzan aurrerapausoak ematen jarraitzeko, administrazioen arteko lankidetza indartzeko eta herritarren ongizatea helburu duten tokiko politikak sendotzeko.




