- Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, urtero antolatzen duen topaketa nagusia izan da gaur Donostian, Basque Culinary Centerreko GOe gunean, eta bertan bildu dira berrikuntzako euskal ekosistemako eragileak eta gizarteko eta enpresa munduko hainbat esparrutako kideak eta ordezkariak
- Erakunde antolatzaileetako ordezkari hauek eman diote hasiera ekitaldiari: Olatz Yarzak, Donostiako Udaleko lehen alkateordeak eta Mugikortasun, Garraio Jasangarri eta Turismoko zinegotzi ordezkariak; Jon Gurrutxagak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena eta Proiektu Estrategikoak Saileko Berrikuntza zuzendariak, eta Imanol Regok, Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidenteak. Itxi, berriz, Juan Ignacio Perez Iglesiasek, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza sailburuak, itxi du jardunaldia.
- “Zientziatik Berrikuntzara” goiburua izan du aurten Euskadiko berrikuntzaren hitzordu nagusiak. Ekitaldian, bost kasu praktiko aurkeztu dira erakusteko gure lurraldean jakintza nola bihurtzen den berrikuntza eta berrikuntza horrek zer inpaktu duen. Leire Bilbaok, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak, aurkeztu ditu bost proiektuak
- “Global Innovation Dayko solasaldian” Maria Jose Sanz, Basque Centre for Climate Change zentroko zuzendari zientifikoa eta Ikerbasqueko ikertzailea, eta Humberto Llavador, Pompeu Fabra Unibertsitateko Ekonomiako irakaslea eta Bartzelonako School of Economicseko ikertzailea aritu dira, zientziaren, ekonomiaren eta berrikuntzaren bat-egitetik klima-aldaketaren erronkari nola erantzun aztertzen
- Aurten, berritasun moduan, unibertsitateko ikasleen arteko debatea izan da Global Innovation Day topaketan: garapen jasangarriaren barnean plastikoa bideragarria den ala ez eztabaidatu dute zortzi ikaslek. EHUko Kimikako Fakultatearekin eta Eztabaida Taldearekin antolatutako ekitaldia izan da, EHUko Zientzia Asteari lotuta
- Esteka honetan daude eskura jardunaldiak utzitako irudiak: ikusi hemen argazkiak
DONOSTIA, 2025eko azaroaren 5a. Global Innovation Day topaketaren XIV. ekitaldia egin da gaur Donostiako Basque Culinary Centerreko GOe gunean, Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatuta, eta bertan bildu dira zientzia, teknologia, enpresa eta gizarte esparruetako hainbat eragile eta beste ehunka lagun streaming bidez. Zientziaren eraldaketatik benetako berrikuntza nola sortzen den eta berrikuntza horrek ekonomian eta herritarren ongizatean zer inpaktu duen erakustea izan da aurtengo topaketaren ardatza.
“Zientziatik Berrikuntzara” goiburutzat harturik, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitateak eta Ikerkuntza Saila, Gipuzkoako Foru Aldundia, Euskaltel Fundazioa, Iberdrola eta EHU izan dira lankide topaketan, eta ekitaldi honekin eman zaio hasiera Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren XXV. Asteari.
Ekitaldiaren irekieran erakundeetako ordezkari hauek hartu dute hitza: Olatz Yarzak, Donostiako Udaleko lehen alkateordeak eta Mugikortasun, Garraio Jasangarri eta Turismoko zinegotzi ordezkariak; Jon Gurrutxagak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena eta Proiektu Estrategikoak Saileko Berrikuntza zuzendariak, eta Imanol Regok, Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidenteak.
Donostia eta Gipuzkoa, bultzada bera berrikuntzarako eta lankidetzarako bidean
Olatz Yarzak, Donostiako Udaleko lehen alkateordeak eta Mugikortasun, Garraio Jasangarri eta Turismoko zinegotzi ordezkariak, ongietorria eman die bertaratuei Donostiako Udalaren izenean. Hala nabarmendu du Yarzak harrera horretan: “Global Innovation Day topaketak zer garen islatzen du, eta zer izaten jarraitu nahi dugun: egunero bere burua berrasmatzen duen hiria”.
Yarzak azpimarratu du, aurten, hirian ilusio handia sortzen duen testuinguru berezian egiten dela topaketa: “Donostia finalista izendatu dute Berrikuntzaren Europako Hiriburua 2025 titulua jasotzeko, eta aitortza horrek harrotasun handia sortzen digu, baita ardura handia ere, finalista izateak adierazten duelako Europak gure hirian jarri dituela begiak, eta eredutzat hartzen gaituela Europari erakusteko berrikuntzak pertsonen bizimodua eralda dezakeela eta gizartearen eta lurraldearen kohesioa indartu dezakeela”.
Bere esku-hartzean, berrikuntzaren arloan hirian berriki izan diren zenbait mugarri gogoratu ditu lehen alkateordeak; adibidez, IBM Quantum One sistemaren instalazioa. “Aurrerapen horrek konputazio kuantikoan Europako polo nagusien artean kokatu du gure hiria, eta jakintzaren ekosistema berriak bultzatuko ditu eta mundu osoko talentua erakarriko du”.
Yarzak jakinarazi du Donostia liderra dela puntako hainbat sektoretan, hala nola biozientzian, adimen artifizialean edo jakintzan intentsiboak diren enpresa-zerbitzuetan, baina nabarmendu du “hiriaren benetako indarra” beste bat dela: “egunerokoaren berrikuntza, auzoetako bizitza hobetzen eta ongizate partekatua sortzen duen hori”.
Jon Insausti alkate izendatu berria aipatu du, eta hauxe berretsi du: “Donostiaren etorkizuna hiria barnerantz, pertsonen alderantz eraldatuz eraikitzen da, eta, alde horretatik, berritzea ez da teknologia ezartzea soilik, baizik eta nola bizi garen, nola lan egiten dugun eta gure arteko bizikidetza nolakoa den birpentsatzea”.
Eta ikuspegi horren adibidetzat jarri du GOe, Gastronomy Open Ecosystem, Global Innovation Day topaketaren aurtengo edizioa hartu duen gunea. Donostiak berrikuntza irekia, lankidetzazkoa eta hirian inpaktu erreala izango duena bultzatzeko egin duen apustua sinbolizatzen duela nabarmendu du. “GOe guneak erakusten du gure berritzeko moduaren muina zein den: zientzia, enpresa, formakuntza eta sormena batzea, etorkizun partekatua eraikitzeko”.
Jon Gurrutxagak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena eta Proiektu Estrategikoak Saileko Berrikuntza zuzendariak, berriz, berrikuntza Gipuzkoarako zer den esanez hasi du bere esku-hartzea. Bere esanetan, “berrikuntza, Gipuzkoan, ez da hazkunde ekonomikorako erreminta soil bat, jarrera bat ere bada, munduari jakin-minez eta konpromisoz begiratzeko modu bat”.
Gurrutxagak nabarmendu du oso garrantzitsua dela berrikuntza teknologikoa ez ezik prozesuen berrikuntza ere bultzatzea, “horien bidez gure enpresek —eta batez ere gure ekonomiaren bihotz diren ETEek— lehiakor eta jasangarri izaten jarrai dezaten”.
Alde horretatik, gogoratu du “etorkizuna aurreikusteko modurik onena hura asmatzea” dela, “eta berrikuntza asmatzeko, ezinbestekoa da teknologia berriak ezartzea, prozesuak eraldatzea eta gune berriak zabaltzea ideiak berrikuntzarako aukera erreal bihur daitezen”.
Era berean, nabarmendu du eragileen arteko lankidetza dela lurraldeko ekosistema berritzailearen motorra: “Berrikuntzak ez du aurrera egiten bakardadean. Elkarlanerako sare bat behar du enpresen, unibertsitateen, formakuntza-zetroen, administrazio publikoen eta, batez ere, pertsonen artean. Lankidetzan jarduten dugunean, gaitasunak batzeaz gain, emaitzak biderkatu egiten ditugu”.
Azkenik, Global Innovation Day aprobetxatzeko deia egin die bertaratuei, “aukera paregabea baita besteei entzuteko, aliantzak sortzeko eta gure ETEak aukeraz betetako etorkizun baterantz bultzatuko dituen ekosistema bat sendotzeko”.
Euskadi berritzailea eta etorkizunerako prestatua
Bere hitzaldian, Imanol Regok, Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidenteak, azpimarratu du berrikuntza teknologiko jarraitua ezinbesteko motorra dela hazkunde ekonomiko jasangarrirako. “Euskadin horretan ari gara aspaldiko hamarkadetan. Eta horrek ekarri du gure lurraldea goi-mailako berrikuntzako erreferentzia gisa sendotzea Europan, I+G arloan urtetan egindako inbertsioari esker, eta enpresen, administrazioen eta ikerketa zentroen arteko lankidetza estuari esker”, adierazi du. Eredu horren emaitza, “2023an inbertsioa 2.000 milioi eurotik gorakoa izan da lehen aldiz –BPGd-aren %2,15 da hori Eustaten arabera, eta %2,35 EINen arabera–, eta zifra horrek argi erakusten du euskal ekosistemako eragile guztiek elkarrekin egin duten ahalegin jarraitua””.
Regok nabarmendu du hazkunde ekonomikorako motorra baino zerbait gehiago dela berrikuntza: “Funtsezko elementua da, adibidez, gizartean inpaktu ukigarria sortzeko hainbat esparrutan: trantsizio energetikoan, ekoizpen edo fabrikazio metodoen optimizazioan eta beharrizan sozialak bideratzeko soluzioen sorkuntzan”.
“Zientziatik Berrikuntzara”, ekitaldiaren gaiarekin bat etorriz, Regok azaldu du Europako berrikuntza-estrategian gertatzen ari den aldaketa garrantzitsua erakusten duela Global Innovation Day topaketak. 2024ko Letta eta Draghi txostenetan eta Europako Batzordeak Ikerketa eta berrikuntza finantzatzeko landu duen etorkizuneko Esparru Programan zehazten dira estrategia aldaketa horren ildo berriak. “Aldaketa hori bultzatu duten arrazoien artean Europaren erronka nagusia dago: zientzia bikaina berrikuntza erreal eta aplikatu bihurtzea, gai izango dena sektore teknologiko disruptibo berriak sortzeko, eta horien bidez, balio erantsi handiko enplegua ere sortzeko. Euskadin oinarri zientifiko, industrial eta estrategiko sendoak ditugu —besteak beste, Industria Euskadi 2030 eta IKUR 2030 planak ditugu indarrean, eta berriki aurkeztutako Berrikuntza Itsasargiak, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako berrikuntza-politikaren erreferente estrategikoak—, eta, horiei esker, aukera dugu Europako dinamika horrekin sendo bat egiteko, eta Europako berrikuntza-proiektuak gauzatzerakoan eragile garrantzitsu izateko. Eta, hain zuzen, Global Innovation Day topaketaren aurtengo edizioak ahalmen hori nabarmendu nahi du eta erakutsi nahi du Euskadi nola ari den berrikuntza eraldatzen eta inpaktua duen berrikuntza bihurtzen”.
Etorkizunera begira, azpimarratu du beharrezkoa dela transferentzia zientifiko-teknologikoa azeleratzea, burujabetza teknologikoko ekosistemak eraikitzea eta jakintza, industria eta segurtasun ekonomikoa bateratuko dituen berrikuntza estrategikoko eredu baterantz urratsak ematea. “Euskadiko berrikuntza agentzia garen aldetik, gure ardura argia da: lagundu egin behar dugu jakintza eraldatzen eta ahalmen industrial bihurtzen, talentua burujabetza teknologiko bilakatzen eta lankidetza Europan lehiakorragoak izateko abantaila bihurtzen”. Hitz horiekin amatu du Regok bere esku-hartzea.
Berrikuntzako bost kasu praktiko, Euskadin lankidetza publiko-pribatuak duen indarraren erakusle
Ondoren, Leire Bilbaok hartu du hitza, Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak, eta topaketaren izaera irekia eta soziala azpimarratu du: “Global Innovation Day jardunaldi honen bidez, herritar guztiei zabaldu nahi diegu kultura berritzailea eta zientifikoa. Izan ere, zenbat eta jakintza handiagoa izan, orduan eta libreago izango gara eta prestatuago egongo gara”.
Jakindari programarekin lotu du zuzendariak Innobasqueren helburu hori. Espazio publikoan zientziaren lekua indartzeko eta dibulgazio inklusiboa sustatzeko —euskaraz ere bai— Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako ekimena da Jakindari, eta Berrikuntzaren Euskal Agentziak berriki bat egin du horrekin, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarea (ZTBES) osatzen duten beste 60 entitaterekin batera. “Jakindariren helburu asko Globalen helburu berak dira: jakintza partekatzea, sormena estimulatzea eta batzuen esperientziak besteentzat inspirazio izateko aukerak jartzea”.
Urteko topaketa honen beste helburuetako bat, Bilbaoren hitzetan, “Euskadiren gihar berritzailea erakustea da, eta hain emaitza onak ematen ari den lankidetza publiko-pribatu hori agertzea”. Horren erakusle dira Global Innovation Dayn aurkezteko hautatu diren bost kasu praktikoak. “Jardunaldiaren muina dira kasu praktiko hauek, erakusten baitute berrikuntza zerbait ukigarria dela, prozesuak, produktuak eta zerbitzuak hobetzen dituena eta ongizate ekonomiko eta soziala sortzen duena”.
Innobasquek sustatutako “Zientziatik Berrikuntzara” deialdiaren barnean 59 proposamen jaso dira aurten, eta horien artean hautatu dira aurkeztutako proiektuak. Euskadi osoko enpresa, zientzia, teknologia, hezkuntza eta gizarte esparruetako eragileek bultzatutako ekimenak izan dira guztiak. Aurkeztutako proposamen horietatik guztietatik %60 inguru Innobasqueko entitate bazkideenak izan dira. Datu horrek argi erakusten du Agentziaren sareak eragin zuzena duela ikerkuntzaren eraldaketaren bidez egiazko inpaktua duten soluzio berritzaileak sortzeko zeregin horretan.
Global Innovation Day 2025eko kasu praktikoak hautatzeko, besteak beste, irizpide hauek hartu dira aintzat: lankidetza maila, sortutako eta transferitutako jakintza berriak zer-nolako inpaktua duen, heldutasun teknologikoa eta berrikuntzaren euskal ekosisteman duen garrantzia. Guztira, 65 entitate aritu dira lankidetzan kasu praktiko horiek gauzatzeko: unibertsitateak, teknologia eta ikerketa zentroak, enpresa handiak eta ertainak, ospitaleak, erakunde publikoak, GKEak, elkarte profesionalak eta aditu independenteak. Innobasqueko zuzendari nagusiaren iritziz, entitate horiek guztiek argi erakusten dute zein den berrikuntzako euskal ekosistemaren bereizgarri nagusietako bat: “Alde publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza, lehiakorragoak izateko egiazko abantaila, berrikuntzan aurrera egin ahal izateko. Erakunde, enpresa handi, ertain eta txiki, zientzia eta gizartearen arteko elkarlan horri esker, ahalmena dugu soluzio partekatuen bidez erronka global handiei aurre egiteko,eta pertsonen bizi kalitatean inpaktu erreala sortzeko”.
Euskadi eraldatzen ari den zientzia
Global Innovation Day topaketan aurkeztutako bost kasu praktikoek agerian utzi dute jakintza zientifikoak nola bultzatzen dituen soluzio praktikoak eta soluzio horiek zer onura duten garapen jasangarrian eta gizartearen ongizatean. Izan ere, aurkeztutako proiektuek hainbat sektoretan dute eragina: industria aurreratuan, osasunean, energian eta ingurumenean, bestean beste.
Ingurumenaren esparruan, “Gatzgabetze-plantetan nanoteknologia bidezko teknologia berritzailearen bitartez lortutako bikaintasun operatiboa” proiektua izan da ordezkari, EHUk Surphase spin-off-aren bidez (Gipuzkoa) bultzatutako ekimena. Iliane Rafaniellok, Surphase enpresako Chief Executive Officer karguak, azaldu du konpainiak nola aplikatu dituen nanoteknologia eta sentsorika aurreratua ura edangarri bihurtzeko plantetan eraginkortasuna eta jasangarritasuna hobetzeko. Teknologia horri esker, mintzak noiz ari diren zikintzen aurreikus daiteke eta, horrela, energia-kontsumoa gutxitu. Era horretara, modu arduratsuagoan kudeatzen dira baliabide hidrikoak.
Mugikortasunaren sektorean ere nabarmenak dira jakintza berrikuntza bihurtzeak sortzen dituen onurak; horrela egiaztatu du, adibidez, Gestamp enpresaren (Bizkaia) “Factory 21. Fabrikazio malguko kontzeptu berria” proiektuak. Aloña Auzmendik, Gestampeko Advanced Manufacturing zuzendariak, azaldu du beren proiektuak teknologia digitalak eta interaktiboak ezarri dituela autogintzako ekoizpen-prozesuak eraldatzeko eta eredu jasangarriago, autonomoago eta eraginkorragoetarantz jotzeko. Lankidetzazko robotikaren eta adimen artifizial aplikatuaren bidez, proiektu honek ondo erakusten du euskal industria nola ari den bidea egiten etorkizuneko fabrika kognitiboaren eredurantz.
Biomedikuntzaren esparruan, botika biologikoen garapenean espezializatutako Oncomatryx Biopharma enpresak (Bizkaia) “Berrikuntza hirukoitza minbizi metastasikoa garaitzeko” proiektua aurkeztu du. Zehazki, zehaztapen handiko farmako bat garatu du gaixotasun horren tratamendurako, jakintza biomediko aurreratuenean oinarrituta. Pedro Esnaolak, Oncomatryx-eko kontseilariak, azaldu du proiektuak biologia molekularra, biomarkatzaile bidezko diagnostikoa eta tumorearen mikrogiroan eragitera bideratutako terapia uztartzen dituela, eta itxaropena sortu duela pankreako, biriketako edo koloneko minbizi metastasikoei aurre egiteko.
Berrikuntzaren dimentsio soziala erakusten du Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publikoko Zuzendaritzak sustatutako “BIZI Programak” ere. Ingurune komunitarioetan suizidioaren prebentzioa du helburu programa horrek, eta horretarako jakintza zientifikoa eta teknologikoa uztartzen ditu. Andrea Gabilondok, Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sarearen zuzendari gerenteak, jakinarazi du ikastaro interaktibo, online eta doako horrek formakuntza ematen diela profesionalei eta herritarrei arriskuan dauden pertsonak detektatzeko eta haiei laguntzeko. Europako Batzordeak berak buru osasunaren arloko “Promising Practice” aitortza eman dio garapen berritzaile horri, gizartean duen inpaktuagatik eta nazioartera eramateko ahalmenagatik.
Azkenik, energiaren esparruan, “H2SITE” proiektua garatu du Tecnalia Ikerketa eta Garapen Ekologikoko Zentroak (Bizkaia), Eindhoveneko (Herbehereak) Unibertsitate Teknologikoarekin elkarlanean eta ENGIE erakundearen laguntzarekin (Bizkaia). Proiektu horrek erakusten du materialen zientziaren bidez nola garatu daitezkeen mintzezko erreaktore berritzaileak hidrogenoa ekoizteko eta garraiatzeko, eta, beraz, nola egin daitekeen trantsizioa karbono gutxiko ekonomia baterantz. Gorka Hermosok, H2SITEko finantza-zuzendariak, aurkeztu du eta zehaztu du zertan datzan proiektua, eta helburu nagusien eta emaitzen berri eman du.
Global Innovation Day solasaldia: zientzia, ekonomia eta jasangarritasuna
Global Innovation Day jardunaldian ohikoa den solasaldian, Maria Jose Sanz, BC3·– Basque Centre for Climate Change zentroko zuzendari zientifikoa, eta Humberto Llavador, Pompeu Fabra Unibertsitateko Ekonomiako irakaslea elkartu dira, gaur egungo erronka nagusietako bat aztergai hartuta: klima-aldaketa.
Bi adituek nabarmendu dute ekitatea, jasangarritasuna eta nazioarteko lankidetza uztartuko dituzten politikak behar direla, eta bestelako ikuspegi batetik aztertu dute klima aldaketa, haien ustez erronka globala ez ezik aukera ekonomiko, sozial eta teknologikoa ere bai baita. Orobat, solasaldian agerian geratu da hainbat esparru elkarri oso lotuta daudela, hala nola osasuna, ongizatea, elikadura-sistemaren, energia edota hirien planifikazioa.
Hizlariak etorri dira premisa honetan: zientzia, ekonomia eta berrikuntza uztartzea funtsezkoa da ongizatea eta aukerak sortuko dituen trantsizio jasangarria bultzatzeko.
Sanzen irudiko, “zientziak eraldaketarako sarbideak aurkitzen lagundu behar du, eta horietako bi izan daitezke ongizatea eta elikadura-sistema jasangarriak”. Llavadorrek, berriz, berrikuntza “beharrezkoa” dela nabarmendu du, “baina jasangarritasuna eta ekitatea izan behar ditu oinarrian; ez du mugatu behar berritze hutsera”.
Eta solasaldiaren mamian, bi adituak bat etorri dira mezu honetan: “klima-aldaketari aurre egitea negozio ona da planetarentzat eta pertsonentzat”, eta, alde horretatik, bien iritziz funtsezkoa da jakintza zientifikoa, berrikuntza eta nazioarteko lankidetza uztartzea soluzio eraginkorrak eta bidezkoak sortzeko.
Unibertsitateko ikasle eta gazte talentudunen arteko eztabaida
Global Innovation Day topaketako berritasunetako bat, aurten, unibertsitateko ikasleen arteko eztabaida izan da, EHUko Kimika Fakultatearekin eta Eztabaida Elkartearekin batera antolatutako ekitaldia.
Kimikako eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza fakultateetako eta Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako zortzi gaztek kontrako iritziak defendatu dituzte bi taldetan banatuta. Gaizka Ormaetxeak jarri die gaia, ekitaldiko moderatzaileak eta EHUko Eztabaida Elkarteko kideak, eta ikasleek sormenez, arrazoitzeko gaitasunez, konbentzitzeko eta beste taldeko ideiei kontra egiteko trebeziaz aurre egin diote erronkari.
“Plastikoak ba al du etorkizunik garapen jasangarrirako bidean?”, galdera abiapuntutzat harturik, bi taldeak eztabaidan aritu dira ekoizpen-eredu jasangarrietaranzko trantsizioan berrikuntzak duen garrantziari buruz.
Debate hori EHUren Zientzia Asteko ekitaldietako bat izan da. Kultura zientifikoa herritarrei hurbiltzea eta ikerketa zientifikoarekin eta berrikuntza teknologikoarekin loturiko jarduerei buruz herritarrak sentsibilizatzea da EHUren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Astearen xedea. Hogeita bosgarren ekitaldia da aurtengoa, eta hautatutako gaia, hauxe da: “Zientzia plastikorik gabeko planeta baterako”.
Juan Ignacio Perez Iglesiasek, consejero de Ciencia, Universidades e Innovación
Juan Ignacio Perez Iglesiasek, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza sailburuak, itxi du jardunaldia, eta azpimarratu du guztiz beharrezkoa dela «jakintza aurreratua sortzea helburu duten berrikuntza-politikak bultzatzen jarraitzea, horien bidez inpaktu ekonomiko eta soziala sortzeko epe labur eta ertainera”.
Halaber, nabarmendu du berrikuntza prozesu kolektibotzat ulertu behar dela, eta horretarako premiazkoa dela unibertsitate, ikerkuntza- eta teknologia-zentro, enpresa, administrazio publiko eta gizarte zibilaren arteko elkarlana. Orobat, Euskadik dituen hainbat indargune aipatu ditu: “Esaterako, punta-puntako ikerkuntza- eta teknologia-zentroak ditugu, baita hainbat alorretan liderrak diren enpresak ere, eta, beraz, une egokia da hau politikak jakintza mota horietarantz bideratzeko”.
Sailburuak azaldu du asmo horrekin sortu direla Berrikuntza Itsasargiak: “Hain zuzen, datozen urteetako berrikuntza-politiken orientabidea zehazteko jarri dugu martxan tresna hori”. Orobat, gaineratu du etorkizuneko 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren (ZTBP) “funtsezko oinarri” izango direla Itsasargi horiek; “izan ere, horretarako egituratu dira: gaur egungo hiru erronka nagusiei erantzuteko, trantsizio teknologiko-digitalari, energetiko-klimatikoari eta osasun eta soziodemografia arlokoari”.
Informazio gehiago
Olalla Alonso
Tel. 652 728 014 / [email protected]
Ana Larizgoitia
Tel. 656 788 328 / [email protected]




