- Lehen webinarra urtarrilaren 30ean izango da, 9:00etan. Gaia, hauxe: sentsorikaren eta errealitate birtualaren aplikazioa marketinaren arloko ikerketan. Guztira bederatzi saio izango dira online, hilabete bakoitzeko azken ostiraletan
- Berrikuntzaren Euskal Agentziak gizarte osora zabaldu ditu entitate bazkideen kasu praktikoen webinar hauek, helburu argi batekin: herritarrei erakustea jakintza zientifikoaren eta teknologikoaren eskutik nola sortzen diren soluzio berritzaileak eta soluzio horiek zer inpaktu ekonomiko eta sozial duten Euskadin
INNOBASQUE, 2026eko urtarrilaren 26a. Adimen Investigación enpresak zabalduko du Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, bultzatutako “Zientziatik Berrikuntzara” webinar zikloa, kasu praktiko honekin: sentsorika eta errealitate birtuala nola aplikatzen diren marketinaren arloko ikerketan.
Adimen enpresak Gasteizen du egoitza eta merkatuen ikerketak eta azterlan sozialak egiten ditu, hori du arlo espezializatua. Horrenbestez, datorren ostiralean, hilak 30, 09.00etan, Patxi Alija enpresako zuzendariak gaur egun marketinean dagoen erronka nagusietako bat jorratuko du: erosteko erabakietan eragiten duten emozioak ulertzea, kasurik gehienetan erosteko bultzada ez baita prozesu arrazional hutsen ondorio.
Hilabete bakoitzeko azken ostiralean egingo diren topaketetan aurrenekoa izango da online saio hori. Hauxe da webinarren helburua: gizarteari ikusaraztea jakintza zientifikoaren eta teknologikoaren eskutik nola sortzen diren soluzio berritzaileak eta soluzio horiek zer inpaktu ekonomiko eta sozial duten Euskadin. Gizarte osoari zabaldu dizkio Innobasquek webinar hauek, orain arte entitate bazkideentzat soilik baitziren. Hauek dira helburu behinenak: jada ezarrita dauden esperientzia errealak herritarrei erakustea, protagonistekin elkartruke zuzena erraztea eta euskal berrikuntza sistemaren barnean jakintzaren transferentzia indartzea.
Urtean zehar bederatzi topaketa digital egingo dira. Saio horietan, Innobasqueko entitate bazkideek emaitza onak lortu dituzten zenbait berrikuntza-proiekturen berri emango dute, eta zientziatik berrikuntzarako bidea nola egin duten azalduko dute, modu praktikoan eta beste entitate batzuetara transferentzia egiteko moduan.
Ekimen honetako esperientzia guztiak Berrikuntzaren Euskal Agentziako Kasu Praktikoen Bankuan jasota daude. Gordailu horrek 250 esperientzia baino gehiago biltzen ditu, eta inspirazio-iturria eta orientabidea ematen die enpresei, teknologia-zentroei eta berrikuntza-prozesuei aurre egiten dieten beste entitate batzuei.
Hautatutako proiektuak Global Innovation Day jardunaldiko azken deialditik datoz. Euskal berrikuntzaren urteko hitzordu nagusia da Innobasquek antolatutako topaketa hori, eta 2025eko edizioan, jakintza zientifiko-teknologikoa soluzio aplikatu bihurtu duten esperientzia helduak izan dira ardatz, ekonomian, gizartean, ingurumenean eta erakundeetan inpaktua izan duten ekimenak, eraldaketa hori modu arrakastatsuan nola egin den erakusteko.




