- Azaroan eta abenduan, Euskadiko 24 ikastetxetako Lehen eta Bigarren Hezkuntzako 800 bat ikaslek hainbat bisita zientifiko-teknologiko egin dituzte FIRST LEGO League programaren aurtengo erronka hurbilagotik ezagutzeko: UNEARTHED, iragana argitara ateratzea etorkizuna deskribatzeko.
- Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Innobasquek, bultzatu du aurten ere Estatuan aitzindaria den formakuntza-programa hau.
- Nazioarteko FIRST LEGO League hezkuntza-programan txertaturiko ekimena da FLL Euskadi. Ikasleen artean zientziarako eta teknologiarako bokazioak sustatzea da programa horren helburua, modu praktikoan eta dibertigarrian, zientziaren bidez programa errealei erantzuna emanez.
- Hezkuntza arloko programa honen itxiera, Euskadin, otsailaren 28ko torneoa izango da. Aldi berean Bilbon, Donostian, Arrasaten eta Gasteizen jokatuko da lehia hori.
Asteartea, 2025eko abenduaren 3a. FIRST LEGO League Euskadi formakuntza-programaren 17. ekitaldiko Gipuzkoako jarduerak gaur bukatu dira, ikasleek Ekaingo haitzulora egin duten bisitarekin. Aurten ere Berrikuntzaren Euskal Agentzia, Innobasque, izan da Estatu mailako ekimen aitzindari honen sustatzailea. Nazioarteko FIRST LEGO League hezkuntza-programan txertaturik dago Euskadikoa. Aurten, hauxe izan da erronka: UNEARTHED, iragana argitara ateratzea etorkizuna deskubritzeko. Mundu osoan 650.000 ikaslek baino gehiagok eta Euskadin 2.000 inguruk egingo diote aurre ekitaldi honetako erronkari. FIRST LEGO League Euskadi ekimena amaitzeko, torneo bat izango da otsailaren 28an, hainbat egoitzatan aldi berean: Bilbon, Donostian, Arrasaten eta Gasteizen, hain zuzen.
FIRST LEGO League Euskadi formakuntza-programa
FIRST LEGO League Euskadi programaren xedea ikasleek ekitaldi bakoitzeko gaiari buruz ikertzea da. Azaroan programa abian jarri zenetik, Euskadiko 24 ikastetxetako Lehen eta Bigarren Hezkuntzako 800 ikasle inguruk arkeologiaren esparruan zer aurrerapen egin diren jakin dute, eta STEM tresna eta tekniken bidez aurkikuntza horietan nola sakondu daitekeen ikasi dute.
Horretarako, 37 bisita zientifiko-teknologiko egin dituzte Euskadiko zortzi zentrotara, aurkikuntza horiek lehen eskutik ezagutzeko eta zientzia eta teknologiarekin zer lotura duten egiaztatzeko. Ekimen honen xedea da 9 eta 16 urte bitarteko gazteen artean bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzea, modu dibertigarrian eta praktikoan.
Euskadin, Innobasque da FIRST LEGO League programaren antolatzailea, Deustoko Unibertsitatearekin, Mondragon Unibertsitatearekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean. Era berean, lankide dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza Saila eta Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako foru aldundiak. Erakunde horien guztien konpromisoa da ikasleen artean karrera zientifiko-teknologikoekiko interesa eta haiei loturiko gaitasunak sustatzea: berrikuntza, esperimentazioa, pentsamendu kritikoa, talde-lana eta sormena, besteak beste. Eusko Jaurlaritzak sustatutako STEAM Estrategiaren euskarrietako bat da FLL Euskadi.
Ekaingo haitzuloak
Bizkaia Ikastetxeko Bigarren Hezkuntzako 35 ikaslek Ekaingo Haitzuloa bisitatu dute gaur, duela 14.000 urte inguru Ekaingo zaldien margolaria nola bizi zen ikusteko. Haitzulo hau eta bertako labar margoak Munduko Ondare izendatu zituzten 2008an, Kuaternarioko arteko zaldi multzo bikainena baita Ekaingoa.
Hasteko, garai horren testuingurua azaldu zaie ikasleei, historiaurreari, glaziazioari eta antzinako gizakiari buruzko zenbait zertzeladaren bidez, eta, ondoren, ikasleak berak historiaurrean barneratu dira zentzumenen bidezko jarduera baten bidez. Hala, antzinako gizakiak sua egiteko, margotzeko eta ehizatzeko erabili zituen tekniken eta materialen erakustaldi bat egin zaie.
Ekaingo haitzuloko biztanle haiek muturreko baldintzetan bizi izan ziren, eta, halabeharrez, bizirik irauteko hainbat teknika garatu zituzten. Labar margoen egilea nola eta zer baldintzatan bizi zen jakiteko, gizaki haien larruan sartu dira ikasleak, haitzuloaren erreplikan eginiko bisita gidatuan kobazuloko hezetasuna, iluntasuna eta isiltasuna sentituz.




